Orain ehun urte baino gehiago, 1910ean, Jean Etxepare mediku gaztea ausartu zen esatera Eliza zela errudun euskara kamuts eta indarge zegoelako, emakumeak argiagoak direla gizonak baino, maitasuna ez dela bakarrik genero desberdinekoen arteko kontua, masturbazioa zela grinak apaltzeko beste modu bat, etab, etab. Elizak ez zion barkatu, eta haren Buruxkak ilunpetan egon zen hirurogeita hamar urtez, berriro osorik plazaratu arte.
Kepa Altonagak Erlea aldizkariaren 3. alean argitaratutako artikulu interesgarri batean izan nuen horren berri lehenengoz: Buruxkak: ehun urte bakardadean. Eta horrek eraman ninduen Buruxkak hartu eta Amodioa izeneko artikulua irakurtzera. Bertan Etxeparek kontatzen du zelan lagun talde bat elkartu zen Biarritzen bazkaltzera. Bapo jan eta edan ondoren, bazkaltiarrak hasi ziren hitz egiten amodio, sexu eta hizkuntzari buruz, besteak beste. Hona hemen hainbat pasarte esanguratsu, garai hartarako probokazio barkaezina Ipar Euskal Herri atzerakoian. Esaldi bakoitzaren ondoan bere baliokidea jarri dugu euskara batuan, Eneko Bidegain lagun eta lankideak moldatuta:
- Euskara eta eliza. Eskuara hoin uzkur balin bada eta kilika, apezek dute hortaratua. Ez noa aski barna: hortaratua dute Galileako zurgin seme pedoilaren irakaspenek. [Euskara hain uzkur eta kilika baldin bada, apaizek horretaratu dutelako da. Are gehiago: horretaratua dute, Galileako zurgin zorritsuaren irakaspenek]. (104. or.)
- Emakumeak eta gizonak. Egiaren den bezala erraiteko, ez dira bizkitartean arrunt adimenduz berdintzen. Hurriagoa da, gizonarena; amazteak, agertu gabe bidatzen du maiz lanetako goiti-behitian, sal-erospenetan, auzoekilako urrats minberetan, argitzen, xuxentzen, hezten lagun oiesa. Izpirituaren orozbat xorrotx eta malguak badauko, emazteari, gorputzeko ahularen ordaina. [Egia den bezala errateko, ez dira, bizkitartean, adimenez guztiz berdintzen. Urriagoa da gizonarena; emazteak agertu gabe gidatzen du maiz, lanetako gora-beheretan, sal-erosketetan, auzoekiko urrats minberetan, argitzen, zuzentzen, hezten du lagun baldarra. Izpiritu bereziki zorrotz eta malguan dauka, emazteak, gorputz ahularen ordaina]. (106. or.)
- Maitasun motak. Hainbertze gizon mota, hainbertze amodio mota, horra egia. [Zenbat gizon mota, hainbat maitasun mota: horra egia]. (109. or.)
- Sexu joerak. Jakin zazue beraz ene ganik, lañoki, gizonaren irritsik beroena, gurarik biziena, ez dela baitezpada emaztea; ez eta emaztearena, gizona. Bertzerik mana dezoke bere jiteak. [Jakin ezazue beraz, niregandik, eztiki, gizonaren irrika beroena, gogorik biziena, ez dela ezinbestean emaztea; ez eta emaztearena, gizona. Besterik agindu diezaioke bere senak]. (110. or.)
- Masturbazioa. Bada, ez duzue nik erraitearen beharrik jakiteko badirela gizon ala emazte, berek bakartasunean asetzen dutenak. Badira miliunka. Harri, landare, tresna, esku joko, ez da kitzikagailurik gozatzeko on etzeienik. [Bada, ez duzue nik erratearen beharrik jakiteko badirela gizon ala emazte, berek bakartasunean asetzen dutenak. Milioika badira. Harri, landare, tresna, esku joko, ez da gozatzeko on ez zaien kitzikagailurik (zirikagailurik)]. (111. or.)
- Zoofilia. Zer erranen dautzuet jendearen kabalekilakoaz? Badakizue emaztearen ixuria zakurraren alderat. Nihau, behin ikusirik nago, bortuan, biarnes bat lau zangotako astaña bati lotua, geroztik hunat ez baita deus baldi nezakenik. [Zer erranen dizuet jendearen eta abereen artekoaz? Badakizue emazteak duen joera zakurrarengan. Neu, behin ikusirik nago, mendian, biarnes bat lau zangotako astama bati lotua, geroztik ez baita txundi nazakeen ezer]. (111. or.)
Esaldi horiek sekulako eskandalua eragin zuten Euskal Herriko elizgizonen artean, askoz handiagoa Grezia eta Erromaren garaian bi mila urte lehenago idazle klasikoen gordinkeriek eragin zituztenak baino. Haien eraginez, Etxeparek jaso behar izan zituen Buruxkak liburuaren ale guztiak, eta etxean gorde. Urte luzez ez zuen berriro argirik ikusi. Eta ikusi zuenean, bigarren argitalpen batean, zentsuratuta irten zen. Altonagak dioenez, 1980. urtera arte itxaron behar izan da zentsurarik gabeko Buruxkak berriro argitaratzeko, hau da, lehen porrotetik hirurogeita hamar urte geroago.
Gaian geiago sakontzeko, Kepak guztiz gomendagarria den liburu bat idatzi zuen: Etxepare Aldudeko medikua (2006, Euskaltzaindia-EHU).
Liburua ia triller psikologiko bat da non Etxepare medikuak Larzabalen jarraipen ideologikoaren biktima bezala ageri da, oraindik itzali ez den eboluzionismoaren kontrako gurutzadan. Are gehiago Larzabal apaiza Etxepareren adiskide/arerio ideologikoaren harreman paranoikoak pelikula baten gidoi bezala har daiteke, Iparraldeko gainbeheraren lekuko bezala (urte haietan biztanleria zati handi bat galdu zuen garaia zen). Krisi ekonomiko eta demografiko horretan euskal idazle laiko bakartiak Elizaren boterearen hatsaparretan.