Teknologia albisteak

Mugikortasunari buruzko Jardunaldia: Donostiako autobus geltoki berria. Kronika

Erabiltzailearen aurpegia
Riberas de libro de texto
2012-05-08 : 14:05

Joan den apirilaren 27an "Mugikortasunari buruzko Jardunaldia: Donostiako autobus geltoki berria" hitzaldia eta mahai ingurua antolatu zituen Riberas de libro de texto kolektiboak. Ekitaldiak mugikortasuna izan zuen hizpide, bai ikuspuntu orokor batetik, bai eta ikuspuntu lokalago batetik ere, Donostiako autobus geltoki berriaren eztabaidaren haritik. Eztabaida sortzea zen, funtsean, antolatzaileon helburua, jabetuz gainera geltoki intermodalen gaia euskal hiribuetan zeresana ematen ari den afera dela.

Francesc Robusté izan zen hitza hartzen lehena. Robusté Garraio Katedraduna da, eta Bartzelonako CENIT (Centre d’Innovació del Transport) zentruko zuzendaria. Ideia nagusia plazaratu zuen bere hitzaldian : garraio sareen diseinua modu arrazionalean ebatzi beharreko problema dela. Geltoki baten kokalekua, linea berri baten ibilbidea eta abar hainbat faktore optimizatzetik lortuko ditugula, alegia.

Trade-off kontzeptua behin eta berriz aipatu zuen. Trade-off egoera bat da, non abantaila batzuri uko egin behar diegun abantaila garrantzitsuagoak bermatzeko. Autobus geltoki nagusi baten kokalekuarekin azaldu zuen kontzeptu hau: geltokia hiri erdi-erdian jarriz gero, zentralitatea irabazi daiteke akaso; baina autobusak hirigune guztia zeharkatu beharko du horrek dakartzan arazoekin (trafikoa, denbora-galtzea). Guztiz kontrako egoeran, geltokia hiritik at kokatuz gero, autobusek ez dute trafiko arazo eta denbora-galtzerik pairatuko, baina hiritarrentzat luzeegi jo lezake geltokiraino iristeak.

Robusték erdibideko irtenbidea hobetsi zuen, eta esan beharrik ere ez dago, Riberas de libro de textoko taldekidoek gure tesia berresten zuela ulertu genuen.

Sentsazio bera sentitu genuen grabitate zentruaren kontzeptua mahai gainean jarri zuenean. Hau azaltzeko hiri baten grabitate zentrua eta erdigunea alderatu zituen. Erdigunea, jatorri historikoa duen kontzeptua izanik (normalean XIX. mendeko zabalguneei egiten baitie erreferentzia), ez dator beti bat XXI. mendeko hirien zentraltasun geografikoarekin. Alfonso Vazquez Donostiako Udaleko Herri Lan eta Proiektu saileko zuzendariak argi utzi zuen gero zentralitate puntu hori hegoalderantz ari dela mugitzen Donostiaren kasuan, eta askoz gertuago dagoela Loiolako Erriberetatik Atotxatik baino.

Ikuspuntu teknikoa aldarrikatu zuen Robusték hitzaldi osoan zehar. Izan ere, garraio kolektiboa hirigintza egiteko tresna da, bizi-kalitatearen laguntzaile, harrotasun teknologikoaren erakusle... baina beste ezeren aurretik Garraio Kolektiboa hitzek eurek esaten dutena da, Garraioa, eta berezko dituen tresna analitikoekin aztertu beharko litzateke.

Mahai ingurua

Robustéren hitzaldiaren ostean mahai inguruan parte hartu zuten hainbat adituk. Mikel Iriondo hirigileak Donostiako autobus geltokiaren azken 20 urteotako kronologia egin zuen, geltokia jartzeko kontuan hartu diren kokapenak banan bana zerrendatuz. Erriberen alde egin zuen berak ere, azpimarratuz ez dela kokapen berria, duela 10 urte Donostiako Udaleko talde guztiek hobesten zuten tokia baitzen.

Alfonso Vazquez eta Imanol Iturria udaleko teknikariek Loiolako Erriberetako proiektua zehatz mehatz azaldu zuten gero. Antolatzaileok saiatu ginen perfil teknikodun norbaitek Atotxako hautua ere defenda edo azal zezan behinik behin, baina ez genuen lortu. Ezinezkoa izan zen halakorik topatzea.

Amaitzeko, Gipuzkoako Burdinbidearen Lagunen Elkarteko zuzendariak, Adolfo Lumbrerasek, Donostiako mugikortasun akatsen inguruko hitzaldi labur eta atsegina eskaini zigun, tranbiaren desagerpenetik hasi eta behin-behinekoa behar zuen egungo autobus geltokira iritsi arte.

Riberas de libro de textoko taldekideok zera espero dugu soilik: maiatzaren 31an udalbatzak hartuko duen erabakia ez dadila izan Lumbrerasen zerrendako enegarren akatsa.

Izan ere, erantzun zuzena begi-bistakoa da: Riberas.

Erantzun

Sartu