Aurreko egunetan ikusi eta kritikatu barik utzitako pelikula bi komentatuko ditugu: This is not a film Jafar Panahi irandarrarena, eta Monsieur Lazhar Philippe Falardeau quebectarrarena. Bien artean lotura bat asmatzea gaitza litzatekeenez, banan-banan aipatuko ditut.
Jafar Panahi Irango zinemako izen handietako bat dugu: The White Balloon eta The Circle lekuko. Gobernuaren kontrako bere jarrera dela-eta, epaitegiek debekatu egin diote film gehiago egitea, eta etxean bete beharreko kartzela-zigorra ezarri. Egoera horretan, bere lagun Mojtaba Mirtahmasb dokumentalistari deitu zion, eta bien artean pelikula ez den pelikula bat egin dute: "This is not a film", herrialdetik ezkutuan atera eta zinema-jaialdietan erakusten ari direna.
Tituluak berehala Magritte gogorarazten du, eta honek ere badu halako joko intelektualetik, baina batez ere ezintasun baten salaketa da. Gizona ikusten dugu etxe barruan, telebista aurrean, mugikorrarekin grabatzen edo hizketan, edo ordenagailuan zer edo zer idazten... Filma da eta aldi berean ez da. Jose Maria de Orberen "Aita" edo Jaime Rosalesen "Tiro bat buruan" bezalako esperimentuak datozkigu gogora, baina hauen abangoardismoak lekuz kanpo bezala geratzen dira irandarraren egoera dramatikoaren aurrean.
Guztiz bestelakoa da "Monsieur Lazhar", giza eskubideen zinemaldi honetan ikusi dugun pelikula onenetakoa; abiapuntua guztiz gogorra da: eskola batean, maistra bat urkatu egiten da bere gelan, eta ikasle batek, Simonek, deskubrituko du gorpu zintzilikatua. Aljeriar errefuxiatu adineko bat azalduko da ordezko gisa, Bachir Lazhar. Eskola-molde angigualekoak darabiltza, baina badaki ikasleak bideratzen; aldi berean, baina, sekretu mingarri bat du, sorterria utzarazi ziona.
Hainbat gai txirikordatzen dira filmean zehar: erruduntasuna, eskola barruko harremanak, dolua, emigrazio eta aterpe politikoarri buruzkoak Hala ere, bere balio nagusietakoa da 11-12 urteko neska-mutilak zein ongi dauden, natural, sinesgarri eta, batzuen kasuan, interpretazio ñabarduraz betea eginez. Pantaila komertzialetara iristen bada (eta baietz uste dut), gomendatzeko modukoa.
Monsieur Lazhar Maiatzak 18an iritsiko da pantaila komertzialetara.