Gaur estreinatzen da Ziztadak/Tábanos dokumentala, Euskal Herrian izandako eta oraindik diren desobedientzia zibil edo ezbiolentzia aktibozko esperientziak kontatzen dizkiguna, protagonisten euren ahoz.
Sabino Ormazabal atxilotu zutenean 18/98 sumarioaren barruan, Hasier Etxeberriak uste dut esan zuela, arrazoi osoz, euskal Gandhi eraman zutela, terrorista zelakoan. Izan ere, Ormazabal beti izan da borroka baketsuaren aldeko pentsalari, mugiarazle eta ekintzailea, baina kontzeptua bere osoan hartuta: baketsua eta borroka.
Orain dela urte batzuk Indarkeriarik gabeko 500 ekintza liburua idatzi zuen Ormazabalek, borroka-mota honek gure artean izan duen tradizioa jasoz eta goratuz; bide beretik, liburuko osagaietako batzuk ikus-entzunezko dokumental baterako ematen zutela-eta, halako proiektuetan ibiltzen zen talde katalan batengana jo zuten Sabinok eta bere lagunek, eta proiektu hau martxan jarri.
Oriol Andres, Carlos Castro eta Gemma Garcia hirukotea arduratu da pelikulaz. Izenburuak, Martin Luther King-en esaldi bati egiten dio erreferentzia, hark esan baitzuen ekintzaile ez-bortitzek ezparen modukoak izan behar zutela, beren ziztadekin gizartearen gorputza mugiaraziko zutenak. Euskaraz ezpara bortitzegia zelakoan hobetsi zuten Ziztadak, Berriak dirua biltzeko bere kanpainari izen bera jarriko ziola jakin baino lehen.
Filmean hainbat historia eta protagonista ageri zaizkigu: frankismopeko lehen ikastola ilegalak, derrigorrezko soldadutzaren kontrako aurreneko kontzientzi eragozleak, Lemoizen eta zentral nuklearren kontrako mugimendua, insumisioa eta antimilitarismoa, Iparraldeko Demoak eta Laborantza Ganbera, Itoizko solidarioak, Giraldillen ekintza...
Egitura ez da borroka sektorialak bata bestearen atzetik aurkeztea, zenbait gairen inguruan jardutea baizik, batzuetan arlo bat ageri dela, hurrengoan beste batzuk; adibidez, legaltasunaren eta legitimotasunaren arteko auzia, helburuak eta bitartekoak, eta abar.
Ordubete eskaseko filma da; ez formatuz ez edukiz, ez dirudi zinema komertzialetan emateko moduko produktua, baina bai telebistan, eta baita herri mugimenduetan ere, eztabaida pizteko eta gizartea bera astintzeko tresna egokia baita, King-ek zioen bezala.
berriz ere akatsa (azkarregi idatzi eta birpasatzeko astirik hartu gabe ari naizen seinale): azken esaldian "bait" dio "baita" esan behar lukeen lekuan.