Teknologia albisteak
1

Angustiatik nostalgiara

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2012-03-15 : 09:03

Oso lan interesgarri bi ekarri zizkigun atzo dFeriak, ezberdinak guztiz: batetik, "Jose K. torturado", Javier Ortizen testuarekin Pedro Casablanc-ek egindako bakarrizketa indartsua, eta bestetik Anton Txekhov-en "Osaba Vania" klasikoaren muntaia ederra.

Javier Ortiz kazetari donostiarra gaztelaniazko zutabegile bikaina izan zen eta pentsamendu kritikoaren zabaltzaile abila. Dohain horiek zirela-eta, torturaren salaketazko antzerki-testu bat idazteko eskatu zioten, eta horren emaitza da "José K. torturado", Ortizen azken liburua izan zena eta berriki estreinatu dena antzokietan, Carles Alfarok zuzenduta eta Pedro Casablancek antzeztua.

Militante iraultzaile armatu bat da Jose K., "terrorista" bat. Bonba bat jarri du, eztanda egiteko prest dagoena, poliziak atxilotu du, eta lehergailua non dagoen esanarazi nahiko diote (Joxe Azurmendik ere argumentu hori erabili izan du bere gogoetetan, ez dakit batak besteari hartuko zion, axola handirik ere ez). Tortura da bakarrizketa honetan gailentzen diren gaietako bat, baina ez bakarra: gizarte kapitalistari aurre egin beharra, militantearen sakrifizioa eta bakardadea, helburuen eta helbideen arteko talka, polizia zanpatzailearen kaxkarkeria morala...

Casablanc biluzik dago uneoro, kristalezko kutxa txiki batean eserita ikusleei bizkarra emanda eta eskuak atzean lotuta, bere aurpegia pantaila erraldoi batean ikusten dugun bitartean. Indartsua da eszenografia eta are gehiago aktorearen lana. Testua, berriz, kalitatezkoa izan arren, neure iritziz diskurtso bat da, dramaturgiarako temporik eta baliabiderik gabea. Baina gai lazgarri hori kaleratzeak duen merituaz gainera, obrak ere merezi du, dudarik gabe.


Eslaviarren malenkonia eta zorakeriaren artean

Anton Txekhov, aurkezpenik behar ez duten horietakoa da: ipuingintza modernoaren aita, eta antzerki mota baten maisua: naturalista eta psikologizista, baina esandakoekin bezainbeste esan gabekoekin harilkatua, girotze guztiz sinesgarri eta ñabarduraz beteak dituena, pertsonaien barreneraino iritsi garela pentsarazten diguna. Halakoxea da "Osaba Vania", egilearen obra nagusietakoa, XIX. mendearen amaieran idatzia izan arren fresko eta bizi dirauena, talentuz eta sentiberatasunez jokatuz gero.

Gustuz egindako moldaketa eskaini digu L'Om-Imprebís konpainiak, Santiago Sánchez-en zuzendaritzapean. Zortzi aktore taula gainean, lau gizon eta lau emakume, beste horrenbeste pertsonaia antzezten. Zortziak dira neurri batean zoritxarrekoak, eta batzuk besteen zoritxarren eragile diren arren, ez dago errudunik: diren bezalaxe aurkezten dizkigu obrak, juzgatu gabe.

Bizitzaren erdia igarota, aprobetxatu gabe alferrik galtzen utzi dutela sentitzen dute, baina ez dakite nola egin beren norabidea zuzentzeko. Errusiarren bereizgarri omen diren malenkoniaren eta bat-bateko zoraldien artean mugitzen dira, azkenean gauzak zeuden bezalatsu uzteko. Delikadeziazko perla bat.

Erantzunak

etiam
2012-03-15 : 11:19

Aspaldiko partez, azken hiru egunotan antzerkia ikustera noa 5 minutuz bada ere zure kronikei esker. Milesker Xabier, lan bikaina!!

Erantzun

Sartu