Teknologia albisteak
19

Eusko Jaurlaritzak gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa aurkeztu du

Erabiltzailearen aurpegia
HPS - Munduoro
2012-02-29 : 11:02

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak gaztelaniatik euskarara itzultzen duen tresna aurkeztu zuen atzo Bilboko Alhondigan. Herritar guztien eskura dago jada tresna www.itzultzailea.euskadi.net helbidean. Testu labur orokorrak itzultzeko tresna lagungarria izango da eta, horrez gain, webguneak ere itzultzen ditu eta bertan nabigatu ahala itzuli egiten du. Dokumentu luzeagoak ere itzuliko ditu, baina funtzionaltasun hori Eusko Jaurlaritzako intranetean bakarrik erabiliko da.

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak gaztelaniatik euskarara itzultzen duen tresna aurkeztu zuen atzo Bilboko Alhondigan. Blanca Urgell Kultura sailburuak, Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Juan Alberto Alonso Lucy Software Ibérica itzultzaile automatikoaren garapenaz arduratu den Bartzelonako enpresaren zuzendariak itzultzailearen berri eman zuten prentsaurrekoan. Iluntzean, berriz, Patxi López lehendakariak parte hartu zuen, besteak beste, gizartearen aurrean egin zen itzultzaile automatikoaren aurkezpen-ekitaldian.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aurkeztu zuen itzultzaile automatikoa urteetan egindako lan luzearen emaitza da, baina azkenean proiektua gauzatu ahal izan da. 2011. urtea hain zuzen, urte erabakigarria suertatu da proiektua gauzatzeko garaian; izan ere, 2011n bultzada handia eman zitzaion itzulpen automatikoaren arloari. Blanca Urgell Kultura sailburuak prentsaurrekoan aditzera eman zuenez, "Eusko Jaurlaritzak itzulpen automatikoa eremu estrategikotzat jo zuen iaz eta, hori dela eta, 1.600.000 euro inguru (1.576.575,92 zehatz-mehatz) inbertitu zuen lan garrantzitsu batzuk abian jartzeko, bi itzulpen-noranzko berri gehitzeko oraingo sistemari: euskara-gaztelania eta ingelesa-euskara, eta baita Itzulpen-memorien Banku Publikoa ere. Gaur aurkeztu den itzultzaileautomatikoan 2008an proiektua abian jarri zenetik orain arte 553.432 euro inbertitu dira (2008an 395.000 euro eta 2011n 158.432 euro)"

Gaztelaniatik euskarara itzultzen duen tresna da atzo aurkeztutakoa, eta herritar guztien eskura dago jada www.itzultzailea.euskadi.net helbidean. Testu labur orokorrak itzultzeko tresna lagungarria izango da eta, horrez gain, webguneak ere itzultzen ditu eta bertan nabigatu ahala itzuli egiten du. Dokumentu luzeagoak ere itzuliko ditu, baina funtzionaltasun hori Eusko Jaurlaritzako intranetean bakarrik erabiliko da.

Horren arrazoia da, Jaurlaritzan egiten diren itzulpenak egiteko erabiliko dela, baina modu kontrolatuan, hau da, beti zuzenduko dira makinak egindako itzulpenak eta, zuzenketa horiei esker, sistema zuzendu eta hobetuko da. Tresna gero eta gehiago erabiliz gero, itzulpenaren kalitatea hobetzen joango da. Esan bezala, ordea, sistema hobetzeko modu kontrolatuan erabili behar da. Horrek, epe labur-ertainera Interneten jarri den itzulpen-muga (1.024 karaktere) handitzea ekarriko du. Horrekin eta sistemak onartzen dituen itzulpen-memoriekin, laster, sistema asko hobetzea espero da.

Lucy Software enpresa alemaniarraren Bartzelonako filialak egin du tresna hau. Eusko Jaurlaritzak, enpresa horri esleitu zion, lehiaketa publikoaren bidez, itzultzailea garatzeko kontratua. Lanak aurrera eramateko Euskadiko hiru enpresarekin kontatu zuen: UZEIrekin, hizkuntza-baliabideak prestatzeko (datu-base lexikala) eta sistema probatzeko eta zuzentzeko; Emergiatech-ekin sistemaren gramatika konputazionalak diseinatzeko eta inplementatzeko, eta Gizerbitek-ekin, itzultzailea Eusko Jaurlaritzako sistema informatikoan txertatzeko egin beharreko lanak burutzeko. Itzulpen automatikoko sistema hau ordenagailu programa bat da, esan bezala, testuak gaztelaniatik euskarara itzultzen laguntzen duena. Itzulpen automatikoko beste edozein sistema bezala, laguntza-tresna da eta ezin du inolaz ere giza itzultzailea ordezkatu.

Askotan, euskarazko itzulpena zuzena izango da, edo ia zuzena, estilo kontuak alde batera utzita; beste batzuetan, ostera, euskarara egindako itzulpena zati batean bakarrik izango da zuzena. Hori ezinbestean da horrela, itzulpen automatikoaren arloan teknologiaren egoera ikusita. Kontuan izan behar da itzulpen automatikoko programa batek ez duela ulertzen itzultzen ari dena (gizakiak egiten duen moduan) eta egiten duena esaldien itzulpen mekanikoa dela.

Laguntza-tresna bat izaki, horrela erabili behar da. Beraz, behar-beharrezkoa da honako hau aintzat hartzea: itzultzaile automatikoak euskarara emandako itzulpena erabili nahi bada aurkeztu edo argitaratu nahi den dokumentu edo testuren batean sartzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik itzulpen hori giza itzultzaile batek aztertzea eta zuzentzea. Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordearen aburuz, "ahalik eta euskarazko itzulpen zuzenena lortzeko oso garrantzitsua da gaztelaniazko testua ondo idatzita egotea: akats ortografikorik gabe, azentuak zuzen ezarrita eta puntuazio markak egoki erabilita; gainera, sintaxia zuzena eta ez oso konplexua izan behar da. Bestalde, erabiltzaileak erakutsi aukerak laukitxoa marka dezake, sistemak zenbait hitz itzultzeko dituen aukerak ikusteko".

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aurrerantzean lanean jarraituko du gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa hobetzen. "Baina, aldi berean, esan behar da une honetan euskara-gaztelania eta ingelesa-euskara itzulpen-noranzkoetan lan egiten ari dela eta, hortaz, 2013ko udarako prest egotea aurreikusten dela. Lan-ildo hau abian da, beraz, eta etengabe landu eta hobetu beharko da. Finean, helburua da itzulpen automatikoaren sistema integral on bat izatea, eta hori gertatuko da Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza orain ere lantzen ari den Itzulpen-memorien Banku Publikoarekin lotura egiten denean" azpimarratu zuen Lurdes Auzmendi sailburuordeak.

Erantzunak

Joseba Abaitua
2012-02-29 : 11:28

Nire aburuak itzultzaile honetaz:


  1. Rocker zaharra da, beteranoa, urte asko darama garapenean. METAL da
    bere izen historikoa.

  2. Mota konkretukoa: arauetan oinarritutako transfer sistema

  3. Arauak arau gramatikalak dira, eta sistemak esaldien egiturak
    egiten badaki. Patxi Goenagak ("Gramatika bideetan" Erein, 1978) erakutsi zuen
    moduan.

  4. Es-eu egiteko gaztelaniaren gramatika aprobetxatu genuen, beste
    hizkuntz-bikoteentzako eginik zegoena (orain ari dira eu-es egiten eta
    euskarzko gramatika sortzen)

  5. Goenagaren gramatika sortzailearen ereduan perpausen analisietan
    egiten den moduan, perpausa da aztertze unitatea. Hots,
    esaldia/perpausa sistemak ez badu ondo analizatzen sistemak ahal duena
    itzultzen du.

  6. Hau da arauak erabiltzen dituzten sistemek daukaten mugarik
    inportanteena (OpenTrad/Matxin-ek problema berau du)

  7. Bigarren eredua, arauen ordez, aldez aurretiko segmentoak
    berrerabiltzen ditu (n-gram-en bitartez). Corpus elebidun handiak
    behar dituzte automatikoki hitz-konbinaketak ikasteko. Horrelakoak
    dira Googlek garatu dituena.

  8. Corpus handi handiak behar dira sistema hauek sortzeko, horregatik
    oso inportantea da Itzulpenen Bankua proiektua

  9. Dena den, n-grama ereduetan oinarritzen diren sistemek, esaldi
    barruko egiturak oso desberdinak direnean, hitzen-ordena alegia,
    problemak izaten dituzte ere bai.

  10. Gaur egun mundu osoan puntan daudenak dira sistema hibridoak

  11. Euskadin IXAkoak dira honetan errege (eta mundua mailan ere
    ezagunak eta apreziatuak)

Nik aspaldi eta maiz idazten nuen honetaz...


Karlos del Olmo
2012-02-29 : 13:01

Hainbeste urte eta diru eman eta gero... hau! Kontua da lanean hasi aurretik ere arduradunek bazekitela emaitzak ez zirela oso onak izango.

Luistxo Fernandez
2012-02-29 : 13:43

Lehen begiratu batean ez dut hain tresna okerra ikusten. Zu, Karlos, itultzaile hobea zara, dena den, ez dizut ukatuko.


Joseba Abaituarekin eguin nuen topo aurkezpenean, eta esan nion bere metodoa aplikatuko nuela: Itzulpen automatikoaren iragarpen testua pasatu makinatik. Tira, hori edo horrelako zerbait da. Eta hartu dut Irekian azaldu den oharraren hasiera. Hau da emaitza:



Eusko Jaurlaritzak aurkeztu du gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa, "gehiago euskara kokatzeko munduko pauso bat", Lehendakariaren arabera


Gaur aurkeztu dena da euskararako gaztelaniatik itzultzen duen eta jada esanera hurrengo helbideko hiritarretako aurkitzen duen erreminta: www.itzultzailea.euskadi.net. Laguntza-erreminta bat ez espezializatutako testuak itzultzeko da; web-orriak itzultzen ditu, halaber, eta, hartan nabigatzen ari den bezala, itzultzen ari da. Laguntza-erreminta bat soilik da eta halako bezala erabili behar da. Beraz, funtsezkoa da nahi bada hura dokumenturen batean edo aurkeztu behar den testuan sartzea edo argitaratzea itzultzaile automatikoak emandako euskararen itzulpena erabiltzea, ezinbestekoa dela kontuan izan giza zuzentzaileak ikuska dezala eta itzulpen hau zuzen dezan aurrez.

Horrez gain, izan nuen aukera hitz egiteko honen atzean dagoen teknologo nagusiarekin, Juan Alberto Alonsorekin, eta tipo fina iruditu zitzaidan.


Bere tresnaz argibide batzuk eman zizkidan, nola oinarria, Abaituak aipatu duen bezala, METAL daukan, eta ez dela software librea. Hori tamala da. C++ eta Javan idatzia ei dago eta Windows zerbitzarien gainean funtzionatzen du.


Uste dut euskararen teknifikazio beharrezkoa aurrerapausu bat badela hau. Ez idealena, demagun, baina bai probesteko modukoa.


Sustatun
2012-02-29 : 13:55

Itzultzaile erabiltzeko orduan, aukerak laukitxoa aktibatuz gero ikus dezakegu batzuetan zenbait aukeren artean makinak bere kasa diskriminatzen duela, baina sakonean, beste adieren berri badakiela.


Esate baterako, irudi honetan erakusten duguna, gaztelerazko hitz polisemiko batekin, castellano hain zuzen ere:



Argazkiak.org | Lucy es>eu © cc-by-sa: sustatu


Bestalde, Google Translate eta Lucy es>eu konparatu dituzte Zuzeun, eta Jaurlaritzak aurkeztutakoa hobea dela ematen du.


Amaia Zinkunegi
2012-02-29 : 15:00

Ez dakit ba, ez dakit ba,... Proba egin dut herriko futbol taldearen web guneko aurkezpenarekin. Ikusi emaitza:



En la temporada 39/40, participan en torneos como el Campeonato de la Costa y en 1940 deciden legalizar su situación y formar una directiva con Carlos Alzibar (Monte), Rafael Rodriguez, Benardino Esnaola, Ramon Unanue, Anton Barrera y Jose Martinez. Fijan su sede en el Hotel Iriondo, juegan en el campo de Montreal y los vestuarios está en los bajos del Casino-Currería.

En el año 1944 desaparece el campo de Montreal. Nuevamente son años difíciles y durante la temporada 1944/45 el Amaikak Bat no participa en competiciones oficiales. En la temporada 45/46 se reorganiza y participa en las competiciones sin terreno de juego. Pero en el año 1948 se construye un nuevo campo de fútbol, Errota-Zar (24/20/1948), que se inaugura con un partido contra el Eibar al que acuden 3.542 personas. La sede del equipo es el Hotel Visi. Otro capítulo importante es la inauguración de la tribuna de Errota-Zar en 1950.

A lo largo de los años son muchas las historias y anécdotas de este equipo histórico en Guipúzcoa, destacando la de doble campeón en el año 1961/62, ascendiendo a tercera división al vencer en la final en Atocha por 2-0 al Montragon y renunciado por motivación económica a jugar en ésta categoría. En temporadas posteriores ha habido grandes cambios en el fútbol. El Amaikak Bat, comienza a tener varios equipos. Son años con altibajos, pero siempre compitiendo por los campos de Guipúzcoa, y a pesar de ello se hacen grandes temporadas. Pero hay un denominador común, Errota-Zar peligra por su ubicación y ha quedado viejo.

Son años de pelea para la contrucción de un nuevo terreno de juego y todas las directivas tienen ese objetivo en sus ideales.

2005 - Se construye la primera fase del nuevo terreno de juego Errota-Zar, sin finalizar a fecha de hoy.



39/40 sasoian, Kostaldearen Lehiaketa bezala txapelketetan parte hartzen dute eta 1940an erabakitzen dute bere egoera legeztatzea eta Carlos Alzibar-ekin (Mendiarekin) zuzendaritza bat, Rafael Rodriguez, Benardino Esnaola, Ramon Unanue, Anton Barrera eta Jose Martinez eratzea. Bere egoitza jartzen dute Iriondo Hotelean, Montrealen eta jantzien alorrean jolasten dira dago Kasino-Currería baxuengan.

1944an Montrealen alorra desagertzen da. Urte zailak berriro dira eta 1944/45 sasoian zehar Amaikak Bat-ak ez du lehiaketa ofizialetan parte hartzen. 45/46 sasoian berrantolatzen da eta jokalekurik gabeko lehiaketetan parte hartzen du. Baina 1948an eraikitzen da, 3.542 pertsona doazen Eibar-aren kontrako alderdi batekin inauguratzen den, futbol alor berria, Errota-Zar (24/20/1948). Taldearen egoitza Visi Hotela da. 1950ean Errota-Zar-en tribunaren hasiera ematea beste kapitulu garrantzitsu bat da.

Eneko
2012-02-29 : 15:41

Uste dut aurrerapen handiagoa izango litzatekeela itzultzaile profesionalentzako material gehiago ekoiztea (ohiko zalantzen esku-liburuak, hiztegi bereziak, ohiko lege asko eta asko) edo literatur itzulpen gehiago egiteko aukera ematea, eta ez tresna hau, "moderno" izatearen truke erretako 500.000 euro, egiazki erabilgarri ez den tresna egiteko. Aldez aurretik jakin badugu zer nolako emaitzak eman ohi dituzten itzultzaile automatikoek hizkuntza gehienetan, zertarako inbertitu honetan hainbeste diru, denbora eta lan?

Elortza
2012-02-29 : 17:44

Ez ditu ondo bereizten



En el año 1944 desaparece el campo de Montreal / 1944an Montrealen alorra desagertzen da /



Montreal hori futbol-zelaia da, -- kanpofubola --, ulertzeko.





Fotbal partida, partidu, esateko , alderdi emoten dau. Hitzez-hitzezko itzulpenera artezegi doa.

Joskera aldetik be badaukaz er hobetu,

kepa sarasola
2012-02-29 : 18:17

Itzultzaile berri honen inguruan puntu batzuk azpimarratu behar dira:


  • Itzultzaile berri hau ez dela libre eta irekia, Berrian larunbatean irakurtzen genuen bezala. Kontsulta libre bai, doako kontsulta bai, baina programa ez da libre eta irekia.

  • Are gehiago, produktu honen etorkizuneko garapenak zeharo lotuta daude Alemaniako Lucy enpresarekin. Menpekotasuna sortzen du estrategia honek kanpoko enpresarekin. Hori uler zitekeen hemen bertan teknologia hori ezagutuko ez bagenu, baina ez da hori gure kasua.

  • Itzultzaile hori sortzeko lehiaketa publikoan, proposamenei puntuak banatzeko orduan, 0 puntu eman zitzaion Opentrad/Matxin itzultzaileari, bat ere ez, software libre eta irekia izateagatik.

  • Proiektua lau urtetan bukatu da, ez 15 hilabetean 2008an aurreikusi zen moduan, ez 395.000 eurotan, 158.432 euro gehigarri behar izan dira bukaeran. Eta emaitzak eurek abiapuntu moduan har zezaketen Matxin sistematik ez dago oso urruti.

  • Pena da dirutza hori ez gastatzea hasiera-hasieratik zegoen sistema librea eta irekia hobetzeko. Orain askoz sistema hobea izango genukeela uste dugu.

  • Ez da lehenengo aldia horrelakorik gertatzen dena. Antzeko estrategiari ekin zion Eusko Jaurlaritzak 2003an hizketaren prozesatzeko sistema bat sortu nahi izan zuenean.
    Euskal Herrian bertan zegoen talde aditua gutxietsi, eta nazioarteko ospe handiko Scansoft enpresari 706.000 euro ordaindu zion hizketa sortzeko eta ezagutzeko sistema egiteko. Hasieran Scansoft-ek demo bat zeukan bere webgunean, gero Nuance egon zen. Baina gaur egunean, zein da egoera? Euskarazko hizketa automatikoki lantzeko enpresa handien programak desagertu dira, eta EHUko Aholab taldeak eskaintzen ditu bereak, eta kalitate handiarekin gainera.

  • Bukatzeko, ez da egia emaitzak guztiz kaskarrak direla, ez Jaurlaritzaren sistemarenak ez Matxinenak ere. Perfektuak ez dira, jakina, baina erabilgarri izan daitezke. Itzulpen automatikoa tresna efektibo bihurtzen ari da, euskararako ere bai. Matxin 2006tik erabil daiteke opentrad.org helbidean. Iaz OpenTrad-Matxin erabili dugu Euskal Wikipedian 100 sarrera berri sortzeko (50.000 hitz). Helburu bikoitza zuen esperimentu baten barruan erabili da, batetik Wikipedian artikuluak gehitzea eta bestetik Matxin-en itzulpenak eskuz zuzendu eta horiek erabiltzea itzultzailea hobetzeko. Bestalde, Matxin erabili da Anhitz prototipoan artikulu zientifikoak itzultzeko eta Berbatek proiektu barruan dokumentalen azpitituluak automatikoki itzultzeko. Azken bi horietan helburua ez zen testu txukun bat argitaratzea, baizik eta artikuluaren edo dokumentalaren edukiaz ideia bat egitea. Helburua hori zela jakinda, erabiltzaileek itzulpena lagungarri ikusi zuten. Guztiek ez baina, erabiltzaile batzuk ez dira moldatzen tresna hauekin eta hasieratik baztertzen dute tresna automatikoa. Azken bost urteetako aldaketak bi izan dira: batetik itzultzaile automatikoak hobetu dira, eta bestalde pertsonek hobeto dakite zer espero daitekeen programa horietatik eta gauza dira tresna moduan erabiltzeko.

Itzulpengintza automatikoaren alorra zabaltzen ari da Europan eta munduan. Baina baliabide gutxiko hizkuntzentzat hobe da software libre eta irekien bidetik egitea, eta ahal denean bertako pertsona eta egituretan oinarrituta. Inbertsio bat da: horrela adituak, eskarmentua eta baliabideak etxean bertan sortuko ditugu eta.


Nazkuna
2012-02-29 : 22:35

Paradoxikoa itzultzaile automatiko baten gaineko albistean aurkezpena egiteko erabilitako azpiegituraren izena gaztelania hutsez agertzea. Alhondiga gaztelera da, Alondegia euskara. Onartuko al luke inork Nuevo Campo Camp Nou-ren ordez? Eta euskaraz idatzitako albiste baten Plaza del Castillo horrela bere letra guztiekin? edo Estadio Anoeta? Faborez, itzultzaile automatikoarekin edo gabe, baina zuzendu.

Karlos del Olmo
2012-03-01 : 09:58

a) Aurreneko falazia: halako aplikaziorik gabe euskara ez da mundu zibernetikoan egongo. Ordea, dagoeneko, badago egon, eta doan (Google Translate), eta azken horren emaitzak ez dira berri honenak baino txarragoak.

b) Emaitza ikusita, zertan dator ostera ere halako dirutzak gastatzea beste hizkuntz bikoteena prestatzeko, emaitzak hobeak izango diren segurantziarik ez badago?

c) Itzultzaileak denbora “xahutu" behar badu makinaren proposamena zuzentzen, ondo jakin beharko du zertan emango duen denborarik luzeena: testua hasiera-hasieratik itzultzen ala makinaren proposamena orrazten. Neure eskarmentuaren arabera, luzeago eta neketsuago gertatzen da sarri ere sarri inorena zuzentzea (inor hori makina bada ere) norberak itzultzea baino.

Sustatun
2012-03-01 : 10:12

Horra Eusko Jaurlaritzak itzultzaile honetaz prestatu duen sustapeneko bideoa:



Joseba Abaitua
2012-03-02 : 22:52

Artikulu luze xamarra idatzi dut EJaren itzultzaileaz nire blog Translema-n (nahi baduzue irakurri).


Hiru gaiok jorratzen ditut:


  1. Jabetasuna

  2. Abagunea

  3. Kalitatea

Karlos del Olmo eta Kepa Sarasola-k goian eginiko iruzkinei erantzuna ematen saiatzen naiz, baina ez bakarrik.


Nire ustez, inoiz baino gehiago baloia Kultura Sailaren teilatuan datza. Aukera paregabea gerturatu zaie Blanca Urgelli eta Lurdes Auzmendiri (Araceli Diaz de Lezanak baimena ematen badu) Open Data Euskadi egitasmoa beren Sailan ere hedatzeko eta zorioneko egia bihur dadin hizkuntza baliabideen askapena:


  • Itzultzailearen eduki linguistikoak (hiztegi elebidunak, transfer erregelak, euskara sortzeko gramatika)

  • Itzulpen Bankua

  • Termilogia Bankua (Euskalterm)

  • Onomastika Datu Baseak (toponimiakoa alegia)

  • Beste hiztegi eta corpusak

Miren
2012-03-08 : 13:21

Carlos del Olmok esaten duenarekin bat, lehendik ere bazegoen horrelako tresna bat gure esku sarean, "Google translate". Emaitzen aldetik, berriz, antzekoa, (ez dakit ez den hobea itzulpena norberak egitea edo hor itzulitakoa zuzentzea. Hobe zuketen "Google translate"ren esteka bat jarri Eusko Jaurlaritzako Euskara Baliabideeen atarian. Horrela, behintzat, programa horrekin gastatu duten dirua beste nonbait inberti zitekeen. Izan ere, euskararen arloan bada non inbertitu! Penagarria!!!

beste bat
2012-03-08 : 16:11

Gaur Berrian zera irakurri dut artikulu batean: itzultzaile horri galdetu omen diote "El lehendakari ha fracasado"ren itzulpena eta, hau omen dio: "Porrotx lehendakari".



Egia bada hainbeste diruren ondoren horrelakoak egiteko balio duen "itzultzailea" sortu dutela, euskal hiztunok zerbait egin behar genuke.

adaberrik@yahoo.es
2012-03-09 : 09:56

>>: "Porrotx lehendakari" (??)



Itzultzaileak ez du hori ematen. Badirudi ez duzula Xabier Etxaniz Rojoren (zutabegilearen) ohiko ironia ezagutzen.

Kalma, gizona/andrea.

Porrotx Lopez
2012-03-09 : 10:00

>>"Porrotx lehendakari".(??)



Itzultzaileak ez du hori ematen. Badirudi ez duzula Xabier Etxaniz Rojoren (zutabegilearen) ohiko ironia ulertu.

Kalma pixka bat, gizona/emakumea.

Tolosaldeko Euskararen Semaforoa
2012-03-09 : 10:38

Jaurlaritzak ekarpen itzela egin dio euskarazko umoreari: ikusi hemen.

Jone
2012-03-09 : 11:35

Tolosaldeko Euskararen Semaforoan irakurria:

10:18

Itzulpena(eu)

Herri honetan gainerakoen lanari barre egitea asko gustatzen zaigu ... Hori bai, gainerakoek guri barre egiten digutenean ez zaigu gustatzen hainbeste. (Itzultzailearekin itzulitakoa :"En este país nos gusta mucho reírnos del trabajo de los demás... Eso sí, cuando los demás se ríen de nosotros no nos gusta tanto").



Guztiz ados!

Tolosaldeko Euskararen Semaforoa
2012-03-09 : 15:05

Hau ere jarri du batek Semaforoan:



(...) barre egiteari buruz, Dario Foren esaldi hau:



(Gaztelaniaz) “La sátira es el arma más eficaz contra el poder: el poder no soporta el humor, ni siquiera los gobernantes que se llaman democráticos, porque la risa libera al hombre de sus miedos”.



(Euskaraz(?), Jaurlaritzaren itzultzaile automatikoarekin) "Satira armarik eraginkorrena da boterearen kontra: botereak ez du umorea jasaten, ezta ere demokratiko, barreak bere beldurretako gizona askatzen duelako, deitzen dieten gobernariak".

Erantzun

Sartu