Aurkezpenak eta aurkezpeñak
Aurkezpen baten arrakasta neurtu ohi zen aretoan bildutako entzule kopururen arabera: aretoa betetzen bazen, oso ondo, aldiz, erdi hutsik geratuz gero, malo. Azken urteotan, ostera, aurkezpenak (antzezpenak, hobeto esanda?) egiten dira hedabideei begira eta ez balizko entzuleak kontuan hartuta. Horrela, egun, egitasmo batek lortu duen arrakasta neurtu daiteke erreparatuta hizlarien atzeko aldean batzen den lagun kopuruari eta, jakina, horien "kalitateari". Berdin da aretoa huts-hutsik badago ere.
Denbora gutxitan pasatu gara aurkezpenak egitetik aurkezpeñak nonahi egitera (barka erdarazko lizentzia, eta argibidea Iparraldekoentzat: "peña" hitzak, gazteleraz, esan nahi du lagun taldea). Aldaketa horrek, gainera, ekarri du "subjektu politikoaren" zelanbaiteko desplazamendua: lehenago jendea egoten zen eroso jarrita hizlarien aurrean, orain, berriz, herritarrak daude atzeko aldean zutunik eta gehienetan serio.
Dagoeneko denak kutsatu dira: egun, gurean ez dago aurkitzerik talderik, elkarterik, alderdi politikorik edo sindikaturik, alegia, eta hitz nekoso batean esateko, eragilerik ihes egin dionik aurkezpeña antolatzearen tentazioari. Non egin erabakitzea ez da zaila izaten; erabilgarriak dira kaleak, parkeak, hotelak, kiroldegiak, udaletxeak, erakundeen egoitzak, kultura-etxeak, elkarteak...
Azken urteotan egin diren ehunka halakoetatik, Pinterest aplikazioa baliatuta, Kontzeptua:aurkezpena izeneko bilduman jaso ditut nik adibide solte batzuk. Gainera, euskarazko hitzen esanahiekin jolasteko erabiltzen den #hitzokei etiketa hartuta, bota nuen fenomenoaren definizioa.
Egia esan, ez daukat baieztatzerik aurkezpeñarena hemen asmatutakoa den ala munduan barrena ere egiten diren, baina, duda barik, hemen gustua hartu diegu. Larregiko gustua.
Erantzunak kargatzen...