Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen IV. Topaketak aurkeztu dira
Aste honetan aurkeztu dira 2012ko Udaltop Topaketak, Udaletako Euskara Zerbitzuen teknikarien arteko topaketak. Aurtengo jardunaldiak martxoaren 22 eta 23an izango dira etan ondorengo gaia landuko da: "Nolakoa da gure (udalaren) hizkuntza-politika? Begiratu, mesedez, euskara sailetik kanpo". Topaketan izena emateko epea atzo, otsailaren 16an, zabaldu zen eta hilabetez egongo da zabalik. Izen-ematea, urtero bezala, webgunean egin beharko da.
Eguneraketa, otsailak 24. Albiste originaleko dataka aldatu dira, aurreratu egin da astebete Udaltop, eta 22-23an izango da. Azalpena erantzunean.
Aste honetan aurkeztu dituzte Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen IV. Topaketak. Prentsaurrekoan Patxi Martinez de Marigorta Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zuzendari nagusia, Boris Nogales Lasarte-Oriako Udaleko euskara batzordeko lehendakaria, Andoni Busquet Eudeleko ordezkaria eta Basauriko alkatea, eta Imanol Miner Kutxabank-eko ordezkaria izan ziren.
Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zuzendari nagusiak eman zion hasiera ekitaldiari eta honek datu praktikoenen berri eman zuen.
Andoni Busquet Eudeleko ordezkari eta Basauriko alkateak adierazi zuen, herri erakundeek euskararen erabilera soziala sustatzeko aurrera daramaten politikaz hausnartzea eta eztabaidatzea komenigarria dela. "Aurtengo gaiak, gure baitara begira jartzen gaitu udalok, gure barruko historiara begira: nondik gatozen, nola gauden Erronka handia dugu aurretik", nabarmendu zuen. Udaletako euskara zerbitzuetatik euskararen erabilera soziala hedatzeko lan itzela egiten dela azpimarratu zuen eta lana hobetzen jarraitzeko asmo sendoa dutela nabarmendu zuen.
Patxi Martinez de Marigorta Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariak, euskara zehar-lerro bat dela adierazi zuen: «Hizkuntza-politika zehar-lerro bezala ulertu behar da: erakunde osoari dagokio, baita gizarte osoari ere, ez bakarrik sail edo zerbitzu jakin bati». Euskara hizkuntza bizi bat dela nabarmendu du Marigortak, ez dela itzulgai hutsa. «Elebitasuna bermatu behar da, baina ez ezinbestean itzulpenez bakarrik baliatuta. Bestalde, elebitasun hartzailea ere azpimarragarria da. Euskal herritar askok ez dute euskaraz hitz egiten, baina badakite ulertzeko adina; gaztelaniaz egiten diren elkarrizketa asko, beraz, bi hizkuntzetan izan litezke, nor bere aukerako hizkuntzan mintzatuta. Hori Euskal Herrian ez da maiz gertatzen, bai ordea, Katalunian», adierazi du.
Boris Nogalesek gogorarazi du topaketan izena emateko epea zabalik dela eta hilabetez egongo dela zabalik. Izen-ematea, urtero bezala webgunetik egin behar dela ere nabarmendu du.
Kutxabank-eko ordezkaria den Imanol Minerren hitzetan: «finantza eremuan ingurumari zailean dihardugun arren, Kutxabank, lehenago Kutxak erakutsitako bidetik, aurreko elkarlanei eta garaiko erronkei egoki erantzuten ahalegintzen ari da, Kutxa Fundazioaren bitartez».
Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusi Zigor Etxeburuak hizkuntza politikaren zentralitatea aipatu du, Aldundiaren esperientzietan oinarri harturik.
Udaltop 2012
Udaltop topaketen laugarren edizioa martxoaren 29an eta 30ean izango da. Aurten landuko den gaia "Nolakoa da gure (udalaren) hizkuntza-politika? Begiratu, mesedez, euskara sailetik kanpo" izango da.
Aurkezpen ekitaldian, besteak beste, aurtengo egitaraua aurkeztu eta bertan izango diren hizlarien berri eman da. Nabarmentzekoa da iaz bezala, aurten ere Euskal Herriko hizlariez gain, kanpokoak ere izango direla, hala nola, Bernat Joan i Mari. Honek, "Autocentramiento y política lingüística: normalizacion y actitudes" izeneko ponentzia aurkeztuko du. Bestalde, Hernaniko alkateak, Pasaiako alkateak eta Berriozarko alkateak, besteak beste, euren udaletako esperientzien berri emango dute.
Aurtengo topaketetan, iaz bezala, azoka eta erakusketa izango dira. Biak ere Manuel Lekuona Kultur Etxean izango dira. Erakusketan, hainbat udalek euren esperientzien berri emango dute. Gainerako euskara zerbitzuentzat interesgarriak izan daitezkeen egitasmoak azalduko dituzte. Azokan, berriz, bost enpresa, elkarte eta erakundek beren zerbitzuen berri emango dute. Udaletako euskara zerbitzuentzat interesgarriak izan daitezkeen zerbitzuak eskaintzen dituzte enpresa edo elkarte horiek.
Matrikula
Aurtengo matrikularen prezioa iazko berdina izango da, 80 (bi bazkariak barne).
Matrikulazio epea otsailaren 16an zabaldu da eta hilabeteko epean egin beharko dira www.udaltop.com webgunean.
Topaketetan aurkeztuko diren ponentziak eta hizlarien curriculumak webgunean zintzilikatuko dira aurretiaz. Erakunde antolatzaile guztiek eskertu dute bereziki garai zail hauetan Kutxabank-ek proiektu hau babestu izana, eta zehazki, ohiko topaketen barruan azoka eta erakusketa egiteko aukera eman izana.
Erantzunak kargatzen...