Teknologia albisteak

BerbaTek proiektuko demoen zehaztasunak

Erabiltzailearen aurpegia
Igor Leturia (BerbaTek proiektua)
2012-02-17 : 10:02

Aurreko astean aurkeztu genituen jendaurrean BerbaTek proiektuaren emaitzak. Bertan, ikerketa asko egin da euskararentzako hizkuntza-, ahots- eta multimedia-teknologietan, baina emaitzarik ikusgarri eta deigarrienak muntatu ditugun hiru demoak izan dira. Artikulu honetan duzu zehaztasun gehiago demo hauen inguruan.


Argazkiak.org | Irakaskuntza tutorearen demoa © cc-by-sa: ileturia

BerbaTek proiektua

BerbaTek proiektua

BerbaTek hiru urterako (2009-2011) ikerketa estrategikoko proiektu bat izan da, eta Elhuyar Fundazioak, EHUko IXA eta Aholab ikerketa-taldeek, Vicomtech teknologia-zentroak eta Tecnalia Research & Innovation fundazioak osatu dute proiektu hori gauzatzeko partzuergoa. Bere helburu nagusia euskararentzako hizkuntza-, ahots- eta multimedia-teknologiak ikertu eta garatzea izan da, euskarak tokia izan dezan etorkizuneko mundu mugikor, beti konektatu eta informazioz betean.

BerbaTek ikerketa-proiektua bada ere, ikerketa horren erabilera praktikoa izan da hasieratik guretzat helburu nagusietako bat. Eta praktikotasun hori hizkuntzen industriaren alorrean eman nahi izan diogu, hiru sektorez osatuta dagoena: itzulpena (itzulpena, interpretazioa, bikoizketa...), irakaskuntza (hizkuntzen irakaskuntza, irakaskuntza arautua, akademiak...) eta edukiak (argitaletxeak, komunikabideak...). Horietako bakoitzerako demo bat muntatu dugu, teknologia hauek egin dezaketenaren erakusgarri.

Bikoizketa automatikoaren demoa

Itzulpenaren sektorerako, dokumentalen bikoizketa automatikoko demo bat egin da. Filmak automatikoki bikoiztea erronka zaila da oraingoz (ahots asko, hizkera kolokiala, abiadura ezberdinak...), baina dokumental-mota batzuekin (hizlari bakarra, off-eko ahotsa, ezpainekin koordinazioa ez da beharrezko edo garrantzitsua...) emaitza onak ematen dituen demo bat egin dugu. Gaztelaniaz dagoen dokumental bat eta han esaten denaren transkripzio bat emanik, Vicomtech-IK4ren denbora-lerrokatzearen teknologiaren bidez azpititulu-fitxategi bat lortzen da (transkripzioa, baina esaldi bakoitzaren hasierako eta bukaerako uneekin). Gero, IXA Taldearen Matxin itzultzaile automatikoak euskarara itzultzen ditu azpitituluok, eta Aholab-en testu-ahots bihurketa-teknologiak euskarazko ahots sinkronizatua sortzen du. Demo hori arrakastaz aplikatu zaie Elhuyarrek egiten duen Teknopolis saioko hizlari bakarreko atalei.


Argazkiak.org | Bikoizketa automatikoaren demoaren eskema © cc-by-sa: BerbaTek

Demo horren emaitzak http://bikoizketaautomatikoa.berbatek.com helbidean ikus daitezke.


Argazkiak.org | Bikoizketa automatikoaren demoa © cc-by-sa: BerbaTek

Hizkuntzen irakaskuntzako tutore pertsonalaren demoa

Irakaskuntzaren sektorerako, hizkuntzen irakaskuntzako tutore pertsonal baten demoa egin dugu. Tutore hori emozioak adieraz ditzakeen 3Dko pertsonaia bat da, Vicomtech-IK4k garatutakoa, euskaraz mintzatzen dena eta euskaraz ahoz esaten zaiona ulertzen duena, Aholab-en teknologiari esker. Eta tutoreak hainbat gauzatan lagundu gaitzake: IXAren teknologiaren bidez, automatikoki sortutako gramatika-ariketak (aditzak, deklinabidea...) edo ulermen-ariketak (testu batean hutsuneak betetzea, hainbat aukera emanda) egin ditzakegu; ahoskera ebaluatzen digu, Aholab-en teknologiari esker; edo idazketarako laguntzak ematen ditu (aditzen jokabidea, zenbakien idazketa, hiztegi-kontsultak...), IXA eta Elhuyarren teknologiaren bidez.


Argazkiak.org | Irakaskuntza tutorearen demoaren eskema © cc-by-sa: BerbaTek

Demo hau ezin da online ikusi, mahaigaineko aplikazio bat baita. Bere funtzionamenduaren adibide batzuk entzun daitezke Norteko Ferrokarrilla irratsaioan egindako elkarrizketan .


Argazkiak.org | Irakaskuntza tutorearen demoa © cc-by-sa: BerbaTek

Zientzia eta teknologiazko multimedia edukiaren bilatzaile semantikoaren demoa

Edukien arloan hizkuntza-teknologiek egin dezaketen ekarpenaren frogagarri, zientzia eta teknologiako bilatzaile semantiko multimedia bat egin dugu. Bilatzaile horrek Elhuyarrek eta IXA Taldeak eraikitako zientzia eta teknologiako WNTerm ontologia espezializatua du oinarri (zientzia eta teknologiaren alorreko kontzeptuak semantikoki erlazionatuta ageri diren sare bat, azpiklaseekin, sinonimoekin eta abar), eta Elhuyarren edukiaren gainean (Elhuyar aldizkariko irudi eta testuak, Teknopolis telebista- programako bideoak eta Norteko Ferrokarrilla irratsaioko audioak) funtzionatzen du. Tecnaliak garatutako teknologiaren bidez, termino bat bilatzen denean, ontologiaren bidez termino horren sinonimoak, azpiklaseak edo superklaseak dituzten edukiak ere bila daitezke. Gainera, emaitza irudi bat denean, antzeko irudiak ere ematen ditu, Vicomtech-IK4ren teknologia erabiliz.


Argazkiak.org | Bilatzaile semantikoaren demoaren eskema © cc-by-sa: BerbaTek

Demo hau probatu eta erabiltzeko aukera dago http://bilatzailesemantikoa.berbatek.com helbidean.


Argazkiak.org | Bilatzaile semantikoaren demoa © cc-by-sa: BerbaTek

Erantzun

Sartu