Ondoko dokumentuak ekarri bat gehiago izan gura luke abertzaleon arteko eztabaidari ETAren azken erabakien ondoren irekitako garai berrian. Dokumentuak, bere luzean, pozik jasoko lituzke erantzunak, eztabaidak, ekarpenak, eta iruditzen bazaizu, bazter berrietara zabaltzea ere.
ETAk armak isildu bide ditu. Hala biz. Hala bedi. Aurrerantzean estatuek bakarrik jarraituko dukete indarkeria antolatua erabiltzen gure kontra. Hortik aurrera agian hasi gintezke gure borrokaren etika berreskuratzen urte askoren ondoren. Eta beharra behintzat badugu.
1977an, artean ez genekien ze euskarri eduki zezaketen herritarron artean gure proposamen abertzaleek. 35 urte eta gero, eta mota askotako hauteskundeen ondoren, badugu hegoalde honen gutxi gorabeherako argazkia (www.euskadi.net/, www.navarra.es, www.infoelectoral.mir.es).
Gaurko datuetan:
Hau da, EAEn batez beste %60. Hegoalde osoan ere %50 inguru. Ondo. Ongi?
Bestelako irakurketa: Hegoaldean herritarren erdik bozkatzen du oraindik euskaldun baino espainolago-edo. Nafarroan %80k. Araban ere hainbatetan dira gehiengo. Ikuspegia ilunxeagoa da beraz lurraldeka,.... independentzia helburu.
Nola-eta ez garen jadaneko hasten Gipuzkoa-Bizkaia soilen independentzia aldarrikatzen. Eta hauetan ere nolanahi, boto espainolagoa-edo ez da erditik horren urrun (%35-40). EAEko hiru hiriburuetan gainera, boto abertzalea, 5 puntu inguru txikiagoa da oraindik herrialdean baino. Iruñean aldiz, eta kontuan hargarria da, 5-10 puntu handiagoa da, Nafarroa Garai osoan baino.
Azken 35 urteotan abertzaleok izan ditugu emaitza hobeak. 1985-90 tartean denera izan gintezkeen %60-65 ere hegoalde osoan. Geroztik ordea nahikoa emaitza okerragoak ere izan ditugu, une eta hauteskunde motaren arabera. Abstentziora joan den botoa, espainolago edo abertzaleagoa izan. Baina, batez beste, 35 urteren buruan 5 puntu inguru galdu bide ditugu EAEn. Are 10 Araban.
Zenbateraino izan zitezkeen gaur egun gauzak bestelako, 5 puntu galdu ordez, 5 puntu irabazi izan bagenitu! Gipuzkoan %75 bagina, Bizkaian %70, Araban %60-65. Nafarroan ere agian ibili gintezkeen %30etatik nahikoa gora.
Aitortu beharko beraz, urteotako estrategia abertzaleak ez ditugula izan desio bezain eraginkor behintzat. Eta hanka sartze horietan abertzale guztiok izango ditugu gure ardurak. Nork bereak. Bestaldetik ere denok aitortu beharko dugun bezala, abertzale guztion lanak ekarri bide gaituela, azken 55 urteotan herri honek bere sendotze bidean emandako aurrerapauso batere txikiak izan ez direnetan, bereziki EAEn.
Kontua da hemendik aurrera nola jarraitu eta hobetu genezakeen lan hori, herri honen euskal egituratzen aurreratzen, eta gure independentzia sentimendua, aldarria, eta hau gauzatzeko aukera indartzen, lau lurraldeetako gehiengo sozialean. Bereziki, hau oraindik kolokan edo urrun dugunetan. Ze, oraindik nabarmen irabazi beharko ditugu, gaur egun oraindik bategatik edo bestegatik, euskaldun baino, espainolago-edo bozkatzen duten sektoreak. Oso bereziki, gazteenena. Etorkizuna. Hori dugu abertzaleok erronka.
Borroka armatua baztertuta, abertzaleok errazago beharko genuke izan, orain itzultzea, Monzonen Txibertako elkarrizketen espiritura, eta dimentsio guztiz berri batean. Nahi dugu?
Ze, asko eta askori entzunda, balirudike ez dela hori orain kezka. Eta aldiz ezinbestean erabaki behar dena ordea ote den hegemonia nork eskuratuko duen abertzaleon artean. Eta nire ustean ere, ezin da hori izan orain gure lehentasuna. Ez da hori hazteko bidea. Ez dizkigu gure arteko borrokak erakarriko oraindik bat edo bestegatik espainolago-edo sentitzen direnak. Eta hori gabe, ez batzuon ez besteon hegemoniak eramango gaitu inongo independentziatara, hau asteburuetan aldarrikatu soilik edota asteko egun guztietan amorru betean. Gutxiago inoren hegemonia absolutuak, hegemoni baztertzaileak, , lurraldeka banaturikoak
Noren mesedean izan liteke abertzaleok beste 35 urte elkarren etsai ematea, estrategia abertzale-on-soila-nahiko-ez-eta, onenaren eztabaidan, edo independentzia asteko zenbat egunetan oihukatzen dugun neurketan? Eta bitartean beti elkarri mokoka sututa eguneroko politika sozio-ekonomiko egoki(en)aren aitzakian, Eta gure helburu abertzaleen arerio handienak lez salatuz guk nahi bezalakoak ez diren beste abertzale guztiak, , eta ez partidu espainol inposatzaileak.
Helburua mugimendu abertzalea zabaltzea bada, abertzaleok lehenik erakutsi beharko dugu gauza garela geure artean ongi konpontzeko eta elkarrekin nazio proiektu serioa bideratzeko, hau erakargarri bihurtu ahal izateko inoiz gure ondokoentzat. Eta gainera, proiektu horren mesedean, gai garela bigarren maila paktatu batera ekartzeko -ez zertan ahaztu- gure arteko desberdintasunak, bestelakoan guztiz legitimoak direnak, eta are mesedegarriak, beste guztiak bezalako garen herri plural batean. Eta hori, zeinahi ere delarik unean-unean gure arteko sektore indartsuena edo ahulena. Lurralde batean edo bestean. Garai batean eta bestean. Eta oso bereziki, gauza garela gehiengo abertzaleko gobernuak osatzeko, elkarrekin edo elkarren laguntzaz, zenbakiek aukera ematen diguten guztian. Eta are gehiengo abertzale horretara erakartzeko unean-unean beste aukera politikoak ere. Independentzia lortu arte behintzat. Maltzagarainoko bidean Monzonekin, fronte nazionalean Txillardegirekin, denon Lizarra-Garaziko errege-bidean. Garbiago?
Abertzaleok aitzakiarik gabe exijitu behar diegu daborduko gure alderdiei, unean uneko ageriko edo diskreziozko negoziazio mahaitik ez altxatzeko hitzarmena lortu arte. Era zibilizatuan paktatzeko adostasun eremuak, eta ere, desadostasunen kudeaketa. Eta ondoren gogotik saiatzeko gainera akordiook espiritu demokratikoan zabaltzen beste hautatuetara, gutxiengoan osatu gobernuek temaz egin behar izan ohi duten legez. Unean-unean abertzaleekin integratzen saiatuz ere ahalik eta boto espainolago-edo gehien. Gure gobernu eremuen kudeaketa zabal demokratiko zintzoak bihurtuko gaitu bereziki erakargarriago gehiengo ez garen dermioetako biztanleentzat ere. Oso bereziki, abertzaleon jokoa ezin da gehiago izan, gure mahaitik altxatu, kulpa lehenbailehen beti besteari leporatu, eta korrika paktatzera joan gure zatiketa eta ahultzea baino bilatzen ez duten partidu espainolekin.
Bide horretan, gaur artean maiz ez bezala, TOLERANTZIAk izan beharko du abertzaleon ezaugarri nagusi bat. Eta ez da erraza izango, 35 urteko desadostasun armatuen ondoren. Behingoz agerian onartu beharko dugu denok, herri hau eta abertzaletasuna aurrera joango bada, oso sentsibilitate desberdinekin joango dela aurrera. Gure eskuinarekin eta gure ezkerrarekin. Eta bestela ez garela joango. Eta gainera, batzuk zein besteak oso bereziki ezinbestekoak garela guregana hurbildu nahi baditugu oraindik espainolagoak-edo sentitzen diren sektoreak.
Ulertu beharko dugu, munduko beste herri guztietan bezala, aniztasunak aberasten gaituela, eta ez pentsamendu bakarrak. Eta gizarte oro, gurea ere, denboran barrena, erdi eta erdi banatu dela beti, ezkerrago eta eskuinagokoen artean, eta erdi eta erdi banatuko dela ere beti, zeinahi parametroren erdia harturik ardatz. Eta kasu honetan ere, bertutea, eta errealitatea, eta justizia , hain segur, erdirantz ote dagokeen, eta ez muturretan. Eskuin eredu Reagan-Thatcher-Pinochet txikagoar inperialista armatu faxistizante, edo ezker eredu stalinista kanputxear polizial diktatorialetan bainoago, hor nonbait, eskuin-erdiranzko humanistenen eta ezker-erdialderako sozialdemokratenen artean edo. Erdibide hori, eskuin-ezkerren arteko paktuz eskuratu, edo hauen txandaketa demokratikoan.
Gurean, kontua da, erdiko onbide hori kontzienteki lortuko nahi dugun abertzaleon arteko akordioz, edota nahiagoko dugun lortu, noiz PP/UPN/EAJ-edo aliantzaz, noiz PS/ezker-abertzaleen-edo artekoz. Emaitza soziala azken batean, berdintsua izanen da denboran aurrera. Baina bigarren bide honetan eraikiko dugun nazioa ordea, espainola.
Eta ez dakit ea ote garen jada zenbaitetan hala ari, Kutxabanken, Gipuzkoako Aldundian, Bizkaikoan, partidu espainolekin eztabaidatuz gure artean baino lehenago, EAEko erakundeen balizko berregituratzea, balizko bake prozesuen bideak
Nolanahi ere den, inork nire lumak ikusi usteko baditu ere, nik gaur egun oraindik hainbat hurbilago ikusten dut EAJ-eta eskuin-erdialderako joera humanistatik bere tradizio eta praktika kristau-demokrata-edo itxurakoan -gehienean oso urrun oraindik, nire ustez, PP/UPN itxurakoen eskuin kazikeen lotsagabeenetatik-, hainbat ezker abertzale-eta baino, ezker-erdiranzko joera sozialdemokratetatik urtetako maila guztietako erradikaltasunen ondorio. Gauzak ordea, jainkoei esker, ez ohi dira izan betirakoak. Ez, seguru asko, Txillardegik behin eta berriro horren erraietatik salatutako frankismo garaiko edo ondoko EAJ-eta, eta ezta ere oraintsu bere gobernu esperientzia handienetan hasi berria den ezker-abertzalea-edo, bere gozatua ere hartuko duena, seguru asko, denboraren joanean. Jainkoak bekizkigu lagun.
Sektore espainolagoak-edo hurbildu Hau ere ez da erraza izango. Eta herritar berriok, izatez gerotan, pixkanaka irabazi beharko ditugu. Lehenik, gurekiko sentsibilitate bereziren bat eduki lezaketen haiengandik hasita. Ezker edo eskuin. Gaur egun bat edo bestegatik, botoa oraindik PS/IU/EBei-edo eman ohi dietenen artetik, iragan antifrankista, demokratiko, errepublikarrenekoak, 1936tiko Eusko Jaurlaritzari lotuenak, artean 1977an Txiki Benegasekin Euskal Herriarentzat autodeterminazioa aldarrikatzen zutenak, gure garai bateko ETA politiko-militar / Euskadiko Ezkerrei lotuak, euskaltzaleenak Baina baita ere, botoa oraindik PP/UPN(CDN/UA)ei-edo eman izan dietenen artetik, sektore are frankistak izanik gugandik hurbilekoak izan direnak, eta, ikusi nahi duenarentzat, bada halakorik ere ugari, karlismoaren sustraietatikoak, foralismo liberaletikoak, nafar-zaletasunetikoak, are euskaltzaletasunetikoak, euskaldunak Gu hauek denak ere berriro gugana alderatzeko gai garen neurrian. Baina eta, gu beraiei hurbiltzeko.
Ulertu beharko dugu beraz ETAren azken urte askoko jardun armatuak oso urrundu dituela sektore horiek guztiak gugandik. Herritar desarmatuak mehatxatzea, tirokatzea, bahitzea, exekutatzea , desberdin pentsatzeagatik, besteen partiduetakoak izateagatik, besteen hautetsiak izateagatik, eskatutako diruak ez ordaintzeagatik, erakunde armatua uzteagatik, norberaren lerroetatik jardun armatua kritikatzeagatik , euskaldun izanda ere, abertzale izanda ere Garbiketa etnikoa ez, , eta garbiketa ideologikoa izan da. Diktadura guztien gutizia. Abertzale ez zen guztia sentitu zitekeen, sentitu da, mehatxatu. Abertzale asko eta asko ere bai. Hainbatek ez zituztela beraiek herri honetan nahi, eta gutxieneko, joatera gonbidatuak sentitu bide dira. Ez da egun batetik besterakoa izango horri guztiari buelta eman ahal izatea.
Borroka estrategiak euskaldunon estatu zapaltzaileen antidemokratikotasunen kontra behar zuen. Eta beharko du. Ez? Ez herritarren kontra. Nola erakarri (berriro) gugana, momenturen batean ETAren jardun armatuaren jomuga sentitu diren herritar ez abertzaleak? Edota hala sentitu diren abertzale, euskaltzale ugariak ere. Biktima zuzenei barkamenak eskatu beharko bazaizkie, barkamena eskatu beharko diogu herri abertzale osoari ere, eta areago oraindik abertzale ez den herriaren beste erdi horri-edo, urteotako terroreak, batzuon eta besteon artean ireki digun abertzaletasun amildegiagatik.
Beste bandokoek ere eskatu beharko dute. Noski. Esan dugu eta esango dugu. Baina bakoitzak berea. Eta guk gurea ja bertan, bide berrian abiatu nahi badugu. Ze, egia da, ETA ez dela aipatu hori bakarrik izan. Bereziki frankismo peko urteetan. Baina hori ere izan da.
Ze, estatuaren eta honen indar armatuen erasoa euskaldunoi, askoz lehenago hasten da ETA bera baino, askoz hildako eta biktima gehiago uzten du, eta ETA baino askoz harago zabaltzen da Euskal Herri osoaren kontra, euskal den guztiaren kontra, Euskal Herria desagerraraztea jomuga. Dena da ETA politikaren babesean, eta bestela. Lehenago, bitartean, eta ondoren. Eta horren guztiarengatik ez du oraindik inork erantzun, ez ordaindu. Ez erantzun, ez ordaindu nahi. Ostera, kartzeletan dira ehunka preso, iritzi hutsezko makina barne, ETArekin lotura zuzenik gabekoak , denei ere salbuespenezko neurri antidemokratikoak eta suntsitzaileak aplikatzen zaizkienak Eta honekin guztiarekin ere bukatu behar da. Gatazkaren ondorio dira. Eta behin berriro gogoratu beharko dugu, gatazkan, arma gehienak, ezta hurretik ere, ez direla inoiz egon ETAren aldean. Eta ez daudela orain ere, etengabe ahaztarazi nahi badigute ere.
Gatazka bukatu behar da, eta presoek ere kalean beharko dute, guztion borondate on berriaren seinale. Zinez uste dut ordea abertzaleoi ez zaigula komeni orain gure helburu hartzea, nola edo hala errepikatu nahi izatea, frankismo ondoko amnistiaren aldeko mugimendu demokratiko zabal hura. Gatazkaren orduko eta oraingo ezaugarriak ez dira ja batere berdinak. Eta seguru asko baditugu, eta zinez uste dut, bide azkarragoak helburu hori ere lortzeko.
Aldiz, irudipena dut bereziki Espainiako estatuari interesatzen zaiola oraintxe guk (gutako batzuek behintzat) itsu-itsuan heltzea borroka horri. Ze:
Zinez iruditzen zait gainera hainbat eta azkarrago amaituko dugula ETAren borroka armatuaren kalte ondorioekin, eta preso eta iheslari guztien arazoekin ere, zenbat eta indartsuago eta batuago abiatzen dugun oraintxe gure herri eskubide demokratikoen aldeko borroka demokratikoa, eta estatuaren inposizio militar antidemokratikoen kontrakoa.
Noski, presoekin ere, gaurtik aldarrikatuko dugu, batetik, besterik ezin bezala, legea modurik eskuzabal eta demokratikoenean aplikatu dakien jada, nola bestetik, preso eta iheslarien arazoari ere irtenbide integrala emateko premia, lehenbailehen, eta euskal herritarrok erabaki moduan.
Azken urteotan Espainiaren aldeagoan-edo kokatu diren herritar sentiberenak berriro irabazten hasi nahi badugu, lehenik, gure, eta bere, eskubide demokratikoen defentsara erakarri beharko ditugu.
Demokrazia eta berdintasun hitzak polit izatetik egia izatera pasatu behar dute lehenbailehen gure herrien arteko harremanetan. Bitartean ez dago demokraziarik ez berdintasunik, euskaldunontzat.
Independentziarako eskubidea aitortzea, eta hau egikaritu ahal izatea, baldin bada euskal herritar (eta espainiar) guztien betebehar demokratikoa, hortik aurrera, abertzaleon lana izango da Euskal Herrietako gehiengo sozialak jabearaztea, independentziak denontzako izanen dituen onurez -eta ez bakarrik abertzaleontzako-. Eta ebidentziekin konbentzitu beharko ditugu zergatik biziko garen hobeto (behintzat, hobeki bizi gaitezkeen), eta denok ere libreago -abertzaleago edo Espainia zaleago izan-, independenteak izanik, Espainiako beste herriei lotuta baino. Eta agian ez da hain erraza. Eta nekatu beharko dugu burua ere horretan.
Oskar Arantzabal, Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatu eta ekonomia abiatzaileak urtetan dihardukigu hori erakutsi nahian. Horretan dihardute ere gu baino indar gehiagoz Katalunian (Cercle Català de Negocis, Empresaris per lEstat Propi kanpaina ). Hor dugu gure Gaindegia (www.gaindegia.org). Gure lehendakari ohi J.J. Ibarretxe (Orain bai... -Euskal Herria: Errealitatea eta Utopia, 2011-; Small is beautiful and powerful -Berria, Deia...-). Jim Mather Eskoziako Enpresa, Energia eta Turismo ministro ohia, Eskoziako independentziaren ondorio ekonomiko positiboak azaltzen...
Eskoziak 5 milioi biztanle du. Euskal Herriak 3. Baina Europan azken 20 urtean sortu diren estatu gehienek dute gure antzeko biztanleria, edo txikiagoa: Estonia (1.400.000), Eslovenia (2 milioi), Eslovakia (5 milioi), Letonia (2.300.000), Lituania (3.600.000), Kosovo (2.200.000), Mazedonia (2 milioi), Montenegro (600.000). Soilik Ukrainia da handia (47 milioi). Europa iparraldean lehenago ere Norvegia (EBtik kanpo), Danimarka eta Finlandia 5 milioi biztanleren bueltan dabiltza. Islandia 300.000tan. Independentzia eskubide aitortua duen Groenlandia, 56.000tan. Luxenburgo 500.000. Malta 415.000...
Eta gero eta ikerketa gehiagok aitortzen dituzte gurearen-edo itxurako herri-nazio tamaina txikikoen abantailak XXI. mendeko munduan aurrera egiteko -potentzien aldean- molde ekonomiko orekatu, aberats, eraginkor, malgu eta moldagarrienetan, eta aldi berean demokratiko, solidario eta justuagoetan. Eta horretarakoxe nahi dugu independentzia. Herritarrok hobeto bizitzeko, gure erabaki guneak askoz hurbilago izanda estatu handi urrun hiperzentralizatuetan baino.
Eta lekuan-lekuan desberdinak bagara, izaeraz, jardun, bizi eta laneko ohitura eta moduetan, normalena da gure modu hurbilean antolatu nahi izatea gure etorkizuna. Baita ere, esaterako, gure modu propioan ekiteko gaur egunean horren latz eragiten digun krisi ekonomikoari. Ez dakit askoz modu errazagoan lotzeko gure irtenbideari, baina bai ziur modu hurbilagoan, eta ezagutzen eta kontrolatzen errazagoan. Geure hurbileko banku propioarekin, geure eskarmentu kooperatiboarekin, geure industria, nekazaritza eta itsas esperientzia aberatsekin, geure turismo propioarekin
Gaur eguneko Euskal Herriko enpresa ekoizpena gutxi gorabehera heren batean zabaltzen bada Euskal Herrian bertan, beste bat Espainiako beste herrietan, eta azken herena Europa edo munduko esportazioetan, krisiarekin, zalantza gabe, lan asko egin beharko dugu gure produkzioaren banaketa askoz gehiago zabaltzen eta indartzen munduan, Espainia eta are Europa deprimituetatik at. Eta horretarako ere ez dugu gauza hoberik, hurbileko gobernua baino, marka propioa, eta erabaki propioak eta hurbilak baino.
Sektore espainol zaleagoek-edo independentziari eduki diezazkioketen beldurrak uxatzen Oraindik espainol zaleago-edo diren sektoreek, zein euskal herritar guztiok, ulertu beharko dugu, euskal herritar guztion oinarrizko eskubide demokratikoak, goian hiru puntutara ekarri ditugunak edo, berdin babestu eta egikaritu behar ditugula denok, gaur egun Espainiari edo Frantziari lotuak, zein aukerako Euskal Herri independente batean. Eskubide demokratiko horiek ez dutela desberdin behar, ez euskal komunitateari dagokionean, baina ezta ere erdal komunitateari dagokionean, Espainia-Frantziari lotuak izan, zein Euskal Herria independente batean.
Eta ebidentziaz sinestarazi beharko diegu gaur egun oraindik nagusi diren erdal komunitateei, euskaldunok ez diegula besterik eskatzen, jadaneko elebidun bihurtzea baino. Beraiek guri erdarak legez inposatzen dizkiguten bezala, ordain justu eta demokratikoan. Baina ez bakarrik, balizko Euskal Herri independente batean, baizik eta jada gaur egunetik hasita Espainiari edo Frantziari lotuak ere. Eta bereziki, egoera hori ez dela aldatuko balizko independentziarekin. Are denborarekin bereziki defenditu beharko badira ere erdal komunitateen hizkuntz eskubideak beren eskaeran.
Ebidentziaz sinestarazi beharko diegu azken urteotako ETAren borroka armatuak bestela ulertarazi baleza ere, ez dela inondik ere gure helburu, inongo garbiketa ez etniko, ez linguistiko, ez ideologikorik aurrera eramatea herri honetan, ez inor bere borondatearen kontra lur honetatik botatzea, ez lur honetan mantenaraztea.
Eta egun batean gehiengoaren borondatez Euskal Herrien independentzia gauzatzen dugunean, bereziki jarraitu nahiko dugula era guztietako harreman estuak gordetzen, Espainia zein Frantzietako herriekin, mendeetan historian, kulturan eta era orotako jardunetan herri guztiotako herritarrok partekatu ditugun elkarresparru denen izenean. Euskal Herri independentearen aukerak, ez du izan behar, eta ez da izango, anti-Espainia aukera. Espainiako herrienak anti-euskaldun izan behar ez lukeen bezala. Baizik eta aldiz, senidetasun independentearen harremana, gaur egun ere denok Europako edo Hego Ameriketako herriekin dugunaren itxurako, edo are estuagoa nahieran.
Euskal Herri independentearen aukera ezin da ere izan, eta ez da inoiz izango, isolamenduaren aukera. Baizik, munduarekin harreman berria irekitzeko hautua, gure euskal nortasunetik, senidetasun espainolarekin, frantsesarekin, europarrarekin , guk bai dakigun espainolez, frantsesez, edo ingelesez munduan.
Euskal Herri independentearen aukerak ere izan behar ez duen bezala, historia eta erakunde luzeko Euskal Herri eta herrialdeen desagerpena, bakoitzaren nortasuna ahalik eta modu demokratikoenean uztartuz eta errespetatuz beti, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Garaian, eta Zuberoan. Axularrez baliatuz: Zeren anhitz moldez eta diferentki minzatzen baitira euskal herrian. Nafarroa garaian, Nafarroa beherean, Zuberoan, Laphurdin, Bizkaian, Gipuzkoan, Alaba-herrian, eta bertze anhitz lekhutan.
Kaixo Bittor: Irakurtzen hasi bezain pronto ekarpen hau erantsi nahi dut: Autonomia erkidegoko herritarren gehiengo abertzaleak, legebiltzarraren gehiengoak egina du iada eskaera ofizial bat, legediari jarraitutako eskaera bat eta Madrilgo Kongresuan baztertua izan da. Horrekin esan nahi dut, prozedurazko bidea agortua dagoela. "A buenas" esaten dena.
"A malas" bideak, badakigu zer eman duen.
Abertzaleok izan dezakegun gehiengoa bost axola zaie, e.a.e-n, hego EH-n, edo EH osoan, eta bide armatua bost axola zaie (edo okerrago, komeni zaie).
Bi horien artean zer egin? Ez dakit ba, baina abertzaleen arteko batasuna geroz ta sinesgaitzagoa iruditzen zait. Bakoitzak bere bidea egingo du eta Gipzukoan edo Madrilen, esaterako, iada, hor dira lehian. Gipuzkoan boterea eta Madrilen protagonismoa eta ogi apurrak jasotzera.
Ezker abertzalea transbersalismoaren atean dago eta PNV dobermana paseatzeko prest.
Eta datozen urteetan horrela jarraituko dugu. Ea presoen auzia lehen baitlehen konpontzen ahal den ahalik eta era duinenean eta etorkizuneko egitura politikoa nola eztabidatzen eta adosten duten. Baina, zoritxarrez, bai presoena, bai bestea, luze joko dutelakoan nago. Eta ezkortasunari eutsita, ez dut uste inondik ere independentziaren aukera aztertuko denik ere.
Estimatzekoa, zure gogoeta, Bittor. Ados puntu askotan. Era berean, esango nuke ezker abertzale eraberritu honen estrategia bide horretatik doala.
Eztabaidarako puntu pare bat, eta barkatuko didazu zure analisi luzeari hain iruzkin xuhurra eskaintzea.
Botu portzentaien gorabeheren bilakaera aztertzerakoan, ematen du abertzaleen bozka galera politika okerrak egitearen ondoriotzat duzula. Ez naiz ni hemen eraman diren politikak egokienak izan direnik defendatzen hasiko, baina, daturik ez dudan arren, Sugarrek adierazi bezala "Estatu barneko migrazio" saldoak zer nolako eraginik izan duen -eta izango duen- begiratzekoa litzateke. Gai arantzatsua dena badakit, baina...
"Ebidentziaz sinestarazteari" buru aritu zara, bestalde. Dudarik gabe, bada populazioaren zati bat argudio arrazoituen bidez iritziz aldaerazi daitekeena. Baina hainbeste? Urte guztiotan ezker eta eskuin espainolei botua eman dioten hiritarren gehiengoa oso oso kontziente izan da euskararen berreskurapenaren eta independentziaren aurkako neurrien aldeko botua ematen aritu dela, nik uste. Ez dut uste, oro har, botu defentsiboa izan denik, baizik eta oldarkorra, nagusikeriazkoa eta harroa, Estatuaren indarraren babesa duela badakienarena eta, argi eta garbi, H. Euskal Herria Espainiari probintzia gisa ahalik eta subordinatuena mantentzearen aldekoa. Egia esan, nazionalista espainol hauei gure borondate onaren ebidentziak erakustea baino garrantzitsuago deritzot abertzaleok espainolengandik eragozpena eta trikimailua besterik jasoko ez dugun ebidentziak asumitzea.
Hizkuntzari dagokionez, ederra litzateke Euskal Herriko hiritar guztiak elebidunak izatea. Oxala, auskalo eta ekin egin behar. Baina zaude ziur alderdi Espainizaleen aldetik eskura duten guztia egingo dutela horrelakorik gerta ez dadin. Ez da soilki ezjakintasuna, jakin nahi eza baizik. Gizartea elebidun balitz ere, gainera, hor genuke hizkuntzaren erabileraren kontua: zer dela eta egin behar luke bere burua espainoltzat duen inork euskaraz, espainiar hizkuntza hor izanda?
Alde horretatik, oso balizko gizarte elebidun horretan, nire iritziz, egiazko desafioa komunitate abertzaleak dauka. Izango al da inoiz batez ere euskaraz bizitzeko gai? Espainolen euskararekiko beldurrak baino gehiago kezkatzen nau abertzaleenak. Puntu honetan bai, nabari dut estrategia abertzale baten falta handia.
Adeitasunez,
Eskerrik asko, Sugar, Juan Martin, Antton eta Ibai zuen ekarriengatik.
Testu luzean gauza asko esaten da, baina, labur, uste dut bereziki orain dela momentua abertzale guztion artean, "irabazteko estrategiaz" eztabaidatzeko. Ez hainbeste, "kexatzeko estrategiaz", edo "arrazoi edukitzekoaz".
Eta "irabazteko estrategia" ezinbestean pasatzen da orain, uste dut, abertzaleen arteko elkar lanetik eta fronte komun batetik.
Eta uste dut horretan egin behar diegula presio EAJri nola ezker abertzaleari. Arrazoiak arrazoi, eta arrazoien gainetik, bakoitzak "bere" arrazoia mantenduaz.
Ea... lortzen dugun.
Ondo izan
Bittor
Arrazoizko gauza bat edo beste esaten duzu, Bittor. Hausnarketa arras interesgarria.
Saiatu beharko dugu gizarte OSO bat eraikitzen, bere eskuindar eta ezkertiar alderdiekin. Ezin esan daiteke euskaldun edo abertzale guztiak ezkertiarrak direnik, asko entzuten den ideia izanik ere. Gizarteko ezberdintasun ideologiko sozioekonomikoak alde batera uzteko ahalegina egin behar litzateke abertzaletasunaren hobebeharrez, euskal gizartea sortzeko, bere barruan ezberdintasun ideologikoak izanda.
Kezkatuko gara ondoren gizarteko ezberdintasunak politikoki konpontzen ezkerra eta eskuinaren artean.
Garrantzitsuena, nere ustetan, euskal abertzaletasunari politikotasuna kentzea da. Gehienbat ETAk sortutako kontrako pentsaerak aldatzen saiatu, anti-abertzaletasuna galtzeko.
Euskal kultura eta hizkuntzaren eskubideak demokratikoki errespetatzea lortu behar da, Espainiak hemen dituen eskubide berberak lortzea, gutxienekoz. Eta, beti ere era neutral batetik, erakargarri bihurtu euskal abertzaletasuna guztiz abertzale sentitzen ez direnentzat ere, edota auziaren politizazio eta militarizazioagatik bertatik aldendu direnentzat ere.
Testu zentzuzkoa iruditu zait oso, orokorrean ados nago zurekin. Lan polita egin duzu.
Eskerrik asko Jon eta Pello ere zuen iruzkinengatik. Eta pozten naiz ildo bertsuan iritzi gehiago aurkituta.
Irakurri berri dut HAUSNART aldizkarian Otegiri eginiko elkarrizketa bitxia (kurioso, askoz luzeagoak eta iritzi emaileagoak dira galderak erantzunak baino), eta hainbat iruzkin zentzuzko ditu ["... independentziaren alde [n]ola egin egin %30 hori %60 bihurtzeko? [...] sedukzio demokratikoaren bidez jendartearen gehiengoa konbentzitzea." Eta bestelako gogoangarriak ere.].
Baina hauen aurretik, beldur pixka bat segitu didate ematen diskurtsoari oraindik darizkion oinarri marxista edo neomarxista zurrunek, gizartea goitik behera irauli beharraren etengabeko aldarrikapen beti lazgarriak bere ezezagunean, "abangoardia" sentimenduek, "hegemonia" beharrek..., seguru asko oraindik ere gehixeago eguneratu beharrean daudenak...
Ondo izan, eta ea jende gehiago sartzen den eztabaidan. Poztuko nintzateke.
Bittor
Beraz gu gara besteengana hurbildu behar garenak? PPPSOE bozkatzen duen norbaitek badakiela torturak daudela, estatuen erahilketak, jende ugari errugabeak diranak gartzelan...eta ala ere behin eta berriz partidu haiek bozkatzen dituzte. Ez al da hori estaduaren terrorismoa babestea? Eta gu gara hurbildu behar garenak?barkamena eskatu baher dugunak? ..ETAk egindakoagatik? Ze diferentzia dago ETAren hilketa baten aurrean beste aldera begiratzea eta berdina egitea estatuko hildakoekin? Agian gauz batzutan arrazoia dezu baina nolatan %40 populazioa Espainiako beste aldetatik etorria da eta gu gara erakarri behar dugunak? Aldrebes izango balitz eta ni Madrilera joango banintz PNV edo Bildu bozka nezakeen? Ba beraiek hemen berdin. Estatuak Espainiatik Euskal Herrira jendea etrotzeko irrikiaz dago, horrela bozka Espainiola haunditzeko, eta gero erraten dute Jaitsi dala Abertzaleen bozka kopurua?
Bukatzeko ez nago ETAk gauz lazgarriak egin ditu egin behar ez ziranak,baina PPSOEri sostengua ematen ditenak urtez urte talde politiko hoien hilketak babesten dituzte, oraindik gogoratzen det GALkoak gartzelatik ateratzerakoan PSOEko agintariek heroi gisa hartu zituztela (Patxi Lopez barne)7000 lagunekin.
20 milA soldadu ingelesak Espainian baimenik gabe esanez beraiek agintzen dutela? Espainiak bere gudarostea bidaliko lukee eta inor ez zion errurik botako etsaia botatzeagatik. Baina Euskaldunok Espainiatar guztiak aurpegi onez hartu behar ditugu, berdin du gure hizkuntzari eta kulturari egiten dioten bazterkeria, errespetu ez izatea (eskubidea daukatelako horretarako) eta gu hurbildu behar gara?
Galdera bat,Ze gertatuko litzateke Txinan 1200 milioi biztanle dituztela, 30 milioi Txinatar sartuko balira Espainaian diruarekin, asko direlako gaztelera ez erabiltzea erabakiko balute, gero talde politko bat osatuz, gehio direlako hauteskundeak irabazten dituzte eta Txinaren zati bat izatea erabakitzen dute.
Erantzuna, ez litzaieke sartzen utziko, sartuko balira eta gaztelera baztertzen saiatuko balira Espainiola armak hartuko zituzten, talde politkoa osatzen saiatuko balira guda lazgarria izango like.
Baina Esukaldunak guztiengana hurbildu behar gara, berdin du gutaz nola hitzegiten dute eta Euskaldun usaintzen duten denari dioten gorrotoa ikusia. Abertzaleen batasuna? Bai. Besteak erakartzeak? Ba ideai abertzalekin ez bada gelditu daitezela nahi duten lekuan. PPSOEkoetaz fidatu behar bagera (bere bozkatzailetaz berdin) jai daukagu.
Erakarri erakusten abertzaletasunarekin hobeto egongo garela?Bale? Baina zuk proposatzen dezuna makurtzea da eta etortzen zaizkigunak aguantatu. Besteak hain santuak diralako eta ez dute erahiltzaileak apoiatzen ez?
Baina gu makurtu behar gara dena aitortu PPSOEk bitartean ezerrez aitortzen dutelarik.
Ba batzuk egindakoa aitortzen badute eta besteak ez zer geratuko da historioan? PPSOEk oso pertsona onak zirela eta inoiz aitortu ez baziztuzten gauzak agian zan egin ez zituztelako.
Duela urte bat 5,6 milioiko estatu laguntzekin Espainiako historialariak izugarrizko zuripena eman zioten Frankoren erregimenari. Hori da Historioan gelditzen dana,eta gero eta jende gehio sinizten du Franko ez zela hain gaiztoa.
Horregatik erakarri bai, baina gu, gure hizkuntza eta historioa errespetatzen dituzten bitartean, modu kolonial batean aritzen diranak gelditu daitezela Espainian eta Espainiar taldeekin, nahiko etsaiak ditugu herrian etxean sartzeko be bai.