Teknologia albisteak

Eta euroa lehertuko balitz zer?

Erabiltzailearen aurpegia
Gaindegia
2011-12-21 : 09:12

Galdera erraza; erantzunak baditu bere zailtasunak. Ekonomia fikzioa dakar Joseba Barandiaran ekonomialariak bere analisian. Oharra: Analisia GAINDEGIAk urtero kaleratzen duen Gaindegia Txosteneko edukien parte da aztergai diren beste gai batzurekin batera.

Oharra: Analisia GAINDEGIAk urtero kaleratzen duen Gaindegia Txosteneko edukien parte da aztergai diren beste gai batzurekin batera (www.gaindegia.org).

Galdera erraza; erantzunak baditu bere zailtasunak. Ekonomia fikzioa dakart gaur.

Teoria: herrialdeak, arrazionalak badira, euroan jarraituko dute urtez urte eta betiko, baldin eta soilik baldin ikusten badute etorkizun hobea dutela orohar Euroguneko kide gisa, eurotik aterata baino (aldaketak dakartzan kostu guztiak kontuan hartuta). Eta arrazonamendu horrek, noski, berdin balio du periferiako Grezia nahiz erdiguneko Alemaniarentzat.

Ezintasun legala: egungo legeek ez dute aurreikusten Euroguneko herrialde batek euroa uzteko modurik. Honek ez du esan nahi gertaera ezinezkoa denik, noski, legeak egin eta moldatu egin daitezkeelako. Baina, printzipioz, eurotik irteteko planak bide zaila luke ikuspuntu juridikotik. Manu militari (estatu kolpe bat) izan daiteke aukera bat, zergatik ez. Baina, gainontzean, labainkorra baino gehiago den bide baterantz joko luke eurotik irtetea erabakiko luken herrialdeak. Berez, inork eurotik irtetekotan, akaso Alemania batek errazago egingo luke hori, periferiako herri batek baino. Beti ere, moneta berri bat jaulki beharko litzatekeelako eta Drakma berriak (DB), a priori, ez dirudi Deutsche Mark (DMB) berriaren itzalik izango lukeenik. DB diot baina, Eurogunea azpitik uzteko, libera berria, pezeta berria edo lira berriak, berdintsu balioko lukete. Kontrara, Eurogunea gainetik uzteko moduan, DMB soilik legokeela iruditzen zait. Inor egotekotan.

Zailtasun logistikoa: txanpon eta billete berriak jaulkitzea, bere horretan, ez da lan makala. Milaka behar dira eta hainbat lekutara iritsi behar dute (moneta gune berri osora). Eta hortaz, nekez egin liteke ezkutuan. Diruaren definizioa hagitz sinplea da: onarpen orokorra duen ordainbidea. Onarpen hori lortzea, ordea, ez da hain erraza. Hortaz, populazio batek txanpon eta billetez aldatzea ez da lan makala, jendaurrean azaldu behar baita zeintzuk diren onarpen orokorra izango duten txanpon eta billete berriak, jendeak ezagutu eta onar ditzan, iruzurrak eta nahasteak eragozteko eta, konfiantzaren poderioz, onarpena hedatzeko. Horrek denbora eta publizitatea eskatzen du eta, esan bezala, jendeak aurrez jakin behar du dirua, moneta berria, izango duela. Txikikeria bat: makina txanponjaleak eta, oro har, diru fisikoa erabiltzen duten makina eta gailuak ere (bidesariak, garraio publikoaren ordainlekuak, etabar.) doitu beharra dago; ez merkea, ez laburra ez den prozesua.

Ezjakintasun totala: dirua baino beldurtiagorik ez dela esaten da. Kasu honetan, inork inoiz abiatu gabeko bidean sartuko litzateke DBaren jaulkitzailea. Ziurgabetasunaren eta egongaiztasunaren erditzea litzateke, esperimentu itxura baina ondorio errealeko bidean.

Banka zailtasuna: familia eta enpresek euroa eskutan dutela, gobernuak txanpon berri bat izango dutela jakinaraziko balie, txanponaren balio erlatiboaz kezka eragingo luke horrek. Egongaiztasuna. Euro bat, gaur, bat eta berbera da Eurogune osoan. Milaka kilometro egin litezke txanpon hori patrikan hartuta eta onarpena, balioa, ziurtatua dauka.

Txanpon berri batek, nekez izango luke bihurgarritasunik lehen unean (lan horretan hasi den Gobernuaren asmoez nor fida daiteke?) eta, hortaz, DBra baino, euro zaharrera (edo DMBra) joko lukete familia eta enpresek euren aurrezkiekin. Flight to quality edo �kalitatera jauzi� moduko bat espero liteke. DMBaren kasuan ere, ziurrenik, askok nahiago lukete karrikaratzear legoken DMB hori, horretxen ondorioz hondoratzen ariko litzatekeen euroa bera baino. Hortaz, nork bere erosahalmena ziurtatzeko, banku gordailuak euro (edo DMB) bihurtzeko joera handia izango litzateke. Edo egongaiztasun giroagatik, diru fisikoa hobetsiko luke askok. Hortaz, de facto, bankuen likidezia krisi bat eragingo luke horrek; ilarak bulegoetako ateetan edo, ezagunagoa izan liteken esamoldea erabiltzeagatik, Argentinak ezagun egin zuen �corralito� fenomenoa. Euroguneko herrialde batean fenomeno hori emateak, Eurogune osora berau hedatzeko aukera ere piztuko luke, neure ustez. Gutxienera, banka nazionalizatu beharrean legoke akaso txanpon berriaren estatu jaulkitzailea.

Zor zailtasuna: Euroguneko herrialde batek euroa utzi eta txanpon berri bat jaulkitzeko izango luken pizgarria garbia da. Txanpona debaluatzeko aukera berreskuratuta, lehiakortasuna irabaziko luke, banku zentral burujabe bat berreskuratuko luke eta, akaso, gerora hazkundea eta enplegua sortzeko aukera izanen. Baina kontuz, oso litekeena da herrialde hori, estatua, enpresak nahiz familiak eurotan (edo jada atzerrikoa zen beste txanpon batean) zorpetuta egotea. Ez euren artean bakarrik, noski, baizik eta hirugarren hartzekodunekin.

Hala, euren zorrak txanpon berriaren balio galerarekin biderkatuko lirateke. Alegia, de facto, ordainezin bihurtuko lirateke eta nazioarteko merkatal harremanetarako porrot egingo lukete, nahaste-borraste juridiko eta ekonomiko galanta eragiteaz batera. Finantza ikuspuntu batetik, bakartuta gelditzeko aukera asko leuzkake DB jaulkiko luken herrialdeak eta haren enpresek. Beti ere, beste txanpon batzuetan (dolarretan, berbarako edo euro zaharretan, estatutik at eta, lehen esandakoagatik, Euroguneko bankuetatik at bada hobe) ordaintzeko ahalmenik gorde ez balu behintzat. Bakartuta gelditze horrek, ohikoan inportatzen diren (oinarrizko nahiz luxuzko) ondasunen eskasia edota itzelezko garestitzea eragingo luke (petrolioa, jakiak, argindarra� herrialdearen arabera); ziurrenik, baita estraperloa berpiztu ere, mugen ixte eta kanbio kontrolarekin batera.

Alegia, oso litekeena da estatuak herritar eta enpresen atzerriko dibisen kontrola lortzeko ahaleginak egitea (Mexikon hala egin zuten, 80 hamarkadan �mexd�lares� famatuekin: dolarrak konfiskatu zitzaizkien halakorik zuten herritarrei eta, ordutik, atzerrian lo egiten du mexikar aberatsenen kontu korronteak) . Finean, herrialdea seko pobretzen ariko litzateke eta, une horretan, herrialdetik at (edo herrialdean baina atzerriko dibisetan edo urretan) aberastasuna edukitzeak erosahalmena gordetzeko aukera emango luke.

Hortaz, euroa lehertuko balitz, zer? Bada familia eta enpresak �corralito�ak harrapatuta, porrota jota edo jotzear eta banka nazionalizatu berri duen porrot egindako estatu baten eskutan leudeke, ziurrenik. DB jaulkitzeko makina eskutan leukake, hori bai, estatu horrek. Hiperinflazio baterako suntsipen handiko arma, zeinak depreziazioa, inflazioa, sorgin gurpila martxan jarriko luken. Eta askoz gehiago ez, bertako herritar eta enpresen atzerriko aurrezkia etxeratzeko tentazioa urrun legoke eta.

Bestalde, atzerriko inbertsioa erakartzeko aukera oso urriekin (epe laburrean bederen) eta estatuan bertan ekoitziak ez diren ondasunak lortzeko zailtasunekin (lehengai eta energia urritasuna kontuan izanda). Panorama, bistan da, hirugarren mundu gerraren parekoa ez dakit, baina gerra nuklearraren antzekoa begitantzen zait. Zehar kalteak eta kutsatzeak jorratzera iritsi gabe.

Zenbateko BPGaren jaitsiera edo langabezia eragingo luken horrek? Ez dakit, baina itzela. Atzeraezineko kalterik eragingo luke? Europaren eraikuntzan bai, nire ustez. 60 urte atzera egitea baino okerragoa baita 60 urtez eraikitakoa suntsitzea. Eta euskal herritar guztiek txanpon bera izan dugun epealdia ere amaituko luke, besteak beste, barne muga sendotuz.

Mariano Raxoik azaroak 18an esan omen zuen (eta kontrakorik bederen ez diot beste inongo hautagairi entzun, ezta M-15 edo bestelako mugimenduetako kideri ere), Espainiako ekonomiak euroan jarraitu nahi duela. Txanpon bakarra egitasmo politikoa dela eta atzeraezin izan behar duela (letra etzana neurea da); eta zalantzabakoa dela gaiaz bere alderdiak duen jarrera. Hexagonoan ere antzera. Frantziarentzat eurotik irteteko plana egin duen Jacques Sapir ekonomialariak ere, erakunde eta makroekonomiako aldaketa itzelak jartzen ditu planaren helburu. Baina ezkerretik Michel Husson eta konpainiak ere erantzun diote, beti ere aldaketa horiek eman beharko liratekeela lehenago, gerora eurotik irtetekotan ere. Alegia, aldaketa horiek emanez gero (soldaten pisua handitzea ekonomian, babes sozialeko sistemen sendotzea, kapitalen kontrol zorrotza, estatuen bankaren gaineko kontrola�) oso bestelako testuinguru batean geundeke.

Europa moldatzen errazagoa izango da, euroa baztertzen baino. Europaren etsaiek (komertzial nahiz politikoek) irabaziko lukete gehien euroa lehertuko balitz. Nolanahi den eta, amaitze aldera, gogorarazi ditzagun moneta gune bateratu baten egokitasunerako euroa jaulki aurretik ere ezagutzen genituen baldintzak: 1) integrazio komertzial handiko ekonomien artekoa izatea, ekonomia irekiak izatea; 2) shock ekonomikoen eragina simetrikoa izatea oro har, hau da, gutxi izatea estatu bati kalte eta besteari mesede egiten dioten shock edo gertaerak. Horretarako, merkataritza intrasektoriala izan behar dute nagusiki (zuk Adidas arropa saltzen didazu niri eta nik zuri Astore; edo zuk niri Alstom trenak eta nik zuri CAF trenak), intersektoriala baino (zuk makinak saltzen dizkidazu eta nik zuri turismoa, frutak edo ardoa); 3) lanaren mugikortasuna moneta batasuneko lurraldean (Andaluzian %31ko langabezia dute, Alemanian inoizko enplegatu maila altuena lortu dutenean�); 4) federalismo fiskala (!).

Ez dadila lehertu.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago