Teknologia albisteak

"Fischerren ausazko xakea" igandean Eibarren

Erabiltzailearen aurpegia
Eibarko Klub Deportiboa - Xake Batzordea
2011-11-23 : 11:11

Datorren iganderako xake txapelketa berezia antolatu du Eibarko Klub Deportiboak. "Fischerren Ausazko Sistema" erabiliko dugu jokatzeko. Piezen ohiko kokapena ahaztuta, ausaz erabakitzen da lehenengo errenkadan izango duten hurrenkera. Horrela hasierako 960 posizio ezberdin sortzen dira. Txapelketa honekin uztailean hil zen Manuel Lopez taldekidea omenduko da. Euskal Herrian lehenengo aldiz egingo da taldekako txapelketa bat Fischerren sistema erabilita.

Uztailean utzi gintuen Manuel Lopezek, urte askoan zehar Deporreko xake taldeko kide izandakoak, autobus istripu baten ondorioz eta Eibarko Klub Deportiboko xake batzordeak bere omenezko txapelketa antolatzea erabaki du.

Hori horrela eta Eibarko Udalaren eta Euskadiko eta Gipuzkoako Xake Federakuntzaren laguntzarekin, Manuel Lopezen omenezko txapelketa jokatuko da igandean, goizeko 10:30tan hasita eta egun guztian zehar Eibarko Udaletxeko patioan. Txapelketan 15 minutuko partida azkarrak jokatuko dira eta egindako jokaldi bakoitzeko 15 segundu jasoko dituzte jokalariek. Gainera, eta txapelketa guztiok gogoratzekoa izateko "Fischerren Ausazko Sistema" erabiliko da partidak jokatzeko.

Fisherren ausazko sistema

Sistema hau Robert "Bobby" Fischer maisu handi estatubatuarrak asmatu zuen (Sobiet Batasuneko xakelariei Munduko Txapelketan irabazi zien lehenengo estatu-batuarra, 1972an izan zen Reykjaviken, bideoa Youtuben). Xakearen inguruan zegoen jakintza gehiegizkoa zela pentsatu zuen, eta jokaldirik gehienak ezagunak eta buruz ikasiak zirela iruditzen zitzaionez, xakea bere iturburuetara itzultzeko proposamen bota zuen. Azken batean jokalariek sortutako artea izatera buelta zedin nahi zuen.

Horretarako jokalari bakoitzaren lehenengo errenkadako piezen ordena ausaz erabakitzen da zozketa baten bidez, eta piezak ez dira egoten ohi bezala kokatuta ((bi muga besterik ez daude, erregea bi gazteluen artean egon behar da eta bi alfilak kolore ezberdineko laukietan). Horrela 960 posizio posible daude partida hasteko eta horrek mugimendu eta aukera berriak sortzen ditu. Azken batean, talentua eta kreatibitatea bultzatu nahi dira, memoria eta sistemen gainetik.

Lehenengo aldia da Euskal Herrian horrelako taldekako txapelketa bat antolatzen dena, eta gutxi dira Fischerrek asmatutako modalitate honetan jokatu izan diren txapelketak. Txapelketara Euskal Herri osoko taldeak etorriko dira, eta jada 14 taldek konfirmatu dute beren partehartzea.

Txapelketa goizez eta arratsaldez jokatuko da bazkaltzeko etenaldia eginez.

Erantzun

Sartu