Teknologia albisteak

Zinemagintzan badago alternatibarik: Begiratu "Kameraren Atzetik"

Erabiltzailearen aurpegia
Imanol Haro eta Isabel Alba
2011-11-20 : 10:11

Telebistaz, zinez nahiz internetez, irudiekin bonbardatzen gaituzte, eta, bonbardaketa horren aurrean, babes eskasa daukagu. Irudien nahas-mahas horretatik harago, ba al dakigu zer esan nahi diguten? Are gehiago, ba al dakigu zer saldu nahi diguten? Zer-nolako ideologia(k) bultzatzen d(it)u(z)te egungo ikus-entzunezko gehienek (filmek, telesailek...)? Zer-nolako lotura du horrek Pentsamendu Bakarrarekin? Badago alternatibarik? Ikus-entzunezko ekoizpenak beste modu batean ikusten eta aztertzen hasteko baliabideak ematen ditu Isabel Albak, Kameraren Atzetik: Irudien bidez narrazioak egitea liburu-komiki-DVDaren bidez.


Liburuaren gaztelaniazko eta euskarazko bertsioak Klaketa.net)

“Kameraren atzetik” azken 15 urteetan eskolaz eskola eta herriz herri egindako lanaren ondorioa da. Isabelek berak dioenez, “Zinemagintza eta gidoigintza zer den azaldu nahi izan dut, modu errazean eta euskaraz”.

“Kameraren atzetik” hiru hizkuntzatan argitaratu da: euskaraz, gaztelaniaz eta katalanez. Imanol Haro euskarazko bertsioaren itzultzailea eta Isabel Alba proiektuaren arduraduna elkartu egin dira, eta proiektuari buruz jardun dute.

Imanol Haro (IH): Irudiez inguratuta bizi gara, eta, hala ere, oso gaitasun kaxkarra dugu irudiak interpretatzeko eta irudien atzean zer dagoen ulertzeko.

Isabel Alba (IA): Bai, hala da. Denok ikusten ditugu irudiak pantailetan, baina ikus-entzunezkoaren hizkuntza elite batzuek baino ez dute ezagutzen. Eskola batzuk egon badaude, baina ikus-entzunezkoak bazterreko tokia du hezkuntzan. Horren ondorioz, ikusle pasiboak gara, ez gara batere kritikoak, irudiak ikusten ohituta gaude, baina ez dakigu irudiak modu kritikoan interpretatzen.

IH: Eta kritika gabezia horrek aukera ematen dute ideologia jakin batzuek indarra hartzeko. Zine eredu jakin bat da nagusi: karteleran dauden film gehienak Hollywoodeko paradigmaren baitakoak dira.

IA: Gasteizko aurkezpenean esan genuen (ikus aurkezpenaren bideoak hemen): kolonizazio ideologiko eta kultural bat dago eredu horren atzean. Horren aurrean, demokratizazioa aldarrikatzen dut, baina argi eduki behar da ikus-entzunezkoa demokratizatzea ez dela kamerak merkeagoak izatea edo den-denok botoi bat sakatu ahal izatea. Demokratizatzea da ikus-entzunezkoaren hizkuntzan alfabetizatzea. Eta hori ezinbestekoa da, sortzaile eta ikusle libreak izan nahi badugu

IH: “Kameraren atzetik”, berez, ez da gidoigintzan aritu nahi dutenentzat bakarrik, ikusle arruntentzat ere bada. Ni, adibidez, ez naiz ikus-entzunezkoen alorrekoa, eta oso gustura irakurri dut, eta asko ikasi dut…

IA: Denok joaten gara zinetokietara… Denok ikusten ditugu telebistan telesailak… Horientzat guztientzat da liburu-komiki-DVDa, baina baita ikus-entzunezkoan sakondu nahi dutenentzat ere: ikastetxeetan gaia landu nahi duten irakasleentzat, gidoi bat idazten hasi nahi dutenentzat, film labur bat filmatu nahi duenarentzat… Gure lanaren bidez, zinemara gerturatzen diren horiei aholkuak eman nahi dizkiegu.

IH: Horixe da 15 urtez egin duzuna, ezta? Unibertsitatean, ikastetxeetan, kultur etxeetan…

IA: Bai. Urte hauetan guztietan egin dudanaren isla da. Ikastaroak eta tailerrak eman ditut, eta askotariko ikasleak izan ditut: unibertsitateko irakasleak, gazte jendea, ezintasunak zituzten pertsonak, Lehen Hezkuntzako neska-mutilak… Guztiengana iristea izan da beti nire helburua. Nik istorioak kontatzeko mila modu daudela azaldu nahi diet irakurleei.

IH: Izan ere, zine eredu asko daude kontuan hartu ere ez ditugunak egiten. Gasteizko aurkezpenean hausnarketa hori ere egin genuen: zergatik ez ditugu gustuko Senegalgo zinemagintza edo Kaurismakiren pelikulak? Nire ustez, erantzuna hau da: Eredu jakin batean elikatu gaituztelako, eta horrek beste zinemagintza mota batzuk baztertzea dakar.

IA: Horregatik “Kameraren atzetik” liburu-komiki-DVDa baino gehiago da: arma da. Irakurleak armatu nahi ditut, bi helburu betetzeko: batetik, ikus-entzunezko baliabideak erabil ditzaten, eta, bestetik, pantailetatik ikusten dutenetik babesteko.

IH: Liburua, komikia eta DVDa da. Eduki mamitsua du, eta euskarriak mota askotakoak dira.

IA: DVDa Pello Gutierrezek egin du, eta, bertan, ikus-entzunezko ekoizpenen prozesua azaltzen dugu, gidoitik hasi eta muntaketaraino. Horrekin bat, Telmo Basterretxearen komikia ere badu: umore puntu batekin, gidoia nola egin behar den ikasi ahal da. Oso irakurterraza da. Nahi dugu zinemagintzan eta ikus-entzunezkoan lehenengo urratsak ematen dituztenek baliabide bat edukitzea, beren premiak asetzeko: gidoi tekniko bat idazteko aholkuak ematen dizkiogu, eskaleta eredu bat ere bai…

IH: Eta hori guztia euskaraz, gaztelaniaz eta katalanez. Nik hori nabarmenduko nahiko nuke, ez baita oso erraza halako gauzak euskaraz aurkitzerik. Uste dut gidoigintzari buruzko lehenengo euskarazko liburua dela.

IA: Hasiera-hasieratik, Miguel Riera argitaratzaileari argi utzi genion guretzat oso garrantzitsua zela “Kameraren atzetik” euskaraz ere argitaratzea, eta Montesinos argitaletxeak ez digu arazorik jarri. Are gehiago, katalanez ere argitaratzea erabaki zuen.

IH: Orain arte oso harrera ona egin digute...

IA: Nik uste badagoela premia, badagoela halako “gose” moduko bat, eta guk gose horri erantzuten diogula. Gero, Gasteizen eta Iruñean ere egon gara, eta Madrilen ere bai, gaztelaniazko bertsioa aurkezten. Jende dezente hurbildu zaigu; mota guztietako jendea, gainera.

IH: Eta orain, zer?

IA: Orain, lehen bezala, lanean jarraituko dugu, zinema denontzat dela aldarrikatzen eta irakasten.

Isabel Alba idazlea, irakaslea eta argazkilaria da, eta Madrilgo Complutense Unibertsitateko Filosofia eta Zientzien lizentziatura du. Irratiko, zineko eta telebistako gidoilaria izan da; besteak beste, “La bola de cristal” saioan.

Imanol Haro hizkuntz normalizazioan ari da azken urteetan. Urte askoan itzultzaile izan da, eta haur literaturako ipuinak itzuli izan ditu. “Kameraren Atzetik: Irudien bidez narrazioak egitea” euskarara itzuli du.

Erantzun

Sartu