Teknologia albisteak

Egun bat barnetegi teknologiko batean

Erabiltzailearen aurpegia
Goio Arana
2011-11-15 : 12:11

Azaroaren 9tik 10era bitartean, barnetegi teknologiko batean izan nintzen, Mungian. Barnetegi teknologikoak mintegi trinkoak dira, sustatzeko informazio eta komunikazio teknologia berriak enpresetan. Hotel batean elkartuta, 24 ordu eskasean, dozena bat lagunek osatutako taldeak jasotzen du IKTen gaineko informazio zaparrada handia: hitzaldiak, erakustaldiak, eztabaidak... Spri agentziak antolatzen ditu eta arrakasta handia lortu dute barnetegiek. Hona hemen nire esperientzia.


Argazkiak.org | Barnetegi teknologikoa Mungian. Gela © cc-by-sa: goioarana

Antolatzaileek diote Barnetegi teknologikoak direla "dutxa" erako ikastaroak, alegia, oso denbora gutxian, informazio mordoa ematen duten ikastaro horietakoak. Eta, horrelakoa izan zen Mungiakoa ere: arratsaldean hasi eta hurrengo eguneko bazkal ordura arte, ia atsedenik gabe, gainbegiratu ziren hamaika sareko tresna, probatu genituen era guztietako gailuak eta ezagutu genituen baliabide informatiko mordoa.

Barnetegi horiek bildu ohi dute era askotako parte hartzaileak, baina batez ere, bertan ematen dute izena enpresa txiki eta ertainetako ardura postuetan dauden langileek. Denek ere antzeko asmoarekin: murgiltzea informazio eta komunikazio teknologia berrietan. Gure kasuan, Mungian elkartu ginen, Urgoiti hotelean, komunikazio agentzia bateko zuzendaria, kooperatibetako informatikariak, industria sektore enpresetako arduradunak, telekomunikazio enpresa bateko kudeatzailea eta unibertsitateko irakasleak.

Lau zatitan zegoen banatuta mintegia:

1) Erakundeak eta informazio gizartea. Hitzaldi horretan aurkeztu ziren lana eta jakintza partekatzea posible egiten dituzten Interneteko tresnak, esate baterako Google Docs, Delicious eta Doodle. Denak doako zerbitzuak.

2) Erakundearen ospea Interneten. Marketinean sartuta, landu zen nola sendotu enpresaren marka Interneten. Horretara, azaldu zen Google bilatzailearen lan egiteko modua eta, ondorioz, ikusi ziren bilaketen emaitzetan modu egokian agertzeko biderik eraginkorrenak. Gainera, hainbat baliabide landu ziren, etekin handiago ateratzeko bilatzaileari: alertak, estatistikak eta informazioa jasotzeko moduak, bilatzaileen baliabide gordeak...

3) Gau digitala. Afal ondoren, sofaz betetako gela batean eta edariak esku artean genituela, hasi zen gau digitala. Bilera informal horretan, aukera izan genuen era guztietako gailuak ezagutu eta frogatzeko: merkatuan dauden eBookak, iPad modelo diferenteak eta beste marka batzuetako tabletak, lehengo eta oraingo erreproduzitzaileak, telebista eta ordenagailua nahasten dituen pantailak, eskuko telefonoak, bideo jokoak, poltsikoko proiektoreak... denetatik zegoen. Erakutsitako traste batzuk harrigarriak ziren, adibidez teklatu birtuala, edozein tokitan proiektatuta erabilgarria dena.

4) Enpresa, sare sozialetan. Hurrengo goizean, sare sozialak landu ziren, betiere, horien erabilera enpresan fokatuta. Hartara, hasteko, gainbegiratu ziren Facebook, Twitter eta Linkedin eta, gerora, ikusi ziren sare tematikoak, interes desberdinen arabera osatuak.

Hiru urte inguru darama Spri agentzia Barnetegi teknologikoak eskaintzen. EAEan bi talde ari dira mintegi horiek han eta hemen ematen. Mungiakoa gidatu zuten hiru adituk osatutako Mondragon Unibertsitateko taldea, hirurak MGEP fakultateko irakasleak: Jesus Lizarraga, Iñaki Lakarra eta Miguel Fernandez. Bi eratako barnetegiak eskaini ohi dituzte: irekiak eta itxiak. Mungiako irekia zen, alegia, edozeini zuzenduta; beste batzuk, ostera, egoten dira egokituta enpresa jakin bateko langileentzat. Euskaraz ere eskaini izan dituzte barnetegiak, Mungiakoa gazteleraz izan zen.

Nire ustez, barnetegi teknologikoak oso gomendagarriak dira IKTetan hasi berrientzat edo horien gaineko jakinmina dutenentzat. Baina Interneteko tresna kooperatiboen erabiltzaile aurreratuek garbi izan behar dute bertan gauza berri gutxi topatuko dutela.

Bi kontu aurkitu dizkiet barnetegi digitalei, zalantza eragin didatenak. Batetik, bere trinkotasuna, duten sakontasun falta. Interesgarriak dira, baina neketsuak ere bai. Alde horretatik, arriskua izan daiteke hartzaileak sentitzea sekulako mozkorraldia. Egia esateko, horren gainean nire mintegikideei itaunduta, erantzun zidaten oso kitzikagarria iruditu zitzaiela eta, denbora gutxian informazio asko jaso arren, oso esperientzia gomendagarria zela. Ni ere, nekatuta bukatu arren, gustura aritu nintzen.

Beste alde batetik, ez dakit beharrezkoak diren halakoetarako hainbeste izarretako hotelak. Baina, segurutik, tokien aukeraketa eta mintegiek duten prezio egokia ere izan dira barnetegi teknologiko horien arrakastaren gako inportantea (100 euro balio du barnetegiak, berez, soilik lo egiteak 99 euro balio duen hotelean).

Nik Euskadinnova webgunean aurkitu nuen Barnetegi teknologikoen gaineko informazioa, eta bertan bete nuen izenemateko orria.

Erantzun

Sartu