Teknologia albisteak

Komunikazioa erakundeetan aditu titulua eta Google+

Erabiltzailearen aurpegia
Goio Arana; Joxe Aranzabal
2011-11-02 : 11:11

Mondragon Unibertsitateak aditu titulu bat sortu du, Komunikazioa erakundeetan. 2012ko urtarriletik hasita, ostegun arratsaldero emango da, Eskoriatzan, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Zortzi hilabetean barrena, bai ikasleok eta baita irakasleok ere Google+ erabiliko dugu geure artean informazioa partekatzeko. Bertan matrikulatzeko epea azaroaren 30ean amaituko da. Prezioa: 2.800 euro.

Aditu tituluaren helburua da ulertzea komunikazio paradigma berriak eta horiek erakundeetan duten eragina eta prestatzea ikasleak erakundeetako komunikazio jarioa bideratzeko. Zuzenduta dago, bestalde, lanean dabiltzanei enpresa, elkarte eta erakundeetan, batez ere komunikazioan; bestetik, aditu titulu hau oso egokia da enpresa-komunikazioaren nondik norakoak ezagutu eta menderatu nahi duten lizentziadun berrientzat.

Zergatik Google+

Aurreko premisetan oinarrituta, ikastaroko antolatzaileok erabaki dugu G+ sare soziala erabiliko dugula geure artean komunikatzeko. Zirkulu bat sortuko dugu G+en, eta bertan sartuko ditugu ikastaroan ibiliko garen ikasleak eta irakasleak. Eta hori egingo dugu, uste dugulako G+ek hainbat onura ekarriko dizkigula:

1. Informazioa partekatu. Aukera emango digu denoi informazioa partekatzeko, modu pribatuan. Hau da, zirkulu honetan irakasleok eta ikasleak baino ez gara ibiliko. Hauxe izango da gure foroa, gure plaza, eta hementxe trukatuko ditugu informazioa eta iritziak.

2. Learning by doing. Ikasleek egoera errealetan probatuko dute G+, sare sozialetan gazteena. Era horretan, zentzua aurkituko diote erremintari, eta berau erabilita ulertuko dute zelan dabilen eta zertarako balio duen. Ikastaroa bukatutakoan, elementu gehiago izango dute jakiteko beren erakundeetan aplika daitekeen edo ez.

3. Eduki aberatsak. Zirkulu honetan, testua ez ezik, bideoak, audioak eta argazkiak erabiliko ditugu. Baita loturak ere. Alegia, “eduki aberatsak” erabiliko ditugu, eta horrek osoagoa egingo du ikasleen esperientzia.

4. Hitzorduak. Asmoa dugu G+en hitzorduak erabiltzeko, hau da, bideo konferentziak, gure eskolen osagarri. Horretarako, oso egokia iruditzen zaigu G+en Hangouts erreminta.

5. Google Docs. Irakurri dugunez, laster Googlek Docs txertatuko du G+ sarean. Horrek erraztu egingo dio lana taldeari, eta denok ere errazago erabiliko dugu Docs-en sortu eta partekatutako materiala.

Aditu titulu hau urte batean euskaraz emango da, eta hurrengoan, gaztelaniaz. Hasteko, lehenengo edizio hau euskaraz abiatuko da. 2012ko urtarrilaren 12an hasiko da, eta 8 hilabete iraungo du. 2012ko irailaren 27an amaituko da, ikasleek egindako proiektuak aurkeztu eta gero. Izan ere, ikasleak bere erakundean edo kanpoan identifikatutako komunikazio arazo bati eman beharko dio irtenbide proiektu praktiko baten bitartez.

Argibide gehiago

Argibide gehiago nahi duenak ikastaroaren nondik norakoaz, begira dezala Scribd-en jarri dugun dokumentuan.

Erantzun

Sartu