Joan den ostegunean, Steve Jobsen heriotzaren berria zabaldu zenean, komunikabideak, sare sozialak eta Internet osoa dolu mezuz bete ziren, gizon handi bat hil zela esanez eta bere figura goraipatuz. Hori ikusita, bera eta berak egindakoak batere mirestekoak ez direla pentsatzen dugun batzuk ere saiatu ginen gure mezua zabaltzen sare sozialen bidez, baina oihartzun gutxi eta kritika askorekin. Joxe Arantzabalek, adibidez, esan zuen "arinkeria galantak" entzuten ari zela Jobsen aurka. Ez dakit zehazki nik esandakoei buruz ari zen, baina izan zitekeen lasai asko, ez bainintzen moztu Jobsez pentsatzen nuena esatean...
Suposatzen dut jende askori arinkeria iruditzen zaiola norbait hil berri denean hartaz gaizki esaka aritzea, baina nire iduriko zurikeria da bestela egitea horrela ez bada pentsatzen. Fraga edo Aitasantua ez ditu heriotzak hobeak egingo, eta ez dut uste horiek gizatxarrak direla pentsatzen duen inor, hiltzen direnean, berauek goresten hasiko denik... Beraz, zergatik jokatu beharko genuke ezberdin kasu honetan, Jobsek mirestekorik ezer ez duela pentsatzen badugu?
Bestela, arinkeria kontsideratzeko beste arrazoi bat izan liteke ez genuela arrazoitzen zergatik iruditzen zaigun hain gaiztoa Steve Jobs. Eta horretan arrazoia izan lezake, izan ere twitter-eko 140 karaktereek ez baitute argudio askorako tokirik ematen (baina orduan, arinkeria bera da "gizon handi bat hil da", besterik gabe, esatea, gehienek egin zuten bezala). Alabaina, Jobsen detraktoreoi, miresleei ez bezala, ez ziguten telebista, irrati eta prentsan minutu eta lerroak eskaini gure jarrera azaltzeko... Eta ez digute eskainiko, komunikabide tradizionalak sinistuta baitaude iPad-a eta applezaleen ordaintzeko ohitura direla beraien negozioaren azken salbabidea (eta gainera kazetarien mundua beti izan da maceroa). Beraz, gure blog xumeak dira geratzen zaigun adierazpide bakarra. Artikulu honetan azalduko dut zergatik ez ditudan Jobs eta Apple batere maite.
Hori bai, azalpenok zuzenduta doaz euskal munduko jendeari (badakizue zer esan nahi dudan, jende ezkerrekoa, alternatiboa, askatasunen aldekoa, kausa txikien defendatzailea, antisistema, euskaltzalea... orokorrean horietako ezaugarri bat edo batzuk betetzen duen jendea). Izan ere, nire argudioek bestelako jendea (eskuinekoa, kapitalista...) ziurrenik ez dute konbentzituko. Horiek Jobs mirestea normala iruditzen zait, baina beti harrigarria iruditu zait euskal munduko hainbeste jendek Steve Jobs eta sagartxoaren konpainiarengatik sentitzen zuen admirazioa. Beste alor batzuetan inola ere bultzatuko ez lituzketen balore eta printzipioak, informatikaren kasuan, liluratuta dituzte. Bihoazkie horiei azalpenok, ea bat edo bat iritziz aldatzea lortzen dudan.
Jobsen asmakizun miragarriek mundua aldatu omen dute, komunikabideei kasu egiten badiegu: leihodun interfazeak, sagua, iPod-a, iPhone-a, iPad-a... Baina nik ez nieke asmakizun deituko horiei:
Teknologikoki, beraz, Jobs eta Applek ez dute egozten zaien meriturik. Aitortu behar zaiena da oso onak direla ideiak kopiatzen, diseinu erakargarri bat ematen, marketina egiten eta arrakasta izaten. Arrakasta horrek eraman du konpetentzia gauza bera egitera, gailu mota horiek gehiago popularizatzera eta, egia da, jendearen ohiturak eta mundua (lehen mundua behintzat) aldatzera. Ez da meritu makala, horrelako gauzak meritutzat badituzu. Baina horiek al dira miresten ditugun baloreak? Ona izatea kopiatzen, diseinu politetan, marketinean eta arrakasta izaten? Hurrenez hurren, klaseko kopiatzailea, haute couture, anuntzioak eta Belen Esteban miretsiko bagenitu bezala da...
Appleren produktuak urrezko kaiola bat dira. Politak, erabilterrazak, baina beraiek uzten dizutena soilik egin dezakezu. Beraien AppStore-ko aplikazioak soilik instalatu ditzakezu, beraiek erabakitzen dute zein aplikazio egon daitekeen AppStore-an:
Ia derrigortuta zaude musika, bideoak, egunkari eta aldizkarietarako harpidetzak beraien iTunes-en erostera (portzentaje ederrak kobratzen baitituzte, %30 arterainokoak):
Neurri hauetako asko irabazi asmo hutsengatik dira, beste batzuk "gure onerako eta segurtasunerako" omen, beste batzuk ez datozelako bat beraien mundu ikuspegiarekin. Baina onartuko al genituzke gure bizitzako beste arloetan askatasun murrizketarik segurtasunaren izenean, (besteren) diruaren izenean edo zentsuraren izenean?
Zaldieroak ostegunean bertan Euskalerria Irratian esan zuen "Jobsek... kendu zien informatika informatikariei eta jarri zuen jendearen eskuetan" (5:20 minutua). Ze gaiztoak gu informatikariak, eta ze ona Jobs! Ba barkatu, baina ez: Jobs Santuak informatika jarri du soilik bere produktu hipergarestiak erosteko gai diren lehen munduko aberatsenen eskuetan, gizateria osoaren %10 edo. Eta informatikari zitalok (edo gutako portzentaje handi bat bai behintzat), Software Librearen mugimenduaren alde ari gara, benetan informatika jende guztiaren eskuetara eraman dezakeen mugimendua.
Izan ere, Appleren edozein produktuk (ordenagailuak, iPhoneak, iPadak...) gauza bera egin dezaketen eta Applerenak ez diren pareko produktuen bikoitzetik gora balio dute (kasu askotan, esango nuke 4 eta 5 aldiz gehiago ere balio dezaketela). Nik aluzinatu egiten dut ikusten dudanean euskaldun jendea, ezkertiarra eta antisistema, Audi kotxe bat ez lukeena inoiz erosiko ez diruagatik baizik eta printzipioengatik, 600 euro gastatzen telefono baten!
Toki askotan esan dute Jobs izan dela informatikaren historian eragin handiena izan duen pertsonaia. Putza! Informatikaren mundua ezagutzen ez dutenek soilik esan dezakete hori, informatika tontoentzako jostailutxoak besterik ez direla uste dutenek. Informatikaren historia izen handiz beteta dago, zeintzuk gabe Steve Jobsek ezin izango zuen egin egin duena: Turing, Kerninghan, Kay, Dijkstra, Shannon, atzo hil zen Ritchie... Eta azken urteetara mugatzen bagara, Berners-Lee (webaren asmatzailea), Torvalds (Linuxen sortzailea) edo Stallman (Software Librearen mugimenduaren sortzailea eta GNU C konpilatzailea eta Emacs bezalako programen sortzailea) askoz eragin handiagokoak izan dira nire ustez. Eta hori guztia printzipioetan ere Jobsen antipodetan daudelako. Hauek beraien asmakizunak patentatu eta aberasteko garesti saltzeari ekin izan baliote, weba ez litzateke existituko, edo ez gaur egun ezagutzen dugun bezala, webgune bat egitea eta ostatatze bat ordaintzea ez baitzen edozeinen eskuetan egongo. Eta ea nork erosiko zukeen iPhone bat, webik gabe!
Steve Jobsen adierazpenei harrokeria darie sarri, konpetentziarekiko mespretxuz eta nagusitasunez hitz egiten du askotan:
Eta bere keynoteen telepredikatzaile kutsuaz zer esan... Bizitzako beste arloetako adibideekin konparatzen jarraitzeko, ez dut uste Berlusconi eta Aznarren harrokeria direnik guretzat eredu, ez?
Hemen kritikatu ditudan jarrera eta ekintzak, ez dakit zenbateraino diren Jobsenak eta zenbateraino Applerenak. Izan ere, zaila egiten zait pentsatzea asmatutako produktu guztiak, hartutako erabaki guztiak, zuzen nahiz oker, pertsona bakar baten gauza direnik; enpresa handi bat dago hor atzean, besteek ere izango zuten parterik... Badaude ahotsak diotenak Jobs irudi publikoa besterik ez zela, beste batzuek diseinatu zituztela produktu guztiak eta bera saltzailea zela soilik. Ez litzateke harritzekoa ere, marketinean oso trebeak direla ezin baita ukatu. Hala balitz, nahi gabe izanik ere, Jobsen heriotza marketin operazio bikain horren azken kolpe aparta izan da, dohaineko publizitate mordoa eman baitie mundu osoko komunikabide guztietan. Edonola ere, ez dut teoria honen alde eskua sutan jarriko. Ukaezina da Jobsek sortu zuela Apple enpresa, egoera onean egotetik ia porrot egin zuela egon ez zenean eta itzuli ondoren berriz ere gora joan zela munduko enpresa garrantzitsuenetako bat izateraino, beraz zerbait egingo zuen Jobsek. Hala ere, niretzat ez du hainbesteko garrantzirik honek: egindakoak kritikatzen ditut, egilea bat Jobs ala Apple izan.
Steve Jobs bisionario bat zela esan dute askok, eta hala zen. Mundua teknologikoki nolakoa izatea nahi zuen ikuspegi bat zuen, eta hori lortzen saiatu zen. Baina bere mundu ideal hori, oso polita izanagatik ere, berak kontrol eta aginte erabatekoa duen mundu bat da, eta elite batentzat soilik. Horrelako beste bisionario batzuen adibideak etortzen zaizkit burura eta ez dira prezisamente miresten dugun jendea... Zergatik informatikaren kasuan eta Jobsekin bai?
Beno, bukatu dut. Azken aldian inguratzen nauen Jobsmania horri aurka egin beharra nuen eta barruak lasaitu. Eta bide batez, komunikabideek ez dutenez egiten, nonbait plasmatuta utzi Jobsen figurarekiko iritzi ezberdin bat. Badakit hau tanta bat dela adorazio artikuluen ozeanoan, ahuntzaren gauerdiko eztula, eta eragin hutsala izango duela, are gehiago kontuan izanik azken aste honetan idatzi eta esan diren guztiekin teknofoboenari ere iritsi zaiola Jobs eta Appleren bikaintasunaren mezua... Hala ere, poztuko nintzateke hemen esan ditudanek bat edo beste "alde iluna" uzteko konbentzituko balute. Baina ez dut esperantza handirik... Hainbat fanboyri (horrela deitzen zaie Appleren zaleei) komentatu izan dizkiet nire argudio eta arrazoiak, eta horiekin nahiko ados egon daitezkeen arren, "eske hain guay da nire iLokesea... mi tessooroooo...". Erlijio baten antza du: kontrakoaren frogak erakutsi arren, sinesten jarraitu nahi dute.
Ala, bota dut. Has zaitezkete desfolloweatzen, "Desatsegit" botoiari ematen edo erantzunetan despotrikatzen, eta Appleren hurrengo gadgeta erosteko aurreratzen. Good night, and good luck.
Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: Igor Leturia e-Gorblog
Stallman-ek: "No me alegra que Steve Jobs haya muerto, pero sí que ya no esté"
Horren arira, Barrapunton eztabaida:
http://ttiki.com/31821
Joe, Igor, hori astindua!
Ni izan naiz Jobs-en "alde" idatzi duen horietako bat. Alde komatxoen artean jarri dut, argi esaten bait dut ez nagoela ados Jobs-ek (Jobs=Apple ekuazioa aplikatuz) hartutako erabakiekin.
Baina nik bai onartzen diot egungo kontsumoko informatikan izan duen papera. 600 euroko sakeleko telefono hori merkaturatu ez balu izango genuke gaur egun Android sistema? Erabiltzaile interfazeari emandako inportantzia gabe eboluzionatuko bertin eboluzionatuko zuten gure mahai gaineko sistemak? Baliteke baietz, baina, bide horren garrantzia ikusten lehenengotakoa izan zela onartu beharko zaio.
Diozu ez duela ezer asmatu, bazirela xagu, lehidun interfaze, mp3 jogailu... Ados, ez zituen asmatuko baina aurrez beste batek egindako lana jaso eta zuk aurrera egitea beti egin dugun zerbait da.
Txorakeria asko esan direla argi dago, baina uste dut hori sarri gertatzen dela horren pertsona 'mediatikoekin'
Bere produktuak elitistak, garestiak, itxiak eta komentatzen dituzun beste gauza horiek guztiak direla ere onartzen dizut, baina ez ahaztu, jende askok hori nahi duela, hau da zerbait kaxatik atera eta konplikazio gehiegirik gabe funtzionatzen jarri.
Aitzol
Hasteko, Igor, zure artikulua oso interesgarria da, eta atsegin dut. Are gehiago, bat nator zuk esandako gauza askorekin.
Hala ere, gauza bat argitu nahi dizut. Jobs hildakoan idatzi nuenean hau: "Aspalditik jarraitu izan dut Steve Jobs-en lana, mirespenez gehienetan. Hil denetik, berriz, denetik entzuten ari naiz, baita arinkeria galantak ere", gogoan nituen ez Jobsekiko kritikak, baizik eta gehiegizko laudorioak: asmatzaile itzela izan zela, etab. Badirudi beste era batera uler zitezkeela nire hitzak --zuk, behintzat, horrela ulertu dituzu--, eta sentitzen dut.
Euskadi Irratian hitz egin nuenean, adibidez, aipatu zidaten Applek ateratako oharra, non esaten baitzen Jobsek mundu hobea utzi zigula, eta orduan esan nuen hori enpresaren ikuspegia izan zitekeela, baina niri exajerazio hutsa iruditzen zitzaidala, bakarrik aplika baitzitekeen Mendebalera, eta horren barruan maila batetik gorako zenbait jenderi.
Goiena Telebistan egindako elkarrizketan, berriz, esan nuen niri askoz ere erabakigarriagoa iruditzen zitzaidala Tim Berners-Lee Jobs baino, gizartean bere eragina askoz sakonagoa izan delako.
Berriro esango dut, aspalditik jarraitu izan dut Steve Jobs-en lana, mirespenez gehienetan, baina konturatzen naiz baduela alde ilun bat, gustatzen ez zaidana. Horregatik akaso --errepikatuko dut Goienan esandakoa--, aspaldiko mac erabiltzaile izanagatik ere, arrautza guztiak ez dauzkat saski berean: etxean mac bat daukat; lanean, pc bat; telefonorako, Android darabilt; eta irakurgailu digitala, Amazonek egina dut.
Amaitzeko, Igor. Eskerrik asko artikulu landuagatik. Gustatu zait, eta gorde egin dut Diigon, beste batzuekin partekatzeko prest.
Ados nago Igorrek aipatutako arrazoi guztiekin. Ezin dugu ahaztu Jobs arrakasta puntu gorenean zegoen enpresari amerikarraren adibide garbiena zela, "self made man" deitzen den horietako bat gainera. Beraz, diseinua eta marketina, kontrola, produkzioa, diru nahi asezina, harrotasuna (apalago agertu behar izan zuen boladak ere bizi behar izan zituen)... berari eta bera bezalako beste enpresari askori dagozkien ezaugarriak dira (Mark Shuttleworth berari ezarri nizkioke nik zerrenda horretako pare bat behintzat). Tamalez, bizi garen gizartean badirudi enpresari izatea eta balore eta konpromiso sozialak adieraztea kontratrajarriak dauden alderdi bi direla; horregatik ados nago Igorrekin, ikuspegi ezkertiar batetik aztertuta behintzat, Jobs-en alderdi hori salagarria dela
Baina nire ustez bada zerrenda horretan faltan botatzen dudan alderdi bat, alderdi bat non benetan Jobs eta Apple berritzaileak izan diren, eredugarriak eta bide berriak urratu dituzten. Teknologia munduan oso enpresa gutxi izan dira gai, arlo horretan, euren mailan egoteko (Nintendo izan daiteke bakarrenetako bat). Apple-ek "erabiltzaile esperientzia" bezala aipatzen duena goitik behera aldatu informatikaren esparruan.
Nintendok ez du azelerometroa asmatu, ezta izpi infragorriak edo bluetootha. Baina gai izanda elementu guzti horiek modu inteligente batean konbinatzeko Wiimote izeneko gailu batean, gure esperientzia euren bideojokoetan jolasterakoan ordurarte ezagutzen ez genuen esperientzia berri, harrigarri eta erakargarri batean bihurtzeko. Eta niretzat Apple urteak daramatza esparrru horretan berritzailea izaten, bai hardware mailan baita software mailan ere.
1984an lehen Macintosh-aren aurkezpena (http://www.youtube.com/watch?v=2B-XwPjn9YY) Nintendoren Wiimote-aren adibidearekin parekatuko nuke nik; Jobs gai izan zen ordurako dagoeneko asmatuta zeuden hardware eta software elementu eta kontzeptu desberdinak ordurarte inork konbinatu ez zituen moduan aurkezteko. Lehen ordenagailu harren ekarpen nagusia horixe izan zen; ordura arteko erabiltzaileen esperientzia goitik behera aldatzea. Ordenagailua "erabiltzea" zerbait "desberdina" bihurtu zen ordutik aurrera.
Enpresa askok garrantzia gehiegi eman ez dioten arloan beritu du Aplle-ek eta egun, enpresa asko dira euren parean jartzen ahalegintzen ari direnak, bai hardware mailan (argi eta garbi antzeman daitekeena eramangarri, mugikorren eta tableten esparrruan) baita software mailan ere (ikustea besterik ez dago zein izaten ari den Ubunturen bilakaera azken urteotan eta nola, MacOs-en urratsak jarraituta, Linux banaketa guztien artean erabiliena izatea eraman duen).
Artikulu honetan esan diren gauza askorekin bat natorren arren, badaude gauza batzuk gustatu ez eta gorroto ulertezin hutsetik idatzitakoak direla iruditu zaizkidanak.
Egia da ez zitzaiola hainbeste inpaktu mediatikoa eman behar bere heriotzari, azken finean bere burua aberasteko produktuak kaleratu besterik egin ez duen pertsona bat da, baina bere "asmakizunen" aurreko produktuak ikusi besterik ez dugu egin behar konturatzeko iphone aurreko telefonoek ez zutela zerikusirik gaur egungokoekin (Edozein markakoak). Hala ere ez da hori irangarri iruditzen zaidana, egunean miloika pertsona hiltzen dira eta berririk ez albistegietan.
Esan hai dudana da inork ez dizula esaten zer erosi behar duzun ta zer esan duzun erosi behar edo behintzat inork ez zaitu behartzen, ez bazaizu gustatzen apple-ren politika ez itzazu bere produktuak erosi ta listo. Appleen produktuak erosten ditugun pertsona guztiak ez gara tontuak, ta ez dugu gauza hauek kontatuko dizkigun inor behar. Informatikaria naiz, diseinatzailea eta programatzailea, ta txiki-txikitatik erabili ditut PCak eta bestelako gailu "modernoak". Orain ordea, MAC erabiltzen dot, eta ez da sekta baten sartu naizenik baizik eta ordenagailu mota ezberdin bat erosi dudala, lan egiteko makina bat, besterik ez.
Iraingarria da irakurtzea ezkerreko edota antisistema pertsona batek ezin duela aukeratu zer nahi duen edota informatika arloan ze gailuak erabili, esango diguzu zuk? Hori bai dela sektarioa. Zuk idatzi duzun ordenagailutik enpresa ugarik egindako produktu eta piezez beteta dago. Lupa batekin aztertu al duzu dena piezaz pieza egin duen enpresa ona ala txarra den jakiteko dirua askatu baino lehen? eliteetarako produkturik fabrikatzen duen? irekia ala itxia den? EZ, zihurrenik lanerako asebetetzen zaituen besterik ez duzu begiratu.
Modan dagoen konpainia kritikatzean datza asuntuak. Orain apple, lehen microsoft, bestela nokia edo auxkalo!
Konpainiak betidanik izan dira itxiak bere sistemei dagokienez, ala microsoft-ek windowsekin nahi duzuna nahi duzula egiteko baimena ematen zizun trabarik jarri gabe?
Espero dot iritzi hauen aldekoak diren denak linux erabiltzea, bestela hipokresia hutsa besterik ez. Sagarra ustel dago? baliteke, baina kapitalismoaren munduan ba al dago usteldurik ez dagoenik? ez gaitezen hipokritak izan mesedez.
(Igorren blogean utzitako erantzuna da hau, konbertsazioa paraleloan eramaten ari bait da)
Oso artikulu hona eta oso ondo arrazoitua gainera. Ni orokorrean bat nator argudioekin ez bait zait gustatzen Applen politika nahiz eta euren produkturen bat eduki (eta agian etorkizunean besteren bat erosi). Harrotasuna, erabateko kontrola eta itxitasunaren eta diru nahi aseezinen argudioekin guztiz ados nago. Elitista izatearena puntu bateraino ados, nik ustet azken aldi hontan nahiko eskura daudela Appple-en produktu batzuk lehen munduan bizi garenentzako, horrek esan nahi du elitista izaten jarraitzen duela baina ez lehen munduko biztanleentzako. Baina hori bai, teknologikoki merituak kentzearekin ez nago batere ados, izan ere uste dut Apple aintzindari eta eredu izan dala produktu batzuk sortzen eta merkaturatzen (iPhone-a eta iPad-a kasu) eta nik ustet ezin dala esan soilik kopiatu dituela, hori asko sinplifikatzea da, barrikuntza eta ingeniaritza lan handia dago atzetik.
Eta azkenik, zurikeriari buruz (Twit batzuk gurutzatu genituen honi buruz beste egunen) niri nekagarria iruditu zaizkit komunikabide tradizionaletan Jobsen figura goraipatuz publikatu diren artikulu guztiak. Nire ustez bere alderdi izkutu eta gaiztoak ere publikatu eta argi utzi beharko ziran baina hamendik Stallmanen hitzetara pausu handi bat dago eta hitz horiek ez diote batere mesede egiten software librearen munduari nire ustez.
Ona Igor, oso ona eskainitako hausnarketa. Dudarik gabe, ondo landutakoa.
Zuk eskainitako ideia batzuekin bat nator, baina badira konpartitzen ez ditudan beste batzuk.
Sarrera moduan, balizkoa izan daiteke informatikarekin izandako esperientzia aipatzea. Tamalez, ez naiz informatikoa. Zerbait esatearren, ofimatiko friki bat izan naiteke. Orain dela 5 urterarte Windows erabiltzailea, azken 5 urteak Ubunturekin pasatu dituena eta apiriletik hona, Macintosh bat daukana. Batzuk azken aldaketa hau astakeriatzat izan dezakete. Baina gogorra egiten zitzaidan aldaketa batzuk egin ahal izateko kontsola parean internetetik jasotzen nituen lerroak kopiatzen ibiltzea, zer egiten nuen ez nekiela gehienetan. Anekdota gisara, Freemind instalatu eta erabil ahal izateko asteburu oso bat pasatu nuen JAVAren ez dakit ze parametro konfiguratzen (errorea horrek ematen zuela jakin artekoa kontutan izan gabe). Hemen, bat nator Jolaus-ek aipatutakoarekin. Jobs-ek ez ditu telefonoak eta tabletak asmatu, baina erabilterrazak egin ditu, eta nik uste hor dagoela informatikaren gakoa.
Informatika baliabide bat da gehienontzat. Baina batzutan, informatika bera informatikarientzat egina da. Hemen, kritikatu baino, zer ikasi aztertzea ez litzateke txarra. Software librearen filosofíarekin erabat bat nator, baina azkenean beste negozio eredu batetaz ari garela konturatu naiz. Baina beno, hau beste kontu bat da eta hurrengoan luzatuko naiz.
Android sistema aipatzen duzu, ez dakit libre moduan kontsideratzen duzun, baina uste dudanez (zuzendu idazu oker banago), mugak haundiak dira. iPhona liberatzeko garantía jokoan jarri behar duzu, gainontzeko telefonoekin bezala, baita Android-ekin ere. Sistema librea da, baina norainoko askatasuna ematen dizu zure mugikorrean aldaketak egiteko? Ez dezagun ahaztu Android Google-en produktua dela, eta ez dakit ba norbere pribatutasunaren negozioa Apple-en produktu garestiena baino egokiagoa den.
Informatika mundua ezagutzeaz ari zara. Baina gehienok informatika baliabidetzat dugula gogorarazten dizut. Biologoak biología mundua ezagutzea eskatuko du eta ekonomilari batek, ekonomia. Nire kasuan informatika hobby moduan izan arren, konsziente naiz nere lanerako baliabide bat dela, eta lan berdina denbora erdian egin badezaket, are hobeto. Lan berdina egiteko ez dakit ze librería jaitsi behar badut, horretarako ez dakit zenbat forotan sartu behar naizela jakinda, etsipena nagusitzen da. Ez dut uste erabilerraztasuna baloratzen dugunok tontotxoendako informatika bilatzen dugunik, praktikotasuna baizik. Hau Apple-ek ondo ulertu duela uste dut, eta berriro diot, badaukagu zer ikasi.
Azkenik, ez dut ondo ulertu zertara datozen Audia eta 600 euroko telefonoa. iPhonaz ari bazara, Android telefonoak ez dira askoz merkeagoak. Audiaz
zer esango dizut ba nik, 10 urte beteko dituen eta laister 270.000 Km egingo dituen Seat normaltxo bat daukat. Hori eta elitista egiten nauen Macbook bat. 30.000 euroko Audia duena 50.000 euroko Transporter bat duena baino elitistagoa al da? Konparaketa hauek soberan daudela uste dut. Noski, egokiena aberastasun hori banatzea izango zen. Baina Apple eta elitismoa konparatu dezakegun moduan gaur eguneko produktuen %99a dira elitistak, munduko biztanleriaren %90ak erosi ezin ditzaken neurrian. Hau irakurtzen ari garen %100 gara elitistak, bestela galdetu gainontzeko %90 hori osatzen duen edonori.
Ni aski ezjakina naiz informatika munduan, baina uneoro erabiltzen ditut teknologia berriak, izan sare sozialak edota orotariko programak. Informatika produktuen erabiltzaile sutsua naiz baina ez ditut ulertzen softwarearen nondik norakoak.
Hori esanda, ez dut aparteko ekarpenik Jobsen herentziaz hitz egiteko edo berau baloratzeko.
Hala ere, nire esperientzia azaldu nahi dut. Esperientzia bitxia.
Duela 8 bat urte hasi nintzen, unibertsitatean, Mac-ak erabiltzen. Ez zuten birusik, errazak ziren, maketazio lanik ezin nuen imajinatu ere egin mac bat esku artean izan gabe. Maitemindu egin nintzen ordenagailu hauetaz. Unibertsitatetik ateratzean, ez nuen erosi mac bat ez neukalako dirurik. Banituen bi lanean, mahaigainekoa eta eramangarria, eta horiekin moldatzen nintzen. Lana utzi eta mac horiek ere utzi egin nituen. Ordutik ez dut macik erabili.
Duela urte bete, sakeleko telefono berri bat behar izan nuen. Mila milioi puntu neuzkan eta mila milioi sakeleko eskaintzen zizkidan Telefonicak (nazkagarriak), baina konpainiaz aldatzeko gogoa nuenez beste batera hots egin eta iPhona oparitu zidaten, tarifa bikain batekin. Telefonicak orduan dei egin zidan mugikor bera eta tarifa hobea eskainiz. Onartu egin nuen.
IPhone berria iritsi orduko, ez nuela nahi erabaki nuen. Nahiago nuen Android bat doako aplikazioak gehiago zirelako eta bestelako sistema eragileak onartzen zituztelako smartphone modelo batzuek.
Telefonicara deitu nuen iPhone hori zegoen lekuan gelditu eta horren prezio erdia balio zuen beste sakeleko bat eskatzeko. "Erdia balio du, ez da arazorik egongo", pentsatu nuen. Bada, bai. Arazoak jarri zikidaten. Ugari gainera.
Iphone zikinarekin ez banintzen geratzen ez zidaten beste eskaintzarik egiten. Konpainia berriz utziko nuela esan eta aurreko eskaintza egin zidaten konpainiara deitu nuen. Han ere ez zidaten tarifa horrekin beste eskaintzarik egiten. Ezin nuen ulertu. Iphone zikinak saldu nahi zituzten dendara iristeko hile bete tardatzen zutela jakinda ere.
Gaur da eguna, urtebeteren ondoren, iPhone puta hau gorroto dudala esaten dudana. Gorroto dut nire indar guztiekin. Eta gorroto dut iTunesa. Eta iPhonerako aplikazio guztiak.
Astebete darama nire sakeleko honek sarera konektatzea zer den jakin gabe. Bideo bat ikusteko komeria galantak! Telefonicara deitu eta arazoa Jobsena dela (zela) diote. Bertan eskatzeko kontuak. Beste urtebetez Jobsen herentziari lotuta ez banintzateke egon beharko ez banintzateke itsasoaren hondoan geundeke iada, nire sakelekoa eta biok.
Datorren Antzar egunean zoriontsu egingo dut salto uretara Jobsek utzitako herentziaren kateekin. Itotzen banaiz ere, ez dut berriz sakelekoa sinkronizatu beharrik izango!
Joxe, hanka guztiz sartu dut, gaizki ulertu dut zure artikulua. Miresten zenuela esan zenuenez, pentsatu nuen arinkeria iruditzen zitzaizula berarekin sartzea... Barkatu toki txarrean utzi bazaitut, artikuluaren zati hori aldatzeko edo rektifikazio bat gehitzeko prest nago, bai nire blogean eta baita hemen ere (Sustatuko editoreek uzten badute).
Sustatuk nire blogetik artikulua hartu ondoren, esaldi pare bat gehitu dizkiot, "Informatikaren mundua ezagutzen ez dutenek soilik esan dezakete hori, informatika tontoentzako jostailutxoak besterik ez direla uste dutenek" esaldiaren ondoren: "Erran nahi baita, informatika etxeko erabiltzaileentzako ordenagailuak eta telefonoak baino askoz gehiago dela: zientzia eta teknologiako ikerketan erabiltzen diren superkonputaziorako ordenagailuak daude, Interneteko web zerbitzariak, makina eta gailuak kontrolatzen dituzten sistema eragile eta programak... Horiek gabe mundua ez litzateke inondik inora gaur ezagutzen duguna. Eta badakizue zein den Appleren presentzia edo influentzia horietan? Zero. Nada. Niente. Nothing. Rien." Uste dut horrela hobeto ulertzen dela.
Biharko utziko dut nire ekarpena, baina utzidazue sikiera gaurko egunerako lerrotxo arin batzuk idaztea.
Igor, oso itsusia iruditzen zait idatzi duzun testu hori. Dakigunez Steve Jobs ez da hil. Ilargiaren alde ezkutuan base bat eraiki du eta hemendik aurrera tresna berriak lantzen ibiliko da han zu bezalako kritikoiengandik urruti, bake ederrean. Jakin dugu ere Apple-en basea eraikitzeko aurretik ilargiaren alde ezkutuan zeuden base nazien aurka egin behar izan dutela gogor eta Applezale askok eta askok bizitza galdu dutela Hitlerren lunatikoen eskuetan. Beraz errespetu piska bat eskatzen dizut, arren.
(bihar entsegu entziklopediko batekin egingo dizut aurre)
Tira Igor, ezingo diogu ba Apple eta Jobs-i leporatu euren negozio esparrua sekula izan ez den horretan ezer egin ez izana, ala?
Apple informatika pertsonalera nagusiki dedikatu den enpresa bat izan da eta, iPod-a kaleratu zutenetik, kontsumo-elektronikara. Hortxe kokatu behar dira bere ekarpenak (egon badira behintzat). Aipatzen dituzun beste kontu horiek lekuz kanpo daudela iruditzen zait.
Jolaus, niri ez zait iruditzen hain tokiz kanpo daudenik. Jobsen galera informatika munduaren apokalipsia balitz bezala saldu izanari erantzuten diola uste dut, informatika munduan eraginik handiena izan duen gizon bezala saldu da eta Igorrek informatika mundua kontsumo pertsonalera ez dela mugatzen gogora arazi du, besterik ez.
Nik ere aitortzen diot zuk aipatzen duzun bisionario izaera, adibide ona iruditzen zait WIIarena, baina aitortzen dut tripak jaten dizkidala hori ikustera edo ulertzera iritsi ez den jendea bere gadgeta polita delako Guru bat hil dela esaten entzuteak.
Ez bakarrik Steve Jobsen alde, Bill Gates-en alde ere badut zerbait esateko. Eta ez zait okurritu orain, Jobs hil denean edo Leturiaren mezu interesgarriak erantzun kate handi bat sortu duenean... Apirilean idatzi nituen jarraian datozen hitzak, gaia oso bestelakoa zelarik, Mad Men telesaila:
Beste alderdi batetik ere erakargarria egiten zait Mad Men. Pribilejiatuen mundu bat marrazten zaigu, gizateriaren gailurrean bizi dira Manhattango kale horietan, baina ez da ingurune aristokratiko bat. Ez da, gaztetxotan ikusitako serie eder haiek bezala, Brideshead Revisited edo The jewel in the Crown, aristokrazia britainiarraren mundua... Lana egiten dute Mad Men horiek produktuak saltzen, eta lehengai bakarra dute, adimena. Etika amerikar hori neuri gustatzen zait. Espainian konexio politikoak eta pertsonalak dira dirua egiteko moduak. Estatu Batuetan, injineritzako buru azkarrenak dira aberatsenak, Bill Gates, Steve Jobs, Facebook-eko Zuckerberg...
Bestalde, Jobs zerura igo dela-eta zenbait komiki ikusi ditut hortik. Suposatzen dut Leturia komikizaleak apreziatuko duela hau bereziki, agian onena.
Gizateria, etika, eta Bill Gates entzun ditut? Afrikako azken gosetea dala ta, kalkulu bat egin zuten, zenbatekin konpon zezaketen arazoa. Mila miloi dolar atera zitzaien. Bill Gates-ek, berak bakarrik, pertsona batek, Forbes zerrendaren arabera behintzat, holako 52 ditu. 1 behar da, eta pertsona batek, berak bakarrik, 52 ditu. 52 mila miloi dolar.
Ez dago matxinadarik munduan, ez orain arte behintzat.
Teletransportazioa asmatuko dute, hemendik gutxira. Gutxien espero degunean, erabat ustekabean, presentatuko zaizkigu egun batean beltz haundi batzuk gure logelan, hankapuntetan, ordenagailuan gauden bitartean, eta euren matxete haundiez zintzurra ebakiko digute.
____
E-gor,
Ados nago zure iritzi-artikuluan botatzen dituzun kritika batzuekin. Apple/Jobsek hartutako sistema itxien aldeko apostua adibidez erabat kritikagarria ikuspuntu humanista batetik. Halere, ez dut ulertzen diatriba honen beharra. Azken finean kritikatzen duzun Apple/Jobsekiko jarrera erlijiosotik hurbil baitago zure idatzia. Akolitoentzeko den den jainkoa zuretzat satan handia da. Apple/Jobs-ek meritu teknologikoak ere badauzka. Zuk ez duzu bat ere aipatzen. Plagioei eta diseinu politeeti buruz hitz egiten duzu bere ekarpenak mesprezatuz. Baina beste batzuk esan duten bezala lan aitzandariak ditu erabiltzaile-interfazeen eta injenieritza elektronikoaren alorretan.
Nire ustez zure hausnarketak asko irabaziko luke Apple/Jobsen ekarpen onak ere aipatuko balitu.
Dena dela, eskerrik asko eztabaida pizteagatik.
Ondo segi
Esan behar dut euskal munduaren inguruko komentarioa ez zaidala oso egokia iruditu. Azken finean, eta Berri Txarrak-ekoei hitzak lapurtuz, denok saiatzen gara gure kontraesanekin koherente izaten, baina beti ezin justifikatu. Igorrek ere izango ditu bereak...
Steve Jobs-en inguruan esan direnei buruz komentariorik ez dut, bere mediatikotasunaren, eta ohiko komunikabideen kriterio ezaren ondorio direla iruditzen zait, bai batzuk bai besteak.
Orokorrean bestela, ados nago idatzitakoarekin. Iruditzen zait Apple-n/Jobs-en meritu handiena komertziala dela. Apple-n hasierako garaietan, Jolaus-ek aipatu duen moduan, gai izan ziren gailu erakargarri bat egiten, eta hori bere horretan ere berritzailea izan daiteke. Baina, esango nuke puntu berritzaile hori aspaldi galdu duela. Gaur egun ez dut uste teknologia edo erabiltzailearen esperientziaren ikuspuntutik ezer berezirik eskaintzen duenik merkatuko beste gailu batzuen aldean, kontua da izen bat irabazia duela eta marketing makineria bikaina daukala.
Hemen esan direnetako batzuekin bestalde ezin dut ados egon. askatasunerantz
>Appleen produktuak erosten ditugun pertsona guztiak ez gara tontuak, ta ez dugu gauza hauek kontatuko dizkigun inor behar.
Zuk informatikaria izanik ez duzu horrelakorik behar, baina nik uste dut jende askok ez dakiela eta ez dagoela sobran kontatzea. Era guztietako informazioa egon behar du, baita hau ere. Nik diodana da, jaso informazioa, izan kritikoa eta gero bost axola bazaizu, aurrera. Artikuluan inolako ezagutzarik gabe Jobs/Apple "miresten" dutenak kritikatzen direla batez ere, ez Apple produktu bat duen edozein, hori da nire interpretazioa behintzat.
>Esan hai dudana da inork ez dizula esaten zer erosi behar duzun ta zer esan duzun erosi behar edo behintzat inork ez zaitu behartzen, ez bazaizu gustatzen apple-ren politika ez itzazu bere produktuak erosi ta listo...
>Modan dagoen konpainia kritikatzean datza asuntuak. Orain apple, lehen microsoft, bestela nokia edo auxkalo!
>Konpainiak betidanik izan dira itxiak bere sistemei dagokienez, ala microsoft-ek windowsekin nahi duzuna nahi duzula egiteko baimena ematen zizun trabarik jarri gabe?
Ez dut Mac ordenagailurik nahi, beraz ez dut erosten. Baina gaur egun merkatuko ordenagailuen %98 (eramangarri edo mahai gainekoak) M$ Windows-ekin dator, eta nahiz eta erosi bezain laster linux sartu windows lizentzia berdin berdin ordaintzen dut. Beraz ni zerbait erostera "behartzen" naute (badakit horren errua ez dela Apple-ena). Noski informatikaria izanda ziurrena bilatu dezaket alternatiba, baina informatikariak ez diren edo dena eginda erosi nahi duen beste jende guztiak, Mac eta Windows-aren artean aukeratzea besterik ez dute...
jolaus, ez nago ados esaten duzunean ubunturen arrakasta MacOS-en urratsak jarraitzeari esker datorrela diozunean. Iruditzen zait Ubuntuk arrakasta handia lortu badu, beste gauzen artean, hardwarearen integrazio hobea eskaintzen duelako izan dela (batez ere ordenagailu eramangarrietan), orokorrean gauzak instalatzeko "erraztasunak", eta baita ere ezin ukatu, atzean konpainia indartsu bat duelako. Baina software aldetik, edozein linux distribuziotan eduki daitekeena eskaintzen du (interfaze grafikoa, programak...). Alderantzizkoa ere gertatzen omen da...
Artikulua gustatu zaizuenei, pozten naiz, benetan.
Aitzol: Nik ez dut kontsumoko informatikan izan duen papera ukatzen. Onartzen dut arrakasta izan duela eta esan dut "arrakasta horrek eraman du konpetentzia gauza bera egitera, gailu mota horiek gehiago popularizatzera eta, egia da, jendearen ohiturak eta mundua (lehen mundua behintzat) aldatzera". Baina meritu teknologikorik duenik ez dut uste, bere ekarpena diseinua da soilik. Zein teknologia berri garatu du Applek? Bat ere ez. Eta, zuk ondo diozun bezala, kontsumoko informatika aldatu du; eta informatika askoz gehiago da, munduak azken urteetan izan dituen aurrerapen teknologiko asko informatikaren aldetik etorri dira eta Apple-k hor ez du inongo eraginik izan edo ekarpenik egin.
Diozu "aurrez beste batek egindako lana jaso eta zuk aurrera egitea beti egin dugun zerbait da" eta arrazoi duzu, baina hori egite hutsagatik ez dugu beste inor jainkotzen...
Eta zoritxarrez jendeak dena "maskatua" ematea nahiago duela arrazoi duzu, telebistako audientziak ikusi besterik ez dago...
Aitzol (2): Ez diot eraginik izan ez duela esan, beste Aitzoli esandako bera diotsut.
jolaus: Ados Applek "user experience"ari garrantzia ematen diola. Baina Jobsek berak diseinuaren barnean sartzen du hori: "People think it's this veneer that the designers are handed this box and told, Make it look good!
That's not what we think design is. It's not just what it looks like and feels like. Design is how it works".
Berritzaile izateari buruz, ba bai, berritzaileak izan direla onartzen dut (nahiz eta, zure adibideari jarraiki, ez dudan uste Wiimotearen antzeko ezer egin dutenik inoiz), baina, esan bezala, diseinuan (eta horren barruan sartuta erabiltzaile esperientzia). Baina teknologikoki ez. Esan dut goian, Applek ez du inolako teknologia berririk garatu inoiz.
askatasunerantz: "Gorroto ulertezin hutsetik idatzitakoa" deritzozu artikuluari. Argi dago ez dudala Apple maite; gorroto... ez dakit, ez produktu elitistak egiten dituen beste edozein multinazional superaberats baino gehiago. Baina zu ere apurtxo bat zure ezizenak iradokitzen duen modukoa bazara, ziur ez dituzula horrelakoak maite. Zergatik Apple bai? Jarrera hori da ez dudana ulertzen eta agertarazi nahi nuena. Eta Apple ez maitatzea ulertezina egiten zaizu... Arrazoi nahikoa aipatu ditut artikuluan, dokumentatuta. Noski, ez duzu zertan nirekin ados egon, baina hala ere ulertezina egitea nire jarrera... Ez dakit nork erakusten duen itsukeria.
"Ez bazaizu gustatzen apple-ren politika ez itzazu bere produktuak erosi ta listo". Ez ditut erosten. Baina ez dakit zergatik ezin dudan idatzi nire iritzia ematen.
"Appleen produktuak erosten ditugun pertsona guztiak ez gara tontuak, ta ez dugu gauza hauek kontatuko dizkigun inor behar." Zuk agian ez, baina beste batzuk, tontoak izan gabe ere, ez dute informazio nahikorik eta eskertzen dute beste ikuspegi bat.
"Iraingarria da irakurtzea ezkerreko edota antisistema pertsona batek ezin duela aukeratu zer nahi duen edota informatika arloan ze gailuak erabili, esango diguzu zuk?". Nik ez diot inori esan zer erosi behar duen eta zer ez, baina jarrera eta praktika inkoherenteak iruditzen bazaizkit, ezin al dut esan?
"Konpainiak betidanik izan dira itxiak bere sistemei dagokienez, ala microsoft-ek windowsekin nahi duzuna nahi duzula egiteko baimena ematen zizun trabarik jarri gabe?". Ez, horregatik utzi nituen Microsoften produktuak. Beste batzuk ere bai, baina oraindik itxiagora joateko eta pozik gainera. Horregatik ez dut ulertzen, eta salatzeko eskubidea izango dut, ez?
"Espero dot iritzi hauen aldekoak diren denak linux erabiltzea, bestela hipokresia hutsa besterik ez." Nik neuk bai, besteengatik ezin dut hitz egin.
"Zuk idatzi duzun ordenagailutik enpresa ugarik egindako produktu eta piezez beteta dago. Lupa batekin aztertu al duzu dena piezaz pieza egin duen enpresa ona ala txarra den jakiteko dirua askatu baino lehen? eliteetarako produkturik fabrikatzen duen? irekia ala itxia den? EZ, zihurrenik lanerako asebetetzen zaituen besterik ez duzu begiratu." "Sagarra ustel dago? baliteke, baina kapitalismoaren munduan ba al dago usteldurik ez dagoenik? ez gaitezen hipokritak izan mesedez." Guztiz ados ez dela erraza beti koherente izaten. Ni saiatzen naiz gauza askotan, batzuetan lortzen dut eta beste batzuetan ez, eta beste batzuetan ez naiz saiatzen ere. Baina kontraesanean aritzen naizen gauzetan, onartzen dut nire inkoherentzia eta ez naiz horretaz harro sentitzen. Ezkerrekoa izatea eta Apple produktuak erostea kontraesan handia da nire ustez. Baina erosteaz harago, horretaz harro sentitzea eta Apple eta Jobs mirestea, hori ulertezina zait eta erabat inkoherentea.
"Modan dagoen konpainia kritikatzean datza asuntuak. Orain apple, lehen microsoft, bestela nokia edo auxkalo!" Arrazoituta eta dokumentatuta egiten denean, kritikatzeagatik kritikatzen dela esatea... No comment.
Igor: Jarraitzen dut pentsatzen ez duela meritu teknologikorik. iPhone-aren aurretik baziren internetdun telefonoak eta ukipen pantailak eta tablet-a Microsoft-ek atera zuen askoz lehenago (Wikipediako estekek erakusten duten bezala), nahiz eta horiek popularizatu zituen lehena Apple izan, beti izan duen marketin onari esker. Eta noski berrikuntza eta ingeniaritza lana dagoela horien atzean, baina diseinu eta erabilerraztasun aldetik, ez teknologikorik. Zein teknologia berri garatu du Applek? Bat ere ez.
Zurikeriari buruz, badirudi ados gaudela gehienean, soilik Stallmanen esateko moduan dugu iritzi ezberdina. Nik jarraitzen dut pentsatzen ongi egin duela pentsatzen duena esatean. Horrek kalte egiten diola SLaren mugimenduari? Ez dut uste, baina hala balitz ere gizarte honetan hain zabalduta dagoen hipokresia, zurikeria eta politikoki zuzenaren ideiarengatik litzateke, eta esan dugu horrekin ez gaudela ados...
jansola: "Android sistema aipatzen duzu..." Ez nik zehazki, Jobsen zita despektibo batean agertzen da soilik, Microsofti buruzko beste birekin batera...
"...ez dakit libre moduan kontsideratzen duzun, baina uste dudanez (zuzendu idazu oker banago), mugak haundiak dira. iPhona liberatzeko garantía jokoan jarri behar duzu, gainontzeko telefonoekin bezala, baita Android-ekin ere. Sistema librea da, baina norainoko askatasuna ematen dizu zure mugikorrean aldaketak egiteko? Ez dezagun ahaztu Android Google-en produktua dela, eta ez dakit ba norbere pribatutasunaren negozioa Apple-en produktu garestiena baino egokiagoa den." Baina gaia atera duzunez... Software libreko proiektu eta software ezberdinen artean Android ez da eredugarriena, ez, baina hala ere Appleren eredua baino mila bider hobea da. Nire gogorako ere Google-ek gehiegi kontrolatzen du Android: beraiek erabakitzen dute garapena zein bidetatik joango den, noiz atera bertsio berriak... Baina librea da, eta horrek esan nahi du iturburu kodea hor dagoela, eta telefono konpainia bat ez badago pozik Googlerekin, iturburu kodea hartu eta berak jarraitu dezake garapena bere aldetik, eta egiten dituenak libre izaten jarraituko dutela. Hau da, menpekotasuna eta kontrola ekiditen dira.
Bestalde, Android batean Market-eko edozein programa instalatu dezakezu inongo arazorik gabe eta root sarbidea eskuratzea nahikoa da hornitzailez aldatzeko, hardwarea konfiguratzeko (overclocking eta horrela) eta beste aldaketa asko egiteko. Aldaketa horretan segun eta zer egiten duzun baliteke garantia saltzea, baina iPhone batean beraiek baimentzen ez duten edozer egiteko behar duzu "jailbreak" egitea eta garantia galtzea...
"Nire kasuan informatika hobby moduan izan arren, konsziente naiz nere lanerako baliabide bat dela, eta lan berdina denbora erdian egin badezaket, are hobeto. Lan berdina egiteko ez dakit ze librería jaitsi behar badut, horretarako ez dakit zenbat forotan sartu behar naizela jakinda, etsipena nagusitzen da. Ez dut uste erabilerraztasuna baloratzen dugunok tontotxoendako informatika bilatzen dugunik, praktikotasuna baizik. Hau Apple-ek ondo ulertu duela uste dut, eta berriro diot, badaukagu zer ikasi." Linuxi buruzko mitoa da oso konplikatua dela, baina urteak dira ez dela horrela. Aspaldi esanda dut ez diodala inori bere Windows-a instalatu edo konponduko, sistema erabilgarri konpleto bat izateko CD sorta ikaragarriarekin joan behar dudalako eta orduak eman, software guztia legalki izateko beharrezko kostuaz aparte. Apple batekin imajinatzen dut berdin (sistema eragilea instalatuta datorrela kenduta, baina ederto pagatuta noski). Ubuntu ordenagailu konpleto bat ordu erdi batean egiten da. Eta mantenimendua ere askoz sinpleagoa da.
Erabilera orokorreko softwaretik kanpo, beste erabilera espezializatuagoentzat, baliteke, diozun bezala, gauza batzuk instalatzeko konplikatuagoak izatea, baina hori da egon badagoelako aukera ikaragarria software libre eta doakoan. Windows eta Macetan, dagoena agian errazago instalatuko da, baina askoz gutxiago dago eta beti ordainduta.
"...600 euroko telefonoa. iPhonaz ari bazara, Android telefonoak ez dira askoz merkeagoak." iPhone-a bat da eta prezio hori du (beno, apur bat gora edo behera, Wifi, 3G eta horrelako ezaugarrien arabera). Android-en, software librea denez, konpainia eta modelo pila daude. Badaude iPhone-a bezain garestiak, bai; baina nire Android-ak 30 euro balio zituen (Euskaltel-ek subentzionatuta, bai, eta urte eta erdiko permanentziarekin, baina kontratatu behar nuen datu-tarifa 0 eurokoa zen, beraz kostu totala 30 euro), eta 100 euro baino zerbait gehiagogatik asko daude.
"Azkenik, ez dut ondo ulertu zertara datozen Audia..." Kotxe garestien beste edozein marka aipatu nezakeen, ideia ulertzen da.
"Baina Apple eta elitismoa konparatu dezakegun moduan gaur eguneko produktuen %99a dira elitistak, munduko biztanleriaren %90ak erosi ezin ditzaken neurrian. Hau irakurtzen ari garen %100 gara elitistak, bestela galdetu gainontzeko %90 hori osatzen duen edonori." Ados. Baina diferentzia dago erabilera bat ematen dizun produktu normaltxo bat izatean, eta erabilera hori ematen duten produktuen artean dagoen garestiena, luxuzkoena eta ostentosoena erostean.
jolaus (2): "Tira Igor, ezingo diogu ba Apple eta Jobs-i leporatu euren negozio esparrua sekula izan ez den horretan ezer egin ez izana, ala? Apple informatika pertsonalera nagusiki dedikatu den enpresa bat izan da.." Kontua da esan dutela informatikako pertsonaiarik garrantzitsuena zela Jobs, eta nik esan dudan bakarra da informatika kontsumoko informatika baino askoz gehiago dela, beste alor horietan Apple ez dela ezer, eta informatikak orokorrean hartuta Jobs baino mila pertsonaia daudela gizakion bizitzetan eragina izan dutenak. Aitorrek bikain azaldu dizu ondoren.
Luistxo: "Espainian konexio politikoak eta pertsonalak dira dirua egiteko moduak. Estatu Batuetan, injineritzako buru azkarrenak dira aberatsenak, Bill Gates, Steve Jobs, Facebook-eko Zuckerberg..." Horiek gehiago merezi dutela, ados. Baina benetan, nik gehiago miresten ditut aberastu ordez munduari benetako ekarpena egitearen aldeko apustua egiten duten ingeniaritzako buru azkarrak, Berners-Lee, Torvalds edo Stallman bezala. Edo software librearekin eta euskararekin lan egiteko apustua egiten duten ingeniaritzako buru azkarrak... ;-)
iñaki+g: "..denok saiatzen gara gure kontraesanekin koherente izaten, baina beti ezin justifikatu. Igorrek ere izango ditu bereak..." Jakina. Baina gorago erantzun dut: gauza bat da kontraesanean aritzea inkoherentzia onartuta eta horretaz harro sentitu gabe, eta beste bat inkoherentziaren objektua mirestea eta horretaz harro sentitzea edo ez jabetzea. Diozun beste gauzekin, ados.
Ea igor, nik bakarrik beste gauza bat esango dut, nekagarria da beti marken arteko nolabaiteko lehia honekin ibiltzea. Nik oso ondo esan duzunez askatasunerantz ezizen moduan erabiltzen dudanean askatasuna gustatzen zaidalako da horregatik software librea ere erabiltzen dut, baina bakarrik lagungarri zaidanean.
Nire kasuan eta diseinatzaile moduan webguneak diseinatzeko askotan wordpress edota joomla erabili ohi ditut, software librea izateaz gain, komunitatea bilakatu dira azken urteotan non erabiltzaile orok berea eman dezaken, eta nire aportazioak ere egin ditut nola ez.
Badirudi software librearen gehiegizko apologia egiten ari zarela, eta hain artikulu partziala idaztean (nahiz eta oso ondo argudiaturik egon) idaztean ezin duzu espero gaizki ez usaintzea. Dena ez da ZURI ala BELTZA, grisak ere existitzen dira. Gauza batzuetarako erabiliko dot hoberen moldatzen den sistema, beste askotarako aitzitik, bestea eta software librea aukerarik hoberena denean software librea erabiliko dot dudarik gabe, orain egiten dudan bezala.
Software librea benetako alternatiba bilakatzen den egunean software librea izango da erabilena (ubuntu esaterako), zergaitik ez? egun ez da, eta ezin diegu egotzi hainbeste kritikatu ditugun tontu ezjakintasun horiei bizitza errazten dioten gailuak erabili nahi izatea, diñot nik eh.
"Ea igor, nik bakarrik beste gauza bat esango dut, nekagarria da beti marken arteko nolabaiteko lehia honekin ibiltzea". Eztabaida ez da marken arteko lehia. Nik marka bat kritikatu dut eta horren atzeko filosofia; eta beste filosofia bat defendatu dut, baina ez beste marka bat.
"Badirudi software librearen gehiegizko apologia egiten ari zarela, eta hain artikulu partziala idaztean (nahiz eta oso ondo argudiaturik egon) idaztean ezin duzu espero gaizki ez usaintzea." Ein? Zer da gehiegizko apologia? Eta zer esan nahi du gaizki usaintzea? Ez dut ulertzen zer esan nahi duzun...
"Dena ez da ZURI ala BELTZA, grisak ere existitzen dira." Tira, nik uste dut ezkerreko edozeinentzat Appleren eredua eta software librearenaren artean zein den hobea argi dagoela, inongo matizik gabe.
"Gauza batzuetarako erabiliko dot hoberen moldatzen den sistema, beste askotarako aitzitik, bestea..." Askotan esan dut, ez diot inori ukatzen nahi duena egiteko eskubidea, baina ezkerreko norbait Apple produktuekin, inkoherentea da. Eta inkoherentzia hori ukatzea edo berataz harro egotea eta Apple mirestea, ulertezina.
"Software librea benetako alternatiba bilakatzen den egunean software librea izango da erabilena (ubuntu esaterako), zergaitik ez? egun ez da..." Bai, bada. Baina gauzak aldatzea kosta egiten da, are gehiago marketinaren erraldoien aurka.
"...eta ezin diegu egotzi hainbeste kritikatu ditugun tontu ezjakintasun horiei bizitza errazten dioten gailuak erabili nahi izatea, diñot nik eh." Barkatu, baina nik ez dut inongo momentutan esan mundu guztia tonto ezjakina denik.
Umore ukitua emanda eta, saltsan dauden izen guztiak nahastuta, hortik zehar ikusi nuen "bekario" batek egin ziola eskela bat Steve Jobseri...
Argazkiak.org | Steve Jobsen eskela © cc-by-sa: goioarana
Igor,
eskertzen dizkizut azalpenak. Egia esan, ez nuen erantzuteko asmorik baina Twitterren jaso dudan mezua gonbidapentzat hartu dut.
Urteak egin ditzazkegu eztabaidan inora iritsi gabe. Gu bion artean bada ezberdintasun nabari bat. Ni erabiltzaile hutsa naizen bitartean, zu informatikaria zara. Ni agian, noizbait (ez dut uste...) informatikaria izan ahalko naiz. Baina momentu horretan, erabiltzaile hutsaren ikuspegia galduko dut, zuk galdu duzun moduan (ez txartzat hartu, normala baita). Dena dela, oraindik ere badira aukerak ikuspegi hori berreskuratzeko eta hortaz ari naiz Apple-engandik zer ikasi dugula esaten dudanean.
Linux-en zailtasunaren mitoaz informatikari batek hitzegitea, Boeing bat gidatzearen erreztasunaz pilotu batek egitea modukoa da. Zaila eta erraza kontzeptu oso subjetiboak dira. Beste erantzun baten berriz esaten duzu Software Librea benetako alternatiba dela. Askotan izan daiteke, baina ez beti Igor. Aukera izugarriak daude, baina horrek ez du aukera bakoitza hobea egiten.
Aipatu dizut 5 urte egin ditudala laneko ordenagailuan Ubunturekin (beno, serio, 3 bat urte). Bai, lanean, bai, eta ez etxeko ordenagailuan musika entzun, filmak ikusi eta interneten nabigatzeko. Software libreak, pribatiboak baino aukera hobeak ematen ditu batzutan (batez ere informatikarien menpe izan behar diren aplikazioetan, adib. web zerbitzariak) baina ez beti. Nire kasuan, ofimatika mailan dauden alternatibak ez dira baliagarriak bi arrazoigatik, funtzionalitateagatik eta konpatibilitateagatik. Oinarrizko erabiltzaile batentzako agian bai, zerbait aurreratua egin nahi duzunerako, ez.
Beste adibide bat. Zuk linux makina bat orduerdian konfiguratzen duzu. Nik aste oso bat eman nuen. Partizioak ganoraz egin nahi nituen eta aukerarik onena eskuz egitea zen orduan. Swap, Ext 2, Ext 3, etabarrekin bueltaka. Ez dut uste erabiltzaile arruntari ezagunak egingo zaizkionik, ezta ezagutu beharko lituzkenik. Gero noski, lehengoan dena ondo irten ezin denez, bozgoragailuetatik ez zen soinurik entzuten. Bale, Alsa konfigurazioa edo antzeko zerbait zen. Erraza, bai, oso erraza. Ez dut jarraituko makina birtual bat (VirtualBox bidez) konfiguratzeko behar izan nuena edo, azkenean inoiz ganoraz funtzionatu ez zidan Wine instalatzeko. Eskerrak burugogorra naizen. Baina noski, pakete batzuk eguneratzen ziren bakoitzean, nere makina birtuala pikutara (garai hortan dagoeneko VMwarera pasatu nintzen). Luze jarraituko nuke, Igor, luze. Linux erabilterrazaren mitoa informatikaria den laguna edo kidea etxean izan eta musika entzun eta interneten nabigatzeko instalatzen denean apurtzen da. Baina serio lan egiteko, informatikaria ez izanik, ez da diozun bezain erraza. Honekin guztiakin zera esan nahi dut, Apple-ek hori lortu duela eta informatikari batzuk hobe hortatik ikasten saiatuko balira, bai ingurukoek bai Software Libreak berak izugarri eskertuko luke.
Bestalde, ez nago ados zure Android mugikorraren kostua kalkulatzeko formulakin. Nire ustez, 30 euro + 18 hilabeteko lotura izan dira haserako kostua. Softwareak eskaintzen dizun askatasuna aldarrikatu duzu baina gero ordea, 18 hilabeteko eskontzak suposatzen dizun askatasun galera ez duzu kontutan izaten. Gainera, 30 euro horiek subentzionatu ostean izanik, iPhona bera doan ere lortu ahal izango zenuke. Horrek elitistagoa egiten al zaitu? Bai, konforme, zure hilabeteko datu kosturako lotura 0 euro da. Baina horrelako mugikor bat datu linea gabe ogia erosteko Ferrari bat izatea modukoa da. Nik datu lineagatik 15 euro gastatzen ditut hilabetean, zu ez zara oso hurrun ibiliko.
Azkenik, benetan bukatzeko (ez dut eztabaida honekin jarraituko) idaztera animatu nauena zuk botatako hurrengoa da: "ezkerreko norbait, Apple produktuekin, inkoherentea da". Akabo!!! Ze habilezia dugun herri honetan antzeko ekuazioak lantzeko. Apple bat badaukazu, ez zara ezkertiar autentikoa, Samsung bat badaukazu, bai. Neure burua ezkertiartzat izan dezaket, baina ez dio axola, edozein kasutan ere apirilean, Macbook-a erosi nuenean utziko nioke benetako ezkertiar izateari (beno, "benetakoa" ez naiz inoiz izan, beti izan bait ditut nire inkoherentziak... baina hori bai dela beste kontu bat). Eskerrak Audia ez dudan, bestela, zuzenean Frankista! (Bide batez, Audiaren kontua ulertu ezinik jarratzen dut, ideia argi dagoela diozu, baina ni ulertu ezinik nabil)
Egin mesede eta begiratu zure ingurura. Zenbat ikusten dituzu, historikoki militantzia eta konpromezu nabarmena izan duten ezkertiarrak, Windows eta Macintosh-ekin lanean? A kontxo, orain ez, instalatu Debian, bestela zure konpromezua inkoherentea da. Ubunturekin, ezkertiar deskafeinatua, munduko aberatsenen arteko batek bultzatua da eta. Zenbat mesede egingo genioke Euskal Herriari horrelako ekuazio eta itxurakeriak alde batera utziko bagenitu.
Ondo bizi.
Heterodoxoa: "Azken finean kritikatzen duzun Apple/Jobsekiko jarrera erlijiosotik hurbil baitago zure idatzia. Akolitoentzeko den den jainkoa zuretzat satan handia da." Artikulua Jobs eta Appleri buruzkoa da ez niretzat Satan direlako. Ez nago batere ados beraiekin (uste dut argi dagoela ;-), baina ez dira beste ehunka edo milaka pertsona eta erakunde baino okerragoak. Baina beste batzuk jainkotu dituzte, eta horregatik artikulua.
"Apple/Jobs-ek meritu teknologikoak ere badauzka. Zuk ez duzu bat ere aipatzen. Plagioei eta diseinu politeeti buruz hitz egiten duzu bere ekarpenak mesprezatuz. Baina beste batzuk esan duten bezala lan aitzandariak ditu erabiltzaile-interfazeen eta injenieritza elektronikoaren alorretan." Berriro esango dut, nire ustez meritu teknologikorik ez du. Applek ez du inoiz teknologia berri bat garatu, katxarroak egin ditu soilik, eta beraien ekarpena diseinu eta erabilerraztasunean koka daitezke soilik.
jansola: Linux instalatzearen zailtasunei buruz, onartzen dut hala zela orain dela urteak, baina gaur egun ez. Eta ezin duzu konparatu Appleren instalazio erraztasunarekin: Apple makina bat instalatuta dator. Ordenagailu bat erosten baduzu Linuxekin aurreinstalatuta, ez duzu ezer instalatu beharrik eta hardwareak ez dizu arazorik ematen.
Nire Android mugikorraren kostua kalkulatzeari buruz, uste dut ez didazula ulertu: esan nahi nuen nire mugikorra 30 eurotan lortu nuela, permanentziarekin, bai, eta datu-tarifa kontratatzearen truke, baina datu-lineagatik Euskaltelkin 0 euro pagatzen ditut, ez 15 zuk bezala. Beraz, nire mugikorraren kostu totala 30 euro da. Esan bezala, Androidekin aukera handia dago, baita gama baxuko merkeak ere. iPhoneak, ez.
"Azkenik, benetan bukatzeko (ez dut eztabaida honekin jarraituko) idaztera animatu nauena zuk botatako hurrengoa da: "ezkerreko norbait, Apple produktuekin, inkoherentea da". Akabo!!!" Hori artikuluan ere esaten nuen, hasieratik.
"Egin mesede eta begiratu zure ingurura. Zenbat ikusten dituzu, historikoki militantzia eta konpromezu nabarmena izan duten ezkertiarrak, Windows eta Macintosh-ekin lanean? A kontxo, orain ez, instalatu Debian, bestela zure konpromezua inkoherentea da." Enegarren aldiz esango dut: gauza bat da gure kontraesanekin bizitzea kontraesanak onartuta, eta beste bat Applerekiko jendeak daukan miresmena.
jansola, zure adibideekin "tranpa" pixkat egiten ari zara. Zure burua erabiltzaile arruntzat jotzen duzu, baina gero Linux-a instalatzera zoazenean partizioekin "jolasean" hasten zara. Beste sistema eragileei ez diezu eskatzen partizioak egiteko (Windows batekin ere eskuz egin beharko zenituzke...). Erabiltzaile arruntak zuk diozun bezala ez du partizioei buruz ezer jakin behar, eta horretarako linux gehienak partizioak beren kabuz egiteko gai dira, erabiltzaileak horretaz jakin beharrik izan gabe.
Ni ere Linux-en aldekoa naiz, baina ez beste gauza guztien gainetik. Ulertu dezaket, zenbait gauza egiteko agian hobe dela Windows edo Mac bat edukitzea. Erabiltzen dituzun Programak ez daudelako Linux-en, bateragarritasun kontuak direla eta linux alternatibek ez dituztelako zure beharrak asetzen edo dena delakoagatik. Norberak ikusi behar du zer behar dituen. Nik adibidez Ubuntu darabilt, eta virtualbox baten barnean Windows bat. Baina nik Windows oso gutxi behar dut. Virtualbox edo wine ez dira egunero erabilirarako irtenbide egokiak nire ustez.
Egia da, linuxi beti leporatu zaiola erabiltzaileengandik urrun egotea, teknikoegia izatea. Eta onartzen dut badagoela oraindik bide horretan egitekorik, baina lan handia egin da (Ubuntu, Fedora edo Suse bezalako distribuzioak dira horren adibide), eta iruditzen zait, aurrerapen handiagoa egin ez bada hardware hornitzaileek kontrolatzailerik eskaintzen ez dutelako dela hein batean. Gaur egun arazo handiena ez da Alsa instalatzea edo virtualbox. Arazo handiena da, usb sare txartela, grabagailu digital berria edo merkatuko azken gailua. Eta hori ez da informatikariek ez dutelako erabiltzaileengan pentsatzen, baizik eta merkatuak ez duelako negoziorik ikusten mahaigaineko linux-etan. Informatikari batzuk ibiltzen dira hain zuzen atzeranzko ingeniaritza bitartez kontrolatzaileak sortzen.
Erabat ados aipatu duzun guztiarekin, Iñaki+g.
Tranpa, ez dakit, igual hori be. Agian ez naiz izango erabiltzaile arrunt bat, eta zerbait ausartagoa (edo inkoszienteagoa) izan naiteke, baina niri gogorra egiten bazait, imaginatu erabiltzaile hutsarentzat.
Atzoko adibidea. Nire Ubuntu makina eguneratu dut (Mac erabiltzailea izan arren Ubunturekin "jolasean" jarraitzen dut). Ez dakit zergatik, lehio batzuetako letrak bereziki handiak agertzen zaizkit. Fuenteak utzi nituen moduan daude, Unity-ren kontua dela uste dut. Sarean nire antzeko arazoa zutenen bila ibili nintzen, ordu batez edo, eta beste behin, nazkatuta, utzi egin nion. Horren gauza sinple bati horrenbeste denbora eskaintzea ezinezkoa zait.
Gainera, konfigurazio parametro batzuetako lehioek ez dute behar bezala erantzuten. Onartzeko eman, ezer ez, kantzelatzeko eman, ezer ez... ta? Aurretik ere esan nuen, behin konfiguratuta, ondo joango da, baina ordurarte, gauzak ez zaizkit horren errazak egiten. Onartu beharra daukat izugarri aurreratu dela kontua, baina oraindik ere ez dut alternatiba masibotzat ikusten.
Eta hemen dago gakoa. Igorrekin ados nago hainbat kontutan, baina kritikatu baino ikasten saiatuko bagina hobeto. Nere ustez, software libreak diseinulari, erabiltzaile testeatzaile eta marketing gehiago behar du. Hori Apple-k oso ondo egin du eta bere arrakasta hor dagoela deritzot.
Gainontzeko gailu eta periferikoenarekin, erabat ados. Gaur egun, oraindik ezin dut bulegoko eskanerra erabili Ubunturekin (eta ez da urtebete erosi genuela!). Printzipioz onartzen ditu Linux sistemak (horrela erosi genuen behintzat) baina teknikariak berak ere Linux bat ikusi zuenenan buruari eutsi ta ahaleginak egin arren ezer ez zuen lortu. Dena dela, ezin diogu errua fabrikanteei bota. Azken finean, heuren estrategia bat da. Linux sistemak serio hartzeko era bakarra dago, haztea. Baina horretarako, lehen aipatu ditudan puntuei begiradatxo nabarmenagoa egin beharko geniekela uste dut.
mm, Agian eztabaida beste norabide batean eraman dugu, baina interesgarria da hau ere.
Jansola, aurreko mezuan esaten nuenaren haritik, sistema eragileak alderatzen ditugunean beti Linux-i besteei baino gehiago eskatzen zaie. Zuk oraintxe aipatu duzun Ubunturen eguneraketa adibide garbia da. Erabiltzaile arruntak ordenagailua sistema eragile batekin erosten du: Windows XP, MacOS X, edo dena delakoa, eta ordenagailuaren bizitza osoan gehien-gehienek sistema eragilearen bertsio berdina mantentzen dute, baina Ubuntu-rekin adibidez sistema eragile berri bat nahi dugu 6 hilero? Eta onartu beharra dut, Ubunturen kasuan nahiko "inkonszientea" da bertsio berri bat atera bezain pronto eguneratzea, nik hilabete behintzat itxaroten dut. Horretan ASKO dute hobetzeko.
Nik uste dut, ahaleginak ahalegin, Ubuntu bezalako sistemek ez dutela lortu erabiltzaile arruntarengana iristea. Baina horren atzean dagoen arazoa nire ustez ez da diseinatzaile/testeatzaile/... falta. Arazoa da ez dela lortu PC hornitzaileek preinstalatuta ekartzea (driverren kontuak alde batera utzita). Noski, erabiltzaile arruntak ez du sistema eragile bat instalatzeaz ezer jakin nahi, nahiago du 100 ordaindu eta listo. Oso aukera gutxi dago Linux-a duen ordenagailua erosteko (hori bai legokeela erabiltzeko prest, alsa, leiho, fuente edo bestelako arazorik gabe). Ondorioz, Linux-era hurbiltzen diren erabiltzaile berriak zu bezalako erabiltzaile ausartak dira. Erabiltzaile ausartek era guztietako makinetan instalatzen dute Linux, eta arazoak topatzen dira (hemen lana dagoela ados nago). Horrek, noski ez dio fama onik ematen sistema eragileari, eta informatikari-frikientzako izatetik ezin ihes egin.
Ados nago esaten duzunean errua fabrikanteei ezin zaiela bota diozunean, eta Linux-ek haztea duela aukera bakarra. Baina nire ustez Linux alternatiba masiboa izateko prest dago. Falta zaiona da eragile/enpresa garrantzitsu batek haren aldeko benetako apostua egitea, eta hardware hornitzaileekin hitzarmenak adostea, marketing indartsu batekin batera. Canonical, edo akaso Google?
Eskerrik asko Igor zure zentzuzko iritzia idazteagatik. "Los piratas de Silocon valley"-en agertzen da Jobsen hasierak ordenagailu munduan, ez dakit zergatik ez duten egin hauetan telebistan ematen. Stalamanek ere Jobsen itxikeria eta diru gosea kritikatu du oraintxu.