Teknologia albisteak

Deskontu.com, Interneteko produktu baten arrakastaren faktoreak

Erabiltzailearen aurpegia
Betor
2011-09-29 : 11:09

Txomin Jauregik solasaldi interesgarria eskaini zuen atzo Betor hizketaldien lehen okasioan, Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean. Deskontu.com-ek urtebetean egindako ibilbidea kontatu zuen Jauregik.


Argazkiak.org | Garikoitz Araolaza moderatzailea, eta Txomin Jauregi hizlaria - Betor hitzaldia © cc-by-sa: codesyntax

Aurkezpen labur bat egin zuen Jauregik, baina jendearen galdera txanda joria izan zen, eta elkarrizketa horretan detaile eta kontu gehiago irten ziren azkenean. Bere Interneteko lehen ekimenetik hasi zen, nola sortu zuen DDonosti.com gida lokala, eta haren bidez hainbat kontaktu egin zituen. Proiektu harekin zebiltzala, Donostiako beste ekintzaile batzuen bidez (Trourist), izan zuten Groupon-en berri, oso bero zegoela negozio hori: egunero negozio jakin batean deskontu zehatz bat 24 orduz eskaintzen duen webgunea...

Handik hasi zen lantzen, hurbileko lagun eta senideekin, Donostian antzeko ideia lantzekoa kontua. DDonosti ez bezala (non bera izan zen disenatzaile, "denok dugulako disenatzaile bat barruan"), oraingoan lanketa profesionalagoa egin zuen Deskonturako, La Personnalite enpresarekin, eta hori ona izan zela ere nabarmendu zuen. Hortik aurrera, iazko azarotik, Deskontu.com ederto joan da.

Hitzaldian edo ondorengo elkarrizketa, proiektu honen funtzionamenduaz eta arrakastaz pista batzuk eman zituen:

  • Erabiltzaileen fidelizazioa da gakoa, ohitura bihurtu izana egunero sartzea Deskontun, ea zer dagoen. Orain 14 edo 15.000 lagun sartzen dira egunero Donostiakoan.
  • Ohitura hori, nork bere kabuz egitea funtsezkoa da Jauregirentzat. Beste batzuek e-posta bidalketez funtzionatzen dute, baina horri nolabait spam iritzita, beste bide batetik ekin dio Deskontuk.
  • Erabiltzaileenganako arreta beste puntu batean ere nabarmendu zuen: e-postak jasotzen dituztenean, berehala erantzun; asko apreziatzen da hori.
  • Eskaintza deigarri batzuk, tokiko edo garaiko idiosinkrasiarekin lotuta (gaztaina erreak neguan, Santo Tomas egunean txorizo eta sagardoa...), marketin gako onak izan dira.
  • Deskontuk Donostian izandako arrakasta ere une zehatzarekin asmatzea izan zen. Lehena izan zen hirian, inguru teknofiloetan ondo zabaldu zen kontua (Sustatun ere bai, adibidez), eta horrek trakzioa eman zuen.
  • Ordainketa metodoen aldetik, Paypal-ekin hasi ziren, baina enpresa honen komisio eta jokabideak oso ilun deskribatu zituen; ondoren pasarela bankario arruntagoarekin dabil, eta baditu desabantaila batzuk (erosleen jatorriaz informazio gutxiago; hiper-segurtasun barrera batzuk erabiltzailea atzera bota dezaketenak), baina oro har, erabiltzailea aklaratzen da erosi nahi duenean; gazte ala zahar, zerbait erosi nahi badu, asmatzen du eta lortzen du.
  • Ideia berriak badituzte buruan (eta sujerentziak ere jaso zituen Jauregik galderetan: 24 ordu baino gehiago iraungo duten eskaintzak, Gipuzkoan Donostiatik kanpo gehiago eragin...), eta pixkanaka horiekin saia daitezke.
  • Beste Deskontu batzuk irekitzerakoan, frankizia eskaintzak baino, konfiantzazko pertsonak bilatu dituzte, hiri pare batean aproba egiteko, lekua ezagutuz: Logroño eta Bilbo izan dira, eta bata txiki den bezala, bestea handi dela ematen du, Donostiako neurri "egokiagoarekin" konparatuta. Dena den, Bilborekin bereziki, hazkunde geldoagoa baina potentzialitate handiagoa aurreikusi zuen.
  • Eta bi horien ondoren, animatu ere egin da zabaltzera: laster datoz Gasteiz, Iruñea eta Zaragozakoak. Barcelona edo Madril? Urruti ikusten ditu Jauregik, urrats arriskatuak lirateke.
  • Komisioekin funtzionatzen du Deskontuk, ez zuen esan zenbatekoa (eta ez zion inork galdetu), baina merkatariak ez dira kexatu. Protestaren bat edo deskribatu zuen, baina harekin edo beste bakanen batekin besterik ez da izan desadostasunik puntu honetan.
  • Merkatariekin gertuko ezaguera inportantea da, jakiteko ea erantzuteko gai diren eskaintza arrakastatsu batean (jatetxe batean ia 1.600 menu saldu dituzte), baina topeak onartzeko ere prest daude, bakarrik N eskaintza, kudeatzeko gai izan dadin merkataria.
  • Hasieran kalerik kale ibili arren eskaintza bila, merkatarien arteko komunikazioak funtzionatu du gero; etorri egiten dira orain negozioak Deskontura honekin edo harekin parte hartu nahi dutela esanez.
  • Groupon edo beste batzuek ez bezala, gauzatzen ez diren kupoiekin ez da ezer gertatzen: kobratu dira, eta dirua eman egiten zaio merkatariari. %15eko huts-egite tasa bat ere kalkulatu daitekeela esan zuen Jauregik, jendeak erosi bai baina gero erabili ez. Hori merkatariak benefizio gisa konta dezake gutxi gora-behera.
  • Eskaintzak eta webgune osoa euskaraz ere lantzea faktore bereizgarri positiboa izan dela uste du Jauregik. Hala ere, izatez, merkatarien eskaintzak jasotzean, %5 besterik ez da izango euskaraz lortzen dutena, gainerako guztia etxean itzultzen dute. Euskararen errentagarritasun zehatza neurtzerik ez du, baina erabiltzaileek apreziatzen dutela dudarik ez dauka.

Eta beste zenbait kontu ere bai... Twitterren bildu zen zenbait komentario, eta Berria.info-k zuzenean streaming bidez emateaz gain, artxibatua ere geratu da.

Betor hizketaldien antolatzaileak, CodeSyntax, Berria eta Enpresa Digitala pozik geratu ginen lehen hizketaldi hau nola irten zen. Gehiago etorriko direla espero dugu.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago