Eusko Ikaskuntzaren Hedatuz liburutegi digitalera Europeana bidez sar daiteke
Hedatuz Europeanak duen euskal kultur fondo handiena da. Eusko Ikaskuntzak kudeatzen du eta bertan material propioa zein beste kultur eragileena biltzen du. Guztira, 7.632 artikulu ditu. Guztietan testu osoa eskaintzen da eta gai anitzekoak dira. Historia, Antropologia eta Arteak dira nagusi, eta Zientzia Politikoak, Soziologia eta Linguistikaren ingurukoak ondoren. Testuak gazteleraz, euskaraz eta frantsesez daude idatzita batez ere.
2008az geroztik HEDATUZ on-line dago eta Eusko Ikaskuntzaren Euskomedia Fundazioak burutzen dituen hainbat proiektuetako lehenengoa da. Proiektuen xede nagusia hiritar guztiek kultur edukiak eskura izatea da, horrela, zientzia eta euskal kultura inguru digitalean zabaltzen laguntzeko.
Bestalde, Kultura 2.0 ekimena dugu. Berez, Kulturaren Euskal Behatokiak bideratutako proiektua da Euskadiko enpresa eta profesionalen artean ezagutza, berrikuntza eta jarduera egokiak sustatzeko. Kultura 2.0 ekimenak kultur digitalizazioa eta zabalkundearen inguruan Proiektu Interesgarri eta Jarduera Egokien Aukeraketa egin du. Eredutzat jotako bederatzi proiektuetako bi Eusko Ikaskuntzarenak dira: HEDATUZ eta EUSKOMEDIA FUNDAZIOA.
Ekimen horiek argi erakusten digute 1996az geroztik Eusko Ikaskuntzak bitarteko digitalen bidez edukiak ezagutzera emateko burutzen ari den lana. Zientzia eta kulturarekin lotutako edukiak izanik, kultura, gizartea, enpresa, hezkuntza eta euskal gizartearen alorrean interesgarriak gerta daitezke. Horrez gain, gizartearen beraren garapen integrala ahalbidetzeko eta Euskal gizartea hobeto ezagutua izan dadin baliagarriak dira.
Erantzunak kargatzen...