Teknologia albisteak

Banka etikoari buruzko hitzaldia, datorren asteartean Eibarren

Erabiltzailearen aurpegia
Debegesa, Debabarreneko garapen agentzia
2011-09-23 : 15:09

"Dirua eta kontzientzia: zer egin nire diruarekin?" izenburupean, banka etikoaren gaineko hitzaldia eskainiko du Triodos Bank-eko zuzendariorde Joan Antoni Melék datorren asteartean, irailak 27, arratsaldeko 19:00etan, Eibarko Hezkuntza Esparruko ekitaldi aretoan (UNI-EHU). Hitzaldia GURE BALIOAK proiektuaren aurkezpen ekitaldiaren baitan antolatu du Debegesak, Debabarreneko garapen agentziak.

Triodos Bank finantza-entitate bat da, ekonomikoki errentagarriak izateaz gainera, pertsonen bizi kalitatea zein ingurumena errespetatzen dituzten proiektuetan soilik inbertitzen duena.

Joan Antoni Melék 30 urte baino gehiago darama banketxeen sektorean lanean eta “Dinero y Conciencia. A quién sirve mi dinero” liburuaren egilea da. Bertan honako gaiak lantzen ditu: aurrezkia, krisi sozial, ekologiko eta ekonomikoa, arrasto ekologikoa, pobrezia, banka etikoa…

Datorren asteartean, irailak 27, Eibarren eskainiko duen hitzaldian Joan Antoni Melé gizartearen aldetik kontzientzia hartu beharraz eta ekonomia berri bat ezartzeko oinarriez arituko da.

GURE BALIOAK, Debabarreneko gizarte balioak sustatzen

Honako hitzaldi hau, GURE BALIOAK izeneko proiektuaren aurkezpen ekitaldiaren baitan antolatu da. Debegesa garapen agentziak bultzatuta eta Debabarreneko hainbat herritarrek osatutako foroa buru duela, GURE BALIOAK proiektuak Debabarreneko eskualdean gizarte-balioak sustatzea eta eskualde jasangarri eta lehiakor bat lortzeko bidean balioen garrantziaz ohartaraztea du helburu.

Meléren hitzaldiaren aurretik egingo da proiektu honen aurkezpena jendaurrean. Ekimenaren lidergoa herritarrek osatutako talde batek hartu du. Talde honetan adin eta lanbide ezberdinetako pertsonak daude. Oraingoz 10 laguneko taldea osatu da baina pixkanaka taldea zabaltzeko asmoa agertu dute. Taldeak bere burua aurkeztuko du datorren astearteko ekitaldian.

Proiektuaren arduradunek, ekimenaren berri emango dute eta herritarrei bertan modu aktiboan parte hartzeko gonbit egingo diete. Hala, herritarren parte hartzea sustatzeko eta ahalbidetzeko hainbat bide ireki dira Interneten. www.gurebalioak.com web guneaz gainera, Facebook eta Twitter (@gure_balioak) sare sozialak erabiliko dira.

Astearteko ekitaldia zuzenean jarraitzeko Twitterren bi hashtag sortuko dira: #debabarrena eta #gurebalioak.

Erantzun

Sartu