Teknologia albisteak

Limurtu nahian? Konputagailuak sumatuko dizu

Erabiltzailearen aurpegia
Ixa taldea
2011-09-28 : 12:09

Konputagailu bidez jakin omen daiteke zein den pertsona baten jarrera elkarrizketa batean. Stanford-eko Unibertsitateko Dan Jurafsky irakasleak esperimentu batean saiatu da hori aztertzen. Elkarrizketa guztia ulertu ez, baina emaitza onak lortu du bereizten ea zein zen kide bakoitzaren jarrera. Interbentzioak entzunda mintzakideen jarreraren lau ezaugarri hauek aztertzen ditu makinak: adiskide-moduan (Friendliness), deseroso (Awkwardness), limurtu nahian (Flirtation) edo neutroa (Assertiveness). Beti ez du asmatzen, %68an bakarrik, baina horrek esan nahi du susmo onak dituela. Duela egun batzuk Donostian azaldu zigun hau guztia Jurafskyk.

Testu edo hizketa batean ordenagailuek ezin dute ulertu pertsonok ulertzen dugun mailan. Hori jakina da. Baina zerbait bai, konputagailuek hasi dira zerbait ulertzen. Informazio partzialak dira oraindik, baina esanahiaren zati bat harrapatzeko ahalmena dute. Stanford-eko Unibertsitate ospetsutik Ixa taldera pasa den astean bisitan etorri zitzaigun Dan Jurafsky adituak asko daki horretaz. Berak lankideekin egindako lau esperimentu azaldu zizkigun HAP Masterreko hitzaldi batean, ondo aukeratuak gainera, arlo honetan dauden teknika eta aplikazio posibleen berri emateko:

  1. APLIKAZIOA: Solaskideen jarrera detektatzen. TEKNIKA: ikasketa automatiko gainbegiratua.
  2. APLIKAZIOA: Korreferrentzia (testuan gauza bera modu desberdinetan aipatuta). TEKNIKA: Eskuz idatzitako erregelak.
  3. APLIKAZIOA: Testuaren esanahiko erlazioak erauzten. TEKNIKA:ikasketa automatiko erdigainbegiratua.
  4. APLIKAZIOA: Testu gertaerak erauzten. TEKNIKA: ikasketa automatiko gainbegiratugabea.

Xelebre samar izan zen lehenengo aplikazioa. Goian esan bezala, gauza izan dira elkarrizketa batean kide bakoitzak nola jokatzen duen esateko. Horretarako mila elkarrizketa grabatu zituzten hainbat ikasle bikoteka jarrita 2005ean. Hizketarekin guztira 60 ordu, eta horien transkripzioan 800.000 hitz lortu zuten. Datu asko, bai.

Datu guzti horien gainean ikasketa gainbegiratuko teknika bat aplikatu zuten. Horretarako hainbat ezaugarri prosodiko-linguistikoak identifikatu zituzten testu eta grabazioetan: tonua (pitch), interbentzioaren luzera, altu edo baxu hitz egitea, galdera, irria, besteak esandakoa errepikatzea adostasuna adierazteko, azpimarratzeko interbentzioak (Wow, That’s true, Oh, great!, Oh, gosh!). osagai horien sekuentziak ere lortu ziren "adierazpen erregularren" bitartez.

Ondorioetako batzuk xelebreak dira:

  • Nabaritu zuten, adibidez, gehienetan elkarrizketan pertsonak bere jokaera aldatzen duela bere kidearen jokaerara hurbiltzeko (edo urruntzeko, giro txarra dagoenan).
  • Sistemak hobeto antzematen omen die mutilei noiz jarduten duten giro "friendly" ederrean (%71ean asmatzen du), neskei baino (%64ean bakarrik). Aldiz, errazago antzematen die neskei limurtzeko jarrera (%78) mutilei baino (%65).
  • Automatikoki ikasitakoa aztertuta ikusi dute neskek limurtu nahi dutenean honelakoak egiten dituztela: tonua igo, beren buruaz parre egin, arinago hitz egin, "I" ("ni") esan, muletilla gehiago erabiltzen dituzte (kind of, sort of, a little, I don’t know, I guess); eta mutilek, aldiz, honela: tonuaren oinarria igotzen dute (pitch floor), "you" ("zu") esan, par egin (adarra jo?) solaskideaz, eta "hitz akademikorik" ez erabili (academia, interview, teacher, phd, advisor, lab, research, management).

Erantzun

Sartu