Teknologia albisteak

Sei metroko krokodiloa harrapatu dute Filipinetan, inoiz bizirik harrapatu den handiena

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2011-09-06 : 15:09

Sei metro pasatxo (6,4 m) eta tona bateko pisua daukan krokodiloa harrapatu dute asteburuan Filipinetan. Sekula bizirik harrapatu den krokodilorik handienetakoa, handiena ez bada. Atera metroa eta kalkulatu noraino iristen diren 6 metro horiek...

Filipinetako hegoaldean gertatu da, Bunawan eskualdean (Mindanao uhartean). Krokodiloak agure bat eta hainbat etxabere hil zituen duela aste batzuk, eta harrezkero krokodiloaren bila jardun dute herritarrek. Orain arte krokodiloari jarri dizkioten hiruzpalau tranpa txikituta agertu dira, baina azkenean asteburuan harrapatu dute, bizirik gainera.

Krokodiloak 6,4 metro ditu eta mila kilotik gorako pisua du. Crocodylus porosus espeziekoa da, arra, eta 50 urte inguru dituela kalkulatu dute.

Krokodiloa Bunawanen bertan geratuko omen da. Agintariek ekoturismoa bultzatu nahi dute inguruan eta orain harrapatu duten krokodiloa izan daiteke plangintza berriko "izarra" eta turistak erakartzeko amua.

Filipinetan bertan 5,5 metroko beste ale batzuk harrapatu dituzte, eta zenbait zoologikotan ere badira 6 metro inguruko beste zenbait ale, Tailandian (bideoa) eta Estatu Batuetan (datu gehiago Wikipedian). 6-7 metro bitarteko beste zenbait ale ere ehizatu izan dira Ozeanian (Australian eta Ginea Berrian), baina beti hilik. Bunawango hau izan daiteke, beraz, sekula bizirik harrapatu den krokodilorik handiena.


Argazkia: STRINGER/PHILIPPINES, REUTERS


Crocodylus porosus, itsas krokodiloa

Asteburuan harrapatu den alea itsas krokodilo bat da (Crocodylus porosus). Asia eta Ozeaniako ibai, itsasadar eta kostaldeetan bizi da, Indiatik Australiaraino. Garai batean ugariagoa zen eta Afrikako kostaldean ere aurki zitekeen. Filipinetan ere gero eta urriagoa da. Berau da ur gazitan bizi daitekeen krokodilo bakarra eta tarteka Ozeaniako beste hainbat uhartetan ere ikusi izan da.

Urtearen zatirik handiena erreka eta ibaietan egiten dute eta garai lehorretan itsasadarretara (eta itsasora) jaisten dira. Lehorrean zein uretan ehizatzen dute eta denetarik jaten dute, anfibio eta narrasti txikietatik hasita, bufalo handienak harrapatu arte (tartean, tximuak, antilopeak, kanguruak, arrainak, marrazoak eta beste edozein harrapakin, baita gizakiak ere).


Argazkia: Paul Thomsen, Wikimedia Commons

Alerik gehienak 3-4 metro bitartekoak izan ohi dira eta 500-600 kilo inguru pisatzen dituzte. Munduko krokodilo espezierik handiena da, hortaz, nahiz eta oso hurbil dituen Niloko krokodiloa, Crocodylus niloticus) (Afrikako hainbat ibaitan bizi dena), eta Ameriketakoa, Crocodylus acutus, horiek ere 4-5 metrotik gora iristen dira eta.

Krokodiloen ordenak 20 espezie inguru biltzen ditu, benetako krokodilo, aligator eta gabialen artean, eta kontinenterik gehienetan daude hedatuta, batez ere hego hemisferioan.

Albistearen inguruko informazio gehiago, besteak beste, BBCren webgunean (albistea eta bideoa).

Erantzun

Sartu