Teknologia albisteak

Eta Tim Berners-Leek patentatu izan balu weba?

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2011-08-22 : 12:08

Dagoeneko 20 urte joan dira Tim Berners-Lee zientzialari ingelesak weba sortu zuenetik. Ordura arte Internet gutxi batzuen lanabes izan bazen, Berners-Leeren asmakizunak milioika lagunen esku jarri zuen sarea, eta honek era sakonean aldatu ditu gure bizitzak. Baina zer gertatuko zatekeen Tim Berners-Leek bere asmakizuna patentatu izan balu?

Galdera hori egin du Mike Masnick kazetariak. Hona hemen beronen zenbait hipotesi:

  • Eskaintza itxiak. World Wide Web irekian barik, jende gehiena ibiliko litzateke AOL, Compuserve, Prodigy edo Delphi bezalako lorategi itxietan. Norbaitek erostekotan Berners-Leeren patentea, enpresa handi horiek erosiko lukete.
  • Berrikuntza mugatua. Webari dagokionez, berrikuntza maila oso mugatua izango litzateke. Ajax, informazioa denbora errealean eta horrelako terminorik ez litzateke seguruenik. Enpresa handi horiek izango liratekee “berritzaile” bakarrak.
  • Googlerik ez. Bilaketarik apenas egingo litzateke, eta, egitekotan, jakineko sistemei mugatuak egingo genituzke (AOL, Compuserve…). Kontsumoa vs komunikazioa. On line zerbitzuen erabilera lotuagoa izango litzateke “kontsumoarekin” (gaur egun iPadekin gertatzen den antzera, bidenabar esanda) “komunikazioarekin” baino. Txatak eta horrelakoak egongo lirateke, baina ez komunikazio masiborako tresnarik, blogak edo Twitter, esate baterako. Sare sozialik egotekotan, oso garatugabeak izango lirateke.
  • iPhone-rik ez. Sare barik, ez dut uste ikusiko genukeenik halako interesik telefono aurreratuetan. Akaso AOL telefonoren bat? Baliteke, baina merkatu zatikatu batean, eta ez horrenbeste baliorekin.
  • Internet irekia, auzitegiek mugatua. Egongo litzateke Internet ireki bat, eta gopher eta Usenet bezalakoak ibiliko lirateke. Hala ere, gopher saiatuko balitz zabaltzen web moduko bat izan guran, legezko ika-mikak etorriko lirateke, atzeratuko luketenak berrikuntza.

Amaitzeko, zenbat berrikuntza egongo dira, ahalmen handikoak bazterrak aldatzeko, baina patente batek giltzapetuta? Amaitzeko, bitxikieria bat: Marco Arment (InstaPaper) teknologoak gogorarazi digunez, Tim Berners-Leek patentatu izan balu weba, gaur hasita erabili ahal izango genuke 3w modu librean.

Erantzun

Sartu