Teknologia albisteak

Tropela.net-en arrakastaz elkarrizketa Egoitz Lizasori

Erabiltzailearen aurpegia
GAZTEZULO aldizkaria
2011-07-26 : 10:07

Amaitu zen Frantziako Tourra igandean. Euskal Herrian txirrindularitzak sortzen duen interesaren berri bagenuen. Hala ere harritu egin gaituzte tropela.net datuek: 200.000 porra bost denboralditan, miloi bat bisita aurtengoan. Garbi dago webgunea sortu zuten lau gazteen apustua balekoa izan dela. Egoitz Lizaso, tropela.net-eko kidea elkarrizketatu dugu Gaztezulon: "Porran parte hartu ahal izateko erdara-euskara hiztegiak ere topatu izan ditugu Sarean"

Nola sortu zitzaizuen guzti hau martxan jartzeko ideia?

Nola ez, afari batean! Zarauzko Institutuan elkarrekin ibiliak ginen Oihan izeneko lagun bat eta biok, aspaldian egon gabe ginela eta, afaritxo bat egin genuen. Berak institutuan porra bat egina zuen pare bat urtean dezenteko arrakasta izan zuena. 80 bat lagun apuntatu zitzaizkion, ohol batzuk jarri zituen sailkapenak inprimatu eta goizero bertan jartzeko… eta ni ere antzeko zerbait egiteko asmotan nenbilen koadrilarako. Sarean egitearen ideia sortu zen, zerbait txukuna eginaz gero jende dezente animatu zitekeela… Bere koadrilako beste bi batu ziren, informatikaz nahiz diseinuaz dezente zekitenak eta horrela jarri genuen martxan.

Ezaguna da euskaldunak apustuzale garela, baina Sarearen bidez egindakoa izatea, hasi zinetenean behintzat, bazen nobedadea.

Guk txirrindularitza jarraitzeko zaletasun handia daukagu, batez ere sofako jarraitzaile bezala. Etapa guztiak ikusi, gero komentatu eta abar. Baina informatikarekiko zaletasuna ere badaukagu. Esate baterako tropela.net-ekin hasi ginenetik taldeko kide bakoitza herri ezberdin batean bizi izan gara, aspaldion Belgikan dabil bat, eta prozesu guztia Skype bidez egin izan dugu.

Berez sortu genuenaren izen abizenak Tropela Euskara eta Informatika elkartea dira. Martxan jarri ginenetik asmoa izan zen txirrindularitzari lotua egoteaz gain teknologia berrietan euskararen erabilera sustatzeko balio zezakeen proiektu bat egitea. Sortu genuenean bestelako txirrindularitza porra mordoa zegoen; egunkari gehienek daukate berea, Ciclos Maestrerena ere hor zegoen Bizkaian oso ondo funtzionatzen zuena… Eta egun Sarearen bidez antolatzen diren apustu eta jokoak ere nahi bezainbeste topa ditzakezu. Baina hiru osagai horiek, txirrindularitza, euskara eta teknologia berriak, lotu dituen bakarra geurea izan da.

Bloga ere badaukazue, podcast eta guzti.

Euskarazko blogen boom hori gertatu zenean pare parean tokatu zitzaigun eta nahiko ondo funtzionatu du. Gainera egin nahi izan duguna oso ondo egokitu zaio. Lehiaketa da tropelaren elementu zentrala, baina lehiaketaren inguruan sortzen den guztia, giroa, eztabaida, saltsa, lehiaketa bera bezainbeste interesatzen zaigu. Eta horretarako oso tresna interesgarria da bloga. Bestalde, kontutan izanik gure helburu nagusienetariko bat Sarean euskararen erabilera bultzatzea dela, euskarazko edukiak idatzi eta irakurtzeko ematen duen aukera plus bat da guretzat.

Podcast-arena berriagoa da; aurreko urtean jarri genuen. Ero batzuk garenez, egun erdia etapa ikusten eta beste erdia etapako gorabeherekin bueltaka pasatzen dugunez pentsatu genuen gure erotasun hori bideratzeko modu egokia izan zitekeela. Etapa bukatu ondoren kronika, titularra, euskaldunik onena eta horrelako mordoxka bat biltzen ditugu ordu laurdeneko audio batean. ari garenez, pentsatu genuen gure erotasun da podcastena da. Etapa bukatu eta gero laburpentxo bat, bloga baino azkarragoa iruditu zitzaigun. Egunero egiten dugu, hiru lagun txandakatuaz: Eneko Garate, Raul Perez, Josu garate, Inaxio Sukia eta ni neu. Iritzi ezberdinekin ikuspegi zabal bat osatzeko aukera ematen digu, blogarekin baino modu azkarragoan, eta egia esan oso saltsa polita edukitzen dugu.

Ezaguna da euskaldunak apustuzale garela, baina marka guztiak hautsi ditu tropelak.

Beste porra batzuetan erabiltzaile bakoitzak porra bat baino gehiago egin dezake. Geurean ez, arauetan jartzen dugu erabiltzaile bakoitzeko kiniela bat baino ezin dela egin, eta txekeoak ere egiten ditugu, batez ere irabazleen artean. Horrek oraindik balio gehiago ematen diete dauzkagun zenbakiei. Aurtengo Tourrean adibidez 12.000tik gora erabiltzaile. Lehen urtean, 2005ean, 6.000 inguru izan ziren…

Jendearen erantzuna ikusita, pixkanaka egutegia zabalduz joan gara, eta orain txirrindularien pareko denboraldia egiten dugu urtero, martxoan hasi eta bederatzi proba: Paris-Niza, Euskal Herriko Itzulia, Ardenetako Hirukotea, Italiako Giroa, Dauphiné Liberé, Frantziako Tourra, Donostiako Klasikoa, Espainiako Vuelta, eta Munduko Txapelketa. Horrek ere mugimendu gehiago eman dio tropelari: sei urtean 200.000 porra egin ditugu; aurten bakarrik, eta ia egutegiaren erdia jokatzeke dagoela, moiloi bat bisita baino gehiago izan ditu webguneak… Gu ere harrituta gelditzen gara datuekin!

Egia da, baita, parte hartzeko ez da ezer ordaindu behar, eta publizitatearen trukean lortzen ditugun sariak nahikoa txukunak direla. Horrek ere piztu du jendearen interesa. Gainera komunikabideek, batez ere hasieran, dezenteko ‘kantxa’ eman ziguten. Eta geure aldetik lana ere nahikoa serio egin dugula iruditzen zait.

Dezenteko lana eskatuko dizue guzti honek.

Ba egia esan bai. Lehiaketa antolatzeak badauka bere zailtasuna, txirrindulariak modu orekatuan multzokatu behar dira… Blogak ere konpromiso bat eskatzen du, eta facebook nahiz twiterren urteak daramazkigu jarraipena egiten. Twen top-ean tropela oso goian dago eta horrek esan nahi du mugimendua izan duela...

Podcasta jarri, maillota bidali, maillotak lortu, diru kontuak egin, orain ogasuneko kontua egin, lehiaketa bera antolatu, babesleekin hitz egin… badauka bai lana. Batzuetan pentsatu ere eginten dugu ez al garen gehiegi egiten ari. Baina puntu politean ikusten dugu asuntoa eta pena ematen digu pistoia jaisteak.

Zeintzuk zarete guzti honen atzetik dagoen lan taldea?

Argi utzi nahi dut Tropela irabazi asmorik gabeko elkartea dela, alegia, ez dugula xentimorik ikusten. Behin hori zehaztuta taldearen nukleoa lehen aipaturiko lau lagunek, elkartea sortu genuenak, osatzen dugula esan daiteke. Oihan Odriozola, Eneko Illarranmendi, Jon Zubizarreta eta ni neu. Gero badago kolaboratzaile sare zabal bat denak ongi funtzionatu dezan ezinbestekoa dena.

Eta bestaldean dauden parte hartzaileak? Ba al dago perfil jakinik?

Estatistikek erakusten dute gehien mugitu garen tokietan gehiago zabaldu dela tropela. Elkartea Zarautzen sortu eta erroldatu genuen eta herri hau da, Donostiaren ondotik, kiniela gehien dituen herria. Era berean Gipuzkoa da, dezenteko aldearekin, parte hartzaile gehien dituen herrialdea. Egoera soziolinguistikoak ere izango du eraginik; zonalde euskaldunetan hobeto funtzionatzen du zonalde erdaldunetan baino…

Gero salbuespen harrigarriekin ere egin izan dugu topo. Aurreko batean, adibidez, Murtziako Telebista Regionaleko kazetari batek idatzi zigun tuit-a: "Cada vez que cambias los menus ya no encuentro las clasificaciones". Eta ez da Espainiatik etorri zaigun porra bakarra, Interteko foroak ere topatu izan ditugu euskarako hiztegiak osatzen: "Para participar teneis que hacer lo siguiente, primero crear un usuario, usuario es erabiltzailea pasahitza ez pasword". Guri kriston poza ematen digute horrelako kontuek. Lankide batekin hitz egiten... Ari gara hemen gu Windows euskaratzen eta egin behar dena alderantzizkoa da produktuak sortu eta gero erabiltzaileek itzul dezatela.

Zein izan dira blogera saltsa gehien ekarri duten polemikak?

Tropelan historian bere gairaian Euskaltelen Haimar Zubeldia eta Iban Mayo zeudenean dezenteko eztabaidak egon ziren baten edo bestearen alde.

Aurten ez da gauza handirik izan orain arte. Samuren deklarazio batzuk egon ziren esanaz Contadorrekin aliantza bat egin nahi zuela, baina badirudi kazetari espainiarrek testuingurutik ateratako hitz batzuk direla eta berez ez dagoela polemikarako bide gehiegi.

Polemiketaz ari garela; nola ikusten duzu Espainiako Vuelta 33 urteren ondoren Euskal Herrira itzultzea?

Eztabaidarako gai bat da dudarik gabe, baina hausnarketa egin ondoren ez nago kontra. Izan ere Tourra Holandatik, Belgikatik, Ingalaterratik eta edozein tokitatik pasatzen da, Giroa uste dut datorren urtean Washingtonen has daitekeela, eta Espainiako Vuelta ere Holandatik pasa zen duela pare bat urte… Proba hauen lurraldetasuna geroz eta lausoagoa da eta ikuspegi horretatik begiratuta ez dit hainbesteko minik egiten. Salagarriena iruditzen zaidana da bi etapa horiek hemendik pasatzeko dirutza ordaindu den bitartean, dirurik gabe gelditu direlako bertako probak bertan behera utzi beharra. Hor dago Euskal Bizikletaren kasua esaterako.

Erantzun

Sartu