Teknologia albisteak

Ekoudalekuak: Uda desberdin bat!

Erabiltzailearen aurpegia
Ekoliderrak
2011-07-05 : 09:07

15-17 urte dituzu? Eta uda desberdin bat pasa nahi al duzu? Ba apuntatu zaitez gure "Ekoudalekuetara"! Paregabeko esperientzia biziko duzu, naturaz, jolasaz eta jasangarritasunaz gozatzen duzun bitartean. Epea uztailak 6ean bukatzen da, beraz animatu ja.

Ekoudalekuak, gazteei zuzendutako ohiko udalekuak ulertzeko era berriztatzaile bat dira. Izan ere, gure helburua jasangarritasuna bultzatzea da bizitzaren arlo guztietan, betiere esparru ludiko batengatik. Horretarako, bost ardatz nagusitan oinarrituko gara: elikadura, ezagutza eta garapen pertsonala, naturarekiko harremana, kontsumoa eta jolasak. Ardatz bakoitzaren inguruan jarduera desberdinak egingo dira, baina garrantzi gehiago emango diogu jarrera-aldaketari, ekintza kopuruari baino.

Hau guztia heziketa holistiko eta aktibo baten bidez lortu nahi dugu, hiru erlazio ezberdinetan datzana: norberak norberarekiko, norberak besteekiko eta norberak naturarekiko. Honen bidez, gazteen autonomia, kreatibitatea eta kritika ahalmena sustatzen saiatuko gara.

Ekoudalekuak 15-17 urte bitarteko gazte euskaldunentzat zuzenduta daude, gure hezkuntza eredua euskara baita, eta Sastarraineko Baserri eskolan gauzatuko dira (Zestoa, Gipuzkoa) 2011ko abuztuaren 12tik 22ra. Bertan 40 lagunentzat dago lekua eta auzolanak ere egiteko aukera egongo da (Pottoka zaldi arrazaren heziketa eta berreskuratzea), mantenu osoa 220 eurokoa delarik. Ekoudalekuetan izena emateko epea uztailaren 4ra arte luzatuko da.

Informazio orokorra

Ekoudalekuak, Kutxaren Ekoliderrak programatik sortutako proiektu berri bat da. Gazte ekolider hauek kontsumo jasangarria eta naturarekiko errespetua lantzea bilatzen dute egonaldi honen bidez, udalekuek ematen duten bizi-esperientzia paregabea aprobetxatuz. Beraz, ekoudalekuak antolatzen diren lehen aldia izango litzake hau, horrek suposatzen duen indarra, gogoa, ilusioa eta baita ezjakintasunarekin ere.

Antolatzaileen esanetan “gazte euskaldunen burmuinak piztu nahi ditu Zestoako Eko-udalekuak. Egonaldi honek gazteen autonomia, sormena eta kritika-ahalmena sustatuko ditu: jolasa, gozamena eta jasangarritasuna izango ditu oinarri; eta elikadura, naturarekiko harremana, ezagutza pertsonala, kontsumoa eta ekintza ludikoak uztartuko ditu”.

Jolasa eta dibertsioa oinarri harturik, bost ardatz nagusiren barnean dauden ekintzak burutuko dira:

  • ELIKADURA: ogia egiten ikasi eta garai desberdinetako fruitu eta barazkiak bereizten.
  • NATURAREKIKO HARREMANA: gure ingurunea interpretatu eta ulertu.
  • EZAGUTZA PERTSONALA: meditazioa, dantza eta masaje tailerrak, isiltasuna entzuten ikasi, etab.
  • KONTSUMOA: berrerabilpena, birziklapena, konposta
  • EKINTZA LUDIKOAK: ohiko euskal-jolasak eta berriak.

Kontsultak eta iradokizunak: ekoudalekuak@gmail.com helbidean edo honako telefonoetan argitu litezke: 619 59 24 79 / 667 97 24 71. Elkarrizketa egiteko ere telefono berberera deitu liteke.

Informazio gehiago esteka hauetan lor daiteke: Bat / Bi

Sastarraineko aterpetxea

Baserri Eskola eta Aterpea, Naturaz gozatu eta ikasteko zentroa da. Zestoan kokaturik dago Sastarrain, Gipuzkoan, Ekaingo aztarnategi miresgarriaren ondoan, izen bera duen bailaran, Sastarrain. Baserriak hiru solairu dauzka:

  • Beheko solairuan jangela zabal bat eta sukaldea daude.
  • Bigarren solairuan balioanitzeko bi gela handi eta terraza nahiz aterpe batera daramaten bi ate daude.
  • Azken solairuan 75 pertsonentzako tokia duten literaz osaturiko 3 logela daude eta dutxaz hornituriko komunak.

Baserriaren ondoan beste eraikuntza batzuk ere badaude: oilategia, ukuilu nahiz pikaderoa, baratza eta negutegiak. Gainera zuhaizti eta landaz inguraturiko 95.000 metro karratuko lursaila eta aparkamendu bat ditu.

Erantzun

Sartu