Teknologia albisteak

"Gizon batek kosk egin zion txakur bati Ordizian"

Erabiltzailearen aurpegia
OrdiziakoAhotsa.net
2011-06-14 : 19:06

Ezaguna da kazetaritzako ikasleen artean esaldi hura esaten duena ez dela notizia txakurrak pertsona bati kosk egitea, bai ordea, pertsonak txakurrari egitea. Eta hain zuzen ere, notizia da zail delako halakorik gertatzea. Antzeko zerbait gertatzen da honako notizia honekin "Ertzain bat jotzeagatik urte erdiko espetxe zigorra ezarri diote herritar bati".

Itxura denez, gertaerak 2007ko abenduaren 5ean gertatu ziren Ordizian. Filipinetako Macapagal presidentea eta Juan Jose Ibarretxe izan genituen bisitan, eta haien aurrean AHTaren aurka protesta egiteko elkartu ziren hainbat kide Arboleda inguruan. Epaiak dioenez "baimendu gabeko bilkura" izanik, urrundu egin behar zutela esan zieten ertzainek, eta "bultz egin beharra izan zieten". Epaileak dioenez, orduan jo zuen erasotzaileak ertzaina, "makil batean zuen pankartarekin" eta "hanketan jo zuelarik". Lesio horiek sendatzeko 94 egun behar izan zituela ertzainak jaso du epaileak. Desobedientzia delitua egotzi diote auzipetuari, eta 3.158 euro ordaindu beharko dizkio ertzainari.

Horraino berria eta epaia. Eta hortik aurrera, harridura eta ezin sinetsia. Besteak beste, epaiketan zehar ere agerian geratu zelako AHTren aurkako mugimenduak zer nolako kriminaliazioa eta jazarpen poliziala jasaten dituen. Herri honetan milaka dira urte luzeetan zehar behin baino gehiagotan uniforme ezberdinak dituzten polizien aurrean aurkitu direnak aldarrikapen edota protesta ekitaldiren batean. Eta pentsatu, ezagutzen al duzue inor, ekintza baketsu batean, egurra emateko bereziki prestatuta eta hornituta dauden ertzainen aurrean, ertzain bati halako jipoia ematea bururatu, eta gainera halakorik egin duenik? Ez zituen, gainera, nolanahiko golpeak jaso, osatzeko 94 egun behar izan bazituen! Jakina, dirutan jaso beharreko ordaina egun horien araberakoa izanik...

Buelta gaitezen berriro berriaren jatorrira. Eta demagun, badela berrian egiazko den zerbait. Demagun, egia dela gizonak txakurrari kontuak eskatu zizkiola, zaunkarik ez egiteko esan ziola, txintxo txintxo itzultzeko bere nagusiaren ondora, eta jendez betetako kaleak ez direla txakur amorratuak suelto ibiltzeko toki aproposenak. Demagun txakurra gizonari oldartu zitzaiola, eta bai, gizonak defendatzeko imintzioren bat egin zuela. Ziur gaude, txakurra ez zela ez koskarik egin gabe geratuko. Eta gero, gainera, hara nondik, txakurrak salaketa jarri gizonari. Epaileak txakurraren hitza txintik esan gabe sinistu, eta gizonari halako zigorra ezarri. Hamaika ikusteko jaioak gara nonbait.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago