Orain dela hilabete batzuk abiatu zuten hainbat gurasok euren haurrak euskaraz erregistratzeko ahalegina, hainbat herritan. Zarautzen, azkenean, Iratxe Aranburuk eta Aritz Azkuek lortu dute euren alaba euskaraz erregistratzea. Zarautzen euskaraz erregistratu duten lehenengo haurra da Lore Azkue Aranburu.
Argazkiak.org | Euskaraz inskribatutako haurra © cc-by-sa: sustatu
Lortu dute euren helburua, baina bidea ez da erraza izan. Asko borrokatu behar izan dute Aranburuk eta Azkuek, beste hainbat gurasorekin batera. Lan horretan, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, EHE eta udala bera izan dituzte bidelagun. "Gauzak ondo irten dira, baina atzetik lan handia egin dugu. Horregatik, bidelagun izan ditugun guztiei eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen", esan du Aranburuk.
Zarautzen bezala, beste hainbat herritan ere borroka berdinean ari dira hainbat guraso, aurretik ere Behatokiak azaldu izan duenez. Ataunen, Barañainen, Alegian... Zarautzen bide bat zabaldu dela nabarmendu du Zarauzko Bake epaitegian egindako agerraldian Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik. "Gaur Iratxek eta Aritzek bide bat zabaldu dute. Bide hori herritarrek euren eskubideari uko ez egitearen ondorio da, haiek egindako ahaleginari esker, eta ahalegin horren ondorioz, Udalak berak emandako pausoei esker eta eurek jarritako indarrari esker zabaldu duten bidea, alegia"., Euren jokabide eredugarriarekin "lezioa eman digute" gaineratu du Behatokiko zuzendariak.
Haurrez gain, heriotzak eta ezkontzak euskaraz erregistratzeko aplikazioa 2008. urteaz geroztik abian dela azaldu du Behatokiko ordezkariak. Hala ere, Petriatik esan duenez, "aplikazioa prest egonik ere, administrazioen esku-hartzea eskatzen zuen eta asko atzeratu da". Zarautz abiatu duten zazpigarren esperientzia pilotua da, nahiz eta hasiera batean ez zegoen esperientzia pilotuen plangintzan jasota. Petriatiren ustez, hau posible izan da "Iratxek eta Aritzek bezala, beste hainbat lagunek egindako lanari eta esfortzuari esker lortu da azkenik udalerrian halako zerbitzua izatea".
Erantzun
Sartu