Teknologia albisteak

Akitaniar, Euskal eta Kantabriar Aterpetik atera ziren Europako mendebaldea populatu zuten biztanleak

Erabiltzailearen aurpegia
Euskararen Jatorria
2011-06-11 : 14:06

Garesen pasa den 7an egindako Euskararen Jatorriaren VI. Biltzarrean inoiz aipatuak izan diren baina modu zientifiko batez orain gutxi arte baieztatu gabe egon diren teoria entzuteko aukera izan genuen: Europako Mendebaldeko populazio prozesua. Genetikaren bidez datorren teoria honek laguntza handia emango ei dio hizkuntzalaritzari.

Hasteko, azken urteotan gero eta gehiago entzuten ari zen teoria bertan behera utzi bide du: erromatar garaiko euskal tribu batzuk, karistiarrak esaterako, ez zirela euskaldunak. Genetika eta hizkuntzak beti batera ez direla joaten jakinda ere, gaur egungo azterketa genetikoek diotenez, Euskal Herriko herrialdeetan bateratasun genetiko handia dago eta jatorri oso desberdineko herritarrak izan balira, genetikan nolabait igarri beharko zen.

Hedabideetan Oxfordeko genetista den Stephen Oppenhaimer aipatuena izan bada ere teoria honen defendatzaile gisa, esan beharra dago biltzarrean beste 3 genetista gehiagori entzuteko aukera izan genuela ildo antzekoetatik: EHUko Biomics ikerkuntza taldeko Sergio Cardoso, Unibertsitate Complutenseko Antonio Arnaizi eta, mahai inguruan, EHUkoa ere den Marian Martinez de Pancorbori.

EHU barruan kokatuta dagoen Biomics ikerkuntza talde honetakoak dira Sergio eta Marian eta hamarkada luzea darama genetika azterketak egiten Euskal Herrian, diasporan eta inguruko herrialde batzuetan. Horregatik biltzar honetan euren presentzia ezinbestekoa zen “etxean” egindako azterketak ezagutu ahal izateko.

Sergio Cardosok genetika gai korapilatsu hau modu didaktiko eta ulergarri batez azaldu zuen. Berak dioenez Europa mailan orain arte egin diren ikerketa genetiko asko, eta haiek egindakoak ere, ildo antzekotik doaz, hala nola Torroni, Alfonso-Sanchez, Alonso, Lopez-Parra, Valverde… alegia, izotz garaia amaitu ahala, hiru aterpe nagusietatik atera zirela Europa populatu zutenak. Batetik, Balkanetatik eta Ukrania aldetik Ekialde osora zabaldu ziren, eta, bestetik, franko-kantabriar aterpetik mendebalde osora. Bi mugimendu nagusi hauez gain, ekialdetik mendebaldera ere mugimenduren bat izan zen eta alderantziz, mendebaldetik ekialdera, baina bi mugimendu hauek indar gutxiagokoak izan ziren.

Datu hauek hain argi atera ahal izateko, zalantzari zirrikiturik utzi gabe, belaunaldi batetik bestera pasatzen diren eta inolako aldaketarik ez daukaten DNA mitokondrila (amarena) eta Y kromosoma (aitarena) aztertzen dira. Horri esker, Europako herrien zuhaitz genetikoa egin ahal izan dute eta, hasierako abiapuntua, orain dela 50.000 urte inguru, Ekialde Hurbilean kokatzen dute. Geroago, Izotz garaian, gutxienez orain dela 20.000 inguru, aipatutako aterpeak zeuden.

Euskal Herriko biztanleen genetikan, Cardosoren arabera, DNAmt ama leinuenetan eta Y kromosoman aniztasun gutxiago ikusten da Europako beste herrialdeetan baino. Bestetik hemengo ama leinuen asko paleolito garaikoak dira eta horietako asko Europako testuinguruan maiztasun handienetakoak, esaterako, U5B, J1c, H1 eta HE haplotaldeetan.

Datu hauek baieztatzen dute Joxemiel Barandiaranek bere bizitza osoan egindako ikerketen ondorioz aldarrikatu zuen teoria: euskal populua, gutxienez 8.500 urte bizi izan da lurralde honetan. Esan beharra dago teoria hau zalantzan jarria izan dela eta orain, argi eta garbi baieztatuta geratu dela. Horregatik bakarrik, eta Joxemielek egindako lan eskergagatik, merezia izan du genetisten lan hau ezagutzea.

Antonio Arnaizek Arratia eta Kantabriako haran batzuetako herritarren artean egindako azterketa genetikoetan antza handiagoa aurkitu du, beste herrialdeekin alderatuta baino (espainiar edo frantziarrak oro har, argeliarrak, berebereak…). Bestetik mendebaldeko herri mediterraniarren artean (iparralde eta hegoaldekoen artean) antzekotasun handiagoa aurkitu du. Ekialdekoen artean berdin baina ekialde eta mendebaldekoen artean alde gehiago dago. Azkenik, euskaldunen eta georgiarren artean ez du antzekotasun genetikorik aurkitu.

Genetikaren gaia amaitu ondoren Antoniok Iruña Veleiaz hitz egin zuen, ostraketan zeinu iberiarrak aurkitu dituelako, Iruñeko Gaztelu Plazan topatutako beste idazkunen oso antzekoak. Antonioren harridurarako, Gaztelu plazakoak ez dira faltsutzat hartu, bai ordea Araban zeinu berberak dauzkatenak.

Ondoren Stephen Oppenhaimerri entzuteko aukera izan genuen. Oxford-eko irakasle honek esandakoak prentsan nahiko ondo jaso badira ere, esan beharra dago zientzia aurreiritzien gainean jartzean erakutsi duen maila handia izan dela. Zelten teoria baztertuta, irlandar, galestar, eskoziar eta britainiarren geneen %75a hemengo aterpetik etorri zela esan zuen. Berak orain 5 urte plazaratutako baieztapen honek, orain arte, ez du inork hankaz gora jarri.

Izan ere 10.000 irlandar eta britainiarren DNA azterketen emaitzak lagina ezin hobea da horrelako gauza bat argi eta garbi baieztatzeko. Esanguratsuena, eta orain arte horri buruz hitz egin ez dena, irlandarren kasua da. Haien geneen %90 gurearen berdina dutelako, hau da, besteek baino hagitz handiagoa. Honek zer pentsatzerik eman beharko liguke, historian, politikan, erlijioan eta kulturan, irlandarren eta euskaldunen arteko antza nabarmenak izan direlako. Gure Aberri Eguna haiei hartutako ospakizun batetik dator!

Baina Biltzarrak gauza gehiagorako eman zuen. Arratsaldean Mendigorrian dagoen Andion (Andelos latinez) herria bisitatu genuen eta, ondoren, herri horretan aurkitutako iberieraz idatzitako esaldiari buruz dauden interpretazio batzuk ezagutzeko aukera izan genuen. Bienvenido Mascaray, Josu Naberan eta Antonio Arnaizen eskutik. Harrigarria da horrelako idazkun batek eztabaida eta ikerketa gehiago sortu ez izana, Euskal Herrian horrelako oso gutxi dagoelako. Gauzak argi ez daudela ikusi bazen ere, egunen batean argitzea espero dugun esaldi honi dagokion garrantzia ematen saiatu ginen.

Ondoren Agosti Xahoren hizkuntzalaritza lan bat ezagutzeko aukera izan genuen, Aitor kantabriar kondaria. Bertan, orain 200 urte jaio zen Xahoren proposamen etimologiko batzuk aztertu ziren: eske (eskuineko eskuaz egiten zen/den ekintza), esker (aitzinean “ezker”-reko eskuarekin lotuta), eskuara (esku-era, alegia, hitzak erabili baino lehen keinuz adierazteko era), ezkontza (esku-on-tza), uso (ur-so)…

Gero Irish and basque words bideo interesgarri bat ikusi genuen, Séighean Ó Draoi irlandarrak egina. Bertan, gaeleran dauden eta euskarazkoak izan daitezkeen hitz batzuk aztertzen dira, baita mitologia kontuetan kasualitatea izatea ezinezkoa den antzekotasun handiko legendak.

Amaitzeko, Iruña Veleiaren gaian azken urte honetan gertatutako bi gertakizun aipatu ziren, bata positiboa eta bestea guztiz negatiboa. Batetik, Gasteizko Epaileak, Eliseo Gileren datazio-eskaera onartu izana –urtebete pasatuta oraindik egin gabe dagoena- eta, bestetik, Julio Nuñezek egindako sarraski arkeologikoa, hondeamakina harlauzetaraino sartuz, horietako batzuk apurtuz eta gainerako guztia (hormak, hondakinak, lurrak, zoruen gainean zegoen guztia) isurtegira botaz. Hori guztia Martin Elexpuruk emandako bideoan ezin hobeto ikusten zelarik. Egondakoen artean kezka handia agertu zen, aurten iazko sarraskiari jarraipena eman nahi diotelako.

Azken biltzar hau egin diren guztietatik arrakastatsuena izan dela esan beharra dago, hizlariek ederki azaldutako gaiengatik eta biltzarrean egondako partaideengatik, 75 inguru, Iñaki Perurena eta Xabi Otero barne.

Euskararen eta euskal kulturan euren arrasto garrantzitsua utzi duten Louis Lucien Bonaparte, Humboldt, Victor Hugo eta beste atzerritar askoren antzera, Oppenhaimerrek, hemengo Cardoso eta Pancorborekin zein Arnaizen laguntzarekin batera, agian historia liburuetan egunen batean irakatsiko den informazio oso baliagarria utzi digute. Eskerrik asko denoi.

Txostenak ikusteko: www.euskararenjatorria.eu

Aitor Zugasti
Euskararen Jatorria Elkartearen izenean


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago