Koldo Izagirre beltz, egurra ematen, speaking black
Egurra eman zuen Izagirrek hitzaldian. Patxi Lopezekin hasi zen, atzoko pertsonaiarekin. Nola esan zuen hura, indarkeriaren amaierarekin euskara askeago izango zela. Izagirrek esan zuen, ETAk euskara bahitua baldin bazuen, terrorismoaren hatzaparretatik hura ez erreskatatzen saiatzeagatik errudun zela Lopez, eta demokratek prozesatu egin beharko luketela premian zegoenari ez laguntzeagatik.
Eusko Jaurlaritzako beste sailburu batzuk ere aipatu zituen. Blanca Urgell Kultura sailburua, hau esan zuelako: 'El euskera también es de quien no tiene interes por él. Edo Idoia Mendia, beste adierazpen hauengatik: "Terrorismoak guztia baldintzatu du euskal gizartean urte luzetan, eta, jakina, baita hizkuntza ere." Hizkuntza baldintzatu... hizkuntza bat, nonbait, euskara, ze ez dirudi gaztelania, askatasunaren hizkuntza baldintzatu izan duenik. Baina, badaezpada, terrorismoak ukitutako gaztelaniazko hitz parrasta aipatu zigun Izagirrek: Bañera, normalización, incomunicación... (buruz ari naiz, ez dakit hitz hauek izan ziren ala beste batzuk, baina efektua ulertuko duzue).
Beste erakunde batzuk ere kritikatu zituen, ez bakarrik sozialistak. Etxepare Institutua, edo Gipuzkoako Foru Aldundia, edo abertzaleek EAEko hizkuntza politikaren ardura izan zutenean apailatutako Euskara XXI txostena. Haren hizkuntza eta esamoldeak errepasatuz, honela laburbildu zigun Koldo Izagirrek: ideiarik ez denean, ondo datoz hitzak (nik baino dotoreago esanda).
Baina era berean, zapalketaren zantzuekin batera, erresistentziarenak ere eman zizkigun. Bilbo hiriaren gorazarre egin zigun, Gabriel Aresti edo Oskorriren musikari esker, Bilboko kaleak euskararenak ere badirela, ausentzia behartuaren minez sortutako euskaltasunaren aldarria. Edo Javier Sadabaren hitz batzuk, abertzaletasun politikoak euskarari eman beharreko lekuaz.
Alde politiko honetatik, ez bakarrik aginteari, abertzaletasun politikoari ere begiratu zion Izagirrek. Aranak, Argalak, Lizarra-Garaziko prozesuak... beti gaztelaniaz hausnartu izan dutela. Gipuzkoan nazionalismo formulatzen lagundu zuen Engracio Aranzadi Kizkitza-ren anekdota bat kontatu zuen. Zientoka idatzi zituen abertzaletasunaren aldeko artikuluak Kizkitzak, bat salbu beste guztiak erdaraz, eta honela justifikatu omen zuen Kizkitzak hori: Goliat garaitzeko, haren ezpata erabili behar izan zuela. Barre egin zion aitzakia patetikoari Izagirrek: batetik, Davidek bere habailarekin garaitu zuen Goliat, eta bestetik, ez dirudi Kizkitzak urraturik ere egin zionik Goliati, erraldoiak lehen baino handiago eta biziago baitago gurean.
Puntu honetan, pentsatzeko modu berriak eskatu zituen Izagirrek. Ba omen zen 20. mendearen hasieran yiddisheraz bakarrik funtzionatu izan zuen alderdi judu europar elebakar bat... Halakorik euskaraz? Edo, lurraldetasuna. Abertzale historikoek (Krutwig, edo Irujo) Moncayo mendirainoko Euskal Herri hedatuak asmatu izan dituzten bitartean, inork Euskal Herri txikiagorik? Euskara nagusi izan daitekeen lurralde txiki edo mugatuago bat politikoki gauzatzeko proposatu ote zuen ez dakit, baina Euskal Herriaren lurraldetasunaren tabu abertzalearen gaindi dago Koldo Izagirre.
Komunikazioa, Twitter eta beste
Twitter bidez egon nintzen kontatzen nola zihoan hitzaldia, eta Ricardo Gomez euskalariak erantzun zidan, ea modu negatiboan bakarrik azaltzen ari zen Izagirre, Van Gaal futbol entrenatzailea agertzen zen bezala. Nik uste dut ezetz, erasoko jokoa erakutsi zuela Izagirrek, kreatiboa eta positiboa.
Bere liburua salgai dago sarean, eta irakurgai ere bai. Liburu eran apailatu aurretik ere, blog erako idazki multzo honetan, Zazpiak zazpi, joan zen agertzen. Internet eta teknologiarekin halako harreman berezi bat du Izagirrek. Ez okurritu haren hitzik grabatu eta Youtubera igotzerik, adibidez: haserretuko zaizu, nik ulertzen ez ditudan arrazoiengatik. Baina ere berean, Susa argitaldarirako idazten, testuen zabalpen digital irekian sinesten duen talde horretakoa da (Armiarma, Bazka.info...). Alegia, ez da batere teknofoboa, eta are gehiago, sinesten du Interneten.
Hala ere, nolabait esateko, Susakoek halako agerpen inpertsonal bat daukate sarean, kenduta haien inguruan sortutako e-mailuak edo Armiarma bezalako proiektuen promozioan jarduten duen Patxi Gaztelumendi aktibista ezaguna. Gainerakoak, ezkutuago bezala daude, gortinaren bestaldean, elkarren artean omen daukaten Askizuko posta-zerrenda agian mitiko horretan: Mikel Elortza batek, adibidez, bloga abandonatu eta paperean errefuxiatu zen, erretiradan, batek daki zergatik. Eta Izagirre ere... hor dago, baina, modu pertsonalago, zuzenago batean egon zitekeela uste dut, speaking black aurpegira, hitzaldietan bezala. Akaso Twitterrerako komentzituko dugu, ahots pertsonal bat eztabaida irekian sartzeko eta eragiteko dagoen modu zuzenean une honetan.
Herritarrak, Interneti esker, sortzaile bihurtzeko aukera egon den honetan, beharbada bada garaia sortzaileak herritar arrunt, internauta txepel, bilakatzeko. 21. mendean, kultura eta komunikaziorako hizkuntza dela euskara aldarrikatu zuen Izagirrek. Jende askok egunero demostratzen du hori. Intelektualek ere bai, mesedez, #AkanpadaSarean, asanblada jarraitua. #Koldo, zeu ere bai.
Erantzunak kargatzen...