Teknologia albisteak

Euskal Herria eta 3G

Erabiltzailearen aurpegia
Eneko Bidegain
2011-05-12 : 12:05

Bi estaturen artean zatiturik izatearen ondorio kaltegarri bat, euskaldunentzat: sakelako telefonoa eta 3G bidezko internet zerbitzua. Are gehiago, euskaldunek diskriminazio bat pairatzen dugu, arlo horretan: euskalduna izateagatik, nazioarteko prezioetan ordaindu behar ditugu euskaldunen arteko komunikazio asko.

Bordelen bizi den frantses batek ez du nazioarteko prezioan pagatu behar Marseillako lagunei edo senideei telefonoz deitzea, edo Estrasburgora joaten bada, ez du atzerrian izango balitz bezala ordaindu behar telefono deiak jasotzea edo 3G bidez internetera konektatzea.

Baionan bizi den batek Donostiako lagunei edo senideei deitzea edo SMS bat bidaltzea nazioarteko komunikazioen prezioetan ordaindu behar du. Telefono konpainiek egiten dituzten eskaintzek ere ez dute balio (telefono zenbaki batera dei kopuru mugagabea, euro bakar batzuen truke), estatu barneko telefono zenbakietarako baizik ez baitira izaten.

Eta 3Garekin gauzak ez dira hobeak. Tablet edo smartphone moduko tresna bat daukan euskaldunak ezin du 3Garekin konektatu, beste estatuaren menpeko Euskal Herri zatira pasatzen bada… Bai, konekta daiteke, baina fakturan ohartuko da zergatik hobe duen ez konektatzea.

Euskaltel publizitate kanpaina handi bat egiten ari da, etxean internet hartuz gero sakelako internet doan izango dela Euskaltelekin. Ipar Euskal Herriko euskaldunek ez daukagu horretarako aukerarik.

Zorigaitzez, egia da Hego Euskal Herria “Espainia” dela Ipar Euskal Herriko anitzentzat, eta Ipar Euskal Herria “Frantzia” dela Hego Euskal Herriko euskaldun anitzentzat. Baina egia da ere euskaldun anitzentzat Ipar eta Hego Euskal Herria hartzen dituen eremua dela bizi eta lan eremu naturala, lagunak, lankideak eta ahaideak bi aldeetan dituztelako edo alde batean lan egin eta bestean bizi direlako. Euskal Herriaren egituratzearen parte inportantea da, ene ustez, sakelako telefoniaren eta interneten prezioen arazo hori konpontzea.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago