Teknologia albisteak

Tulankide.com: Mondragon taldearen komunikazio kanal berria

Erabiltzailearen aurpegia
Arteman Komunikazioa
2011-05-09 : 14:05

Maiatzean jarri da martxan TUlankide aldizkariaren bertsio digitala, www.tulankide.com, Mondragon taldea osatzen duten kooperatiba ezberdinen zerbitzurako. Aldizkariak berak duen filosofiari jarraituko dio: Mondragon taldeko kooperatiben berri eman eta kooperatibismoaren balioak bultzatu. Interneteko ataria izanik, albistegi jarraitua izango du eta kooperatiben inguruko azken albisteen berri emango du.

Tulankide.com-en hasierako orria

Albistegiaz gain, beste zenbait eduki ere biltzen ditu: iritziak, kolaborazioak, kooperatiben aurkibidea, agenda, aldizkariaren pdf-ak, bideoak, argazkiak...

Enpresen aurkibidea

Tulankide.com-ek Mondragon taldeko kooperatiba guztiei eskaini nahi die beraien berriak zabaltzeko aukera, hasi handienetik eta txikieneraino. Hori kontuan izanda, taldeko kooperatiba guztien aurkibidea biltzen du webguneak. Hala, kooperatiba bakoitzaren gaineko albisteak aurkibide edo direktorio horretan biltzen joango dira, kooperatiba bakoitzaren albistegitxoa osatuz.

Twitter, Flickr eta Youtube kanalak

Tulankide.com-en argitaratzen diren albisteak Twitter bidez ere zabalduko dira, horretarako sortutako erabiltzailearen bidez: twitter.com/tulankide Norbaitek e-postaz jaso nahi baditu albisteak, horretarako ere zerbitzua martxan dauka; baita rss jarioa ere.

Sare sozialetan aktiboki jardun nahi du TUlankidek, Twitterren ezezik, argazki eta bideoekin ere bai, Flickr eta Youtuberen bidez.

  • Flickr-eko kontuan zintzilikatuko dira albiste bati dagozkion argazkiak; aldizkarian argitaratu ez direnak ere bai.
  • Youtubeko kanalean igoko dira webgunean argitaratzeko bideoak, baita kooperatibagintzarekin lotutako beste batzuk ere.

Aldizkariak pdf-an

Webguneak biltzen ditu 2003tik gaurdainoko aldizkari guztiak pdf-an, Scribd.com-en plataforma erabiliz.

Codesyntax, Arteman eta Mondragon taldea

Webgunea Eibarko Codesyntax enpresak eta Aretxabaletako Arteman Komunikazioa kooperatibak egin dute, eta lehen eduki-kargak Artemanek egin ditu TUlankideko Erredakzio Kontseiluarekin batera.

Webgunea egina dago edukiak kudeatzeko sistema batekin, Plonerekin.  Munduan aski ezaguna den webguneak egiteko teknologia da eta software librean egina dago. Debagoienean badaude plonerekin egindako beste webgune batzuren adibideak: Mondragon Unibertsitatea, Eskoriatzako Udala eta Aretxabaletako Udala, besteak beste.

Webgunea euskaraz eta gaztelaniaz dago.

Erantzun

Sartu