Teknologia albisteak

Oihenart I. Aforismoen Lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia
Antonio Casado da Rocha (Euskal Herriko Unibertsitatea)
2011-05-09 : 11:05

"Oihenart I. Aforismoen Lehiaketa" jarri dugu martxan EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak antolatuta, Donostiako Euskararen Udal Patronatuaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzaz.

Eguneraketa. Azalpenak eta oinarriak, zuzenean orain artikuluko testuan-

Helburu nagusia da literatura eta pentsamendua euskaraz eta idazle gazteen artean bultzatzeko, baina lehiaketa irekia da oso, edonork har dezake parte (antolatzaile gabiltzanok izan ezik), eta bilduma bat baino gehiago aurkeztea dago (originalak, anonimoak eta argitaratu gabeak izan behar dute). Generoa zentzu zabalean ulertzen dugu, aurrez aurretik edozein estilo alboratu gabe.

Aforismoak zer diren

Zertarako lehaiketa bat eta zergatik Oihenart

Definizio orokorrik ez badago ere, modu laburraz azaldutako pentsaerak lirateke aforismoak: paragrafo bat edo esaera bat, hitz bat agian...

Aforismoa da ideiak agertarazteko aski den testu osoa baina motza: ez zaio ezer faltako ulertua izateko, ez da beste testu baten puska izango, baina bere moduko beste testuekin batera izenburu bakar baten pean bilduta egoteak testuen esanahia osatuko du. Literatura lan motz-laburrean, adibide ezberdinak, bai ahozkoak baita idatzizkoak, izan dira historian zehar: kontakizun laburrak, herri-ipuin motzak, pasadizoak, errefrauak, esaera zaharrak edo pentsamendu gogoetatsu labur-laburrak... Askotan, esperimentu edo jolas modura agertu ohi dira.

Azken urteotan hazkundea nabarmena izan dute mota horretako lanek: luzera, motzekoa, hitz gutxiei ahalik eta etekin handiena ateratzeko asmoz idatziak. Hitzen ekonomia dela medio, irakasgai didaktikoren bat agertarazteko izkiriaturik zenbaitetan. “Hitz zuhurrak” euskara zaharrean, adierazpenaren zorroztasuna eta indarra lehenetsi dutenak. Hitz gutxitan, filosofiak eta hezkuntzak bat egiteko aukera eman dezakete aforismoek.

Arnaud Oihenart (Maule, 1592 - Donapaleu, 1667) euskal poeta, legegizona, historialaria eta politikaria izan zen. Joan Perez de Lazarragarekin batera, ezagutzen den lehen euskal idazle laikoa. Euskaraz, frantsesez eta latinez idatzi zuen.

Aforismoa idazkera mota bat da non paradoxek, iruditegiek, herri jakintzak eta gogo ariketek aurrera egin dezaketen modu egokian. Paremiologian eta Errefrautan haien moduko asko aurkitu arren (Oihenart-ek jasotakoak horren adibidea izanik), aforismoek berrikuntza dakarte berez, eta sortu berriak behar dute izan. Oso genero literario egokia da saiakerak idazten hasteko, gogamenari berea ematen baitio, idazkerari behar bezalako trataera duina aitortzen diola.

Horregatik, beharrezkoa iruditu zaigu Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak aforismo lehiaketa hau antolatzea, bide batez, Oihenart idazlearen erreferentzia intelektuala berreskuratuz eta hedatuz.

Lehiaketaren oinarriak

EHUko Gipuzkoako Campusaren eta Donostiako Euskararen Udal Patronatuaren laguntzaz, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak iragarri nahi du “Oihenart” izeneko aforismoen lehenengo lehiaketa honako arauen arabera:

  1. Aforismo bilduma gisa, 5 orrialde gutxienez eta 10 gehienez, espazio bikoitza eta 12 puntuko letran euskaraz idatzitako testuak onartuko dira.
  2. Aforismo irabazleak eta finalistak, ahal dela, liburu batean argitaratuko dira. Lehen sariak 600 euro eskuratuko ditu; bigarren sariak, ordea, 400 euro eskuratuko ditu.
  3. Bilduma bakoitza hiru aletan bidali behar da. Ale bakoitza goitizen batez sinatu behar da. Egilea identifikatzeko aukerarik ez da eman behar. Kartazal itxi baten barruan egilearen datuak jarri behar dira, goitizena kartazalean bertan idatziz. Hori guztiari zinpeko deklarazio bat erantsi behar zaio, non adierazten den bilduma originala eta argitaratu gabea dela.
  4. Bildumak eramateko azken eguna 2011ko abuztuaren 31 izango da, honako helbide honetan: *Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko - DEKANOTZA (OIHENART AFORISMOEN I. LEHIAKETA) / Euskal Herriko Unibertsitatea / Tolosa hiribidea, 70 / 20018 Donostia
  5. Epai-mahaia hiru pertsonek osatuko dute: Filosofia/Antropologiako irakasle edo ikasle batek, Hezkuntza Zientzietako beste irakasle edo ikasle batek, eta idazle batek, EIE Euskal Idazleen Elkarteak proposatutakoa. Idazkari lanetan arituko den Lan-batzordekideak ez du botorik izango.
  6. Ebazpena 2011ko azaroan argitaratuko da, bai www.filosofia-hezkuntza- zientziak.ehu.es zientziak.ehu.es/ webgunean bai Fakultateko festa ospatzeko ekitaldian. Ondoren sariak eta liburuaren aleak banatuko dira.
  7. Epai-mahaikide eta Lan-batzordekide dihardutenek ez dute bilduma aurkezterik izango.
  8. Epai-mahaiak araudi honetaz kanpo dagoenaz erabakiko du, Lan batzordearen laguntzaz.

ANTOLATZAILEAK: EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea. Lan-batzordekideak: Antonio Casado da Rocha eta Fito Rodriguez Bornaetxea.

Laguntzaileak: Donostiako Udala, Euskararen Patronatua; eta EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordetza.

Erantzun

Sartu