Teknologia albisteak

Goi tentsioko linea Durangaldean

Erabiltzailearen aurpegia
Durangaldeko AHT Gelditu Elkarlana
2011-04-17 : 13:04

Abiadura Handiko Trenak eragingo dituen txikizioa, xahuketa ekonomikoa eta kalte soziala gutxi iruditzen zaizkie PNV-PSOEko agintari diruzaleei eta beste asmakizun bikain batekin datozkigu orain: goi tentsioko linea.

Durangaldeko AHT Gelditu Elkarlanetik etengabe salatu dugu AHTk bai ekonomiaren bai energiaren aldetik eragingo duen xahuketa. Megaproiektu hau “garapenkeria” atsegin duen sistema kontsumista baten ondorioa da. Sistema horrek, “aurrera” egin ahala, inguruan duen guztia suntsitzen du lekuan lekuko gobernuen eta enpresarien interes ekonomikoen arabera.

Halako azpiegitura erraldoi batek eragingo dituen ondorio ekonomikoez ohartarazi dugu beti, Euskal Herriarentzat gastu neurrigabe horri (9 mila milioi euro) aurre egitea etorkizunerako hipoteka izango dela salatu dugu, eta argi utzi dugu kalte ekologiko ikaragarria dakarrela. Hori gutxi ez, eta beste “ezusteko” bat; Red Electrica Españolaren (REE) arabera, “beharrezko” beste azpiegitura bat AHTk eragingo duen gastu energetikoari aurre egiteko: goi tentsioko linea bat egin nahi dute, 72 kilometroz Araba, eta batez ere, Bizkaia eta Gipuzkoa zeharkatuko dituena. 400.000 watt garraiatuko dituen lineak 24 herritan izango du eragina. Ingurumenarekiko kaltea, noski, hasieran uste genuena baino larriagoa izango da, izan ere, AHT bera oso txikitzailea da eta orain gainera, beragandik eratorritakoen kalteak ere gehitu behar dizkiogu.

Linea horiek egiteak eta mantentzeak ingurumena suntsituko dute kableak pasatzen diren lekuetan: landareak moztu eta kendu egin beharko dituzte 71 metro luze eta 26 metro zabal diren dorreak jartzeko, bideak zabaltzeko eta azpiestazioak eraikitzeko. Horrek denak eragin izugarria izango du lurraren eta landareengan, eta gainera oso arriskutsua izango da lineetatik gertu dauden etxeetako bizilagunen osasunerako eta segurtasunerako. Ez dezagun ahaztu horrelako lineek sortzen dituzten eremu elektromagnetikoek hainbat gaixotasun eragin ditzaketela: alzheimerra, minbizia, diabetesa…

Nabarmentzekoa da Durangaldean kaltetutako zenbait udalen hipokresia. Oraingoan goi tentsioko linearen proiektuarekin ados ez daudela diote, baina ez dezagun ahaztu politikari horietako askok AHT onartzen eta bultzatzen dutela eta zilegitasun osoa ematen diotela. Iurretan adibidez, lineak baserri bi kaltetuko dituela salatu du Iñaki Totorikaguenak, baina, antza, ahaztu egin zaio AHTk ere beste hainbat baserritan duen eragina. Zornotzan ere AHTk baserriak kaltetzen ditu, eta David Latxaga alkateak elektrizitate linea berriaren bidea aldatzeko itxaropenik ez duela besterik ez dio. Halako agintariak ibilbidea lekuz aldatzeaz baino ez dira arduratzen, AHTk eta goi tentsioko lineak kaltetzen dituzten lekuetako bizilagunen arazoei benetan aurre egin ordez. Hau guztia “elite” batzuen interesei lehentasuna ematen dien politika txikitzailearen ondorio garbia da, eta badirudi ez dutela halakorik onartu nahi edo ez zaiela komeni. Gainera, linea honi aurre egiteko, guk hainbat urtetan AHTren aurka erabili ditugun argudioak darabiltzate. Zer gertatzen da? Kalte horiek goi tentsioko lineak egiten dituenean baino ez dira arduratzen, eta ez euren AHT miretsiak egiten dituenean? Gainera, ezkutatu egin nahi dute bata bestearen ondorio zuzena dela? Ala hauteskundeak gainean ditugun honetan lehian dabiltza hipokritago nor den, udaletako jarlekuak ez galtzeko? Gure sistema kapitalistan ohikoa den legez, energiaren gaia ere errentagarritasun ekonomikoaren arabera neurtzen da, eta ez errentagarritasun sozialaren arabera. Hori dela eta, aurre egin behar diegu kontsumismo eta “garapenkeria” neurrigabeek sortutako beharrizan artifizialei.

Goi tentsioko linearen inguruan gehiago irakurri nahi izanez gero, hona hemen Berria egunkarian agertutako albistea.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago