Teknologia albisteak

Euskal zinemaren historiako ezinbestekoak

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-04-12 : 10:04

Mikel Garcia Idiakez Argiako kazetariak Zeluloidezko begiratuak. Euskal Herriko 13 zuzendarirekin hizketan idatzi du; seguru asko, Euskal Herriko zinemagintza modernoaz orain arte idatzi den libururik onena. Tene Mujika beka irabazi zuen Garciak liburu honen proiektuarekin, Debako udalaren diru-laguntza izan du egitasmoa zena gauzatzeko, eta Elkar argitaletxearen eskutik ikusi berri du argia.

Kazetaritza lan sendo bat egin du egileak, erreportaje eta elkarrizketaren teknikak uztarturik; bederatzi atal ditu liburuak, bakoitza zuzendari bati (edo gehiagori) eskainia, eta, liburuaren mamiaz jabetzeko, atal horietako bakoitzaren edukiaren berri ematea izango da egokiena:

  1. Fernando Larruquert eta Nestor Basterretxea, Ama Lur film mitikoaren egileak (elkarrekin beste zenbait lan ere egin zituzten arren).
  2. Antxon Ezeiza, gaztetan Espainian eta gero Mexikon karrera zinematografiko interesgarria egindakoa, baina euskal zinemari dagokionez “Ikuska” sortaren bultzagile eta sortzaile izateagatik nabarmena; berak egin zuen “Ke arteko egunak” ere.
  3. Imanol Uribe, orain 30 urte giltzarri izandako filmen egilea: “Burgosko prozesua”, “Segoviako ihesa”, “Mikelen heriotza”. Gerora ere, film askoren egilea.
  4. Montxo Armendariz, pelikula gogoangarri askoren zuzendaria: “Tasio”, “27 ordu”, Historias del Kronen”, “Bihotzondoko sekretuak”, “Silencio roto”, “Obaba”.
  5. Juanba Berasategi, euskal animazioaren aita eta marrazki bizidunetako film nagusien autorea: “Fernando Amezketarra”, “Kukubiltxo”, “Kalabaza tripontzia”, “Lazkao Txiki”, “Txirrita”, “Barriola, San Adriango azeria”.
  6. Helena Taberna, emakumezko begirada bakarrenetakoa gure zinemagintzan, “Yoyes”, “Berri ona” eta “Nagore”ren egilea.
  7. Julio Medem, mundu pertsonal baten sortzailea, guztion imajinarioa aberastu diguna: “Behiak”, “La ardilla roja”, “Tierra”, “Los amantes del círculo polar”, “Lucía y el sexo”, “Euskal pilota. Larrua harriaren kontra”, “Caótica Ana”, “Room in Rome”.
  8. Koldo Almandoz, film laburren egile eta aldezle nagusia gure artean: “Razielen itzulera”, “A dar ba kar”, “Belarra”, “Amuak”, “Midori”, “Ahate pasa”.
  9. Asier Altuna eta Telmo Esnal batetik, hainbat laburrez gain “Aupa Etxebeste!” laudatuaren zuzendariak, eta Jon Garaño eta Josemari Goenaga bestetik, “80 egunean” ederraren sortzaileak.

Ez daude Euskal Herrian zinema egin duten guztiak, baina dauden guztiak dira agertu beharrekoak. Halaxe dio Mikel Garciak berak hitzaurrean: “Ez da zeluloidearen errepaso historikoa; baizik, modu batera edo bestera, pelikularen batekin edo euren estilo pertsonal eta bereziarekin, Euskal Herriko zinemaren abenturan arrastoa utzi duten zuzendarien hautaketa bat. Kanpoan geratu denik bada, baina irizpide, filosofia eta asmo ezberdinei segika, euskal zinemaren industria balizko baten bidean euren harri koxkorra utzi duten zinemagileak dira lan honetan ageri direnak, jorratu dituzten gaiengatik eta aurrera atera dituzten proiektuen garrantzi eta kalitate onagatik. Zinemagintzaren puzzlea osatzen joateko, ezinbesteko piezak eskaintzen ditu liburuak.”

Liburuaren irakurketa plazer bat da, egileak beren filmez mintzatu ahala fotogramaz betetzen doakigulako burua, eta pasadizo jakingarriekin batera gogoeta sakonak ere

eskaintzen dizkigutelako. Horrez gain, Argiako kazetariak tesirik planteatu nahi ez duen arren, “euskal zinemaren” izateaz edo ez izateaz ere beren ikuspegia ematen digute batzuek eta besteek: Euskal Herrian egindako filmak dira euskal zinema? Gaiaren euskaltasuna aski da kategoria hori lortzeko? Euskaraz filmatuak izan behar dute? Eztabaida horri garrantzia ematen diote batzuek eta lehentasuna filmak egiteak duela defendatzen dute beste batzuek.

Horrekin guztiarekin, kronika lan mardul eta aberatsa dugu esku artekoa, Tene Mujikak aurretik osatua duen zerrenda dotoreari (Ramon Olasagastiren “Mendiminez”, Alberto Barandiaranen “Postkronikak”, Imanol Muruaren “Loiolako hegiak”) beste ale eder bat eransten diona.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago