Teknologia albisteak

Larry Trask euskaltzainaren omenezko hitzaldia Birminghamen

Erabiltzailearen aurpegia
Xabi Paya
2011-03-28 : 10:03

Hitzaldia urtero antolatuko du Birminghamgo Unibertsitateak Etxepare Institutuarekin lankidetzan; lehen hizlariak Mari Jose Olaziregi eta Amaia Gabantxo izango dira eta Euskal Literaturaz jardungo dute.

Birminghamgo Unibertsitateak, Robert Lawrence Trask euskaltzain estatubatuarraren izena eta lana goraipatzeko asmoz, euskal gai jakin baten inguruko hitzaldia antolatuko du martxoaren azken astean, ikertzailearen heriotzaren datarekin bat eginik. Lehen hitzaldia 2011ko martxoaren 30ean izango da eta bertan Mari Jose Olaziregi Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak eta Amaia Gabantxo University of East Anglia unibertsitateko kideak parte hartuko dute. Estraineko hitzaldiaren gaia Euskal Literatura izango da. Hitzaldia Etxepare Institutuarekin lankidetzan antolatu du erakunde ingelesak.

Robert Lawrence Trask (1944-2004) Hizkuntzalaritzako katedraduna izan zen Sussexeko Unibertsitatean, baita euskaltzaina ere. Haren lanak oinarrizko erreferentziak dira euskal hizkuntzalaritzan. Haren ekarpen paregabeen artean daude Towards a History of the Basque Language (1995) eta The History of Basque (1996) lan akademikoak, eta ikerketa-lan orokorragoak: A Dictionary of Grammatical Terms in Linguistics (1993); Language Change (1994); Language: The Basics (1995); eta A Dictionary of Phonetics and Phonology (1996).

Euskal Literaturaz

Lehen Professor Robert Lawrence Trask hitzaldiak bi atal izango ditu. Lehenbizikoari izenburu hau jarri dio Mari Jose Olaziregik: “Waking the Hedgehog, Waking the Nation: By Way of Introduction to Basque Literature”. Hitzaldiak euskal literaturaren historiaren ikuspegi orokor bat ematea du helburu, baita egungo egoera literarioaren diagnostikoa egitea ere. Horretarako, Bernardo Atxaga idazlearen hitzez baliatuko da, hark euskal literatura lozorroan luzaroegi egon den triku batekin konparatzen baitu: zorionez, animaliak esnatzea lortu du XX. mendean. Olaziregin ondoren, Amaia Gabantxok hitzaldi hau aurkeztuko du: “Hedgehogs, Seagulls, Roses, Elephants and the Moon: hand in hand with some contemporary Basque poems”. Gabantxoren berbaldia euskal literaturaren ahots poetiko garaikide onenen bitartez egindako bidaiaren irakurketan datza.

Trask eta Birmingham

2009an, Birminghamgo Unibertsitateak Britainia Handian topa daitekeen euskarazko lan-bilduma handiena eskuratu zuen: Sussex-eko Unibertsitatean irakasle izandako Larry Trask hizkuntzalari amerikarraren ondarea dohaintzan eman zion haren alargunak. Bildumak ehun bat liburu biltzen ditu, Etymological Dictionnary of Basque edo The History of Basque bezalako maisulanen egilearen bulegoa betetzen zutenak. Liburuen artean euskal fonologiari buruzko eskuizkribu bat ageri da, ziurrenik argitaratu gabea. Birminghamgo Unibertsitatea Trasken funtsa katalagotzen ari da jadanik; katalogazio lana amaitutakoan,eskuizkribuak transkribatzeari ekingo dio.

Erantzun

Sartu