Teknologia albisteak

Kultura ondarea, hautemangarri eta hautemangaitza saria, ALBErentzat

Erabiltzailearen aurpegia
Algortako Bertsolari Eskola (ALBE)
2011-03-26 : 08:03

Joan zen astelehenean banatu ziren "Aixe Getxo" sariak Fadurako polikiroldegian. Jende andana batu zen Getxon egiten den kulturari lotutako saridunei gorazarre egiteko. Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) Kultura Ondarea, Hautemangarri eta Hautemangaitza kategorian eskuratu zuen saria. ALBEko lehendakaria den Trino Azkoitiak gure herrian bereizten duen Aixerrota jaso zuen.

Lehen urtea da Getxoko Udalak "Aixe Getxo" sariak banatzen dituela. Imanol Landa alkateak zera adierazi du:

Udalerrian kultur munduaren hainbat arlotan, pertsonek eta ekimenek sortutako jardueren lana, konpromisoa eta zabalkundea azpimarratzeko asmoarekin sortu dira.

Getxoko Kultura zinegotzia den Koldo Iturbek beste hau esan du:

Goraipamen hauetan normalean egiten diren estereotipoetatik ihes egin nahi izan dugu eta saritu nahi izan ditugu kultura munduan, kontzeptu zabalean, lan egiten duten pertsonak: Arte Eszenikoetatik Baloreen Hezkuntzara; Musika Klasikotik Arkitekturara edo Literaturatik Zientziara edo Berrikuntzara.

Epaimahaia kulturaren munduarekin harremanak dituzten hainbat getxoztarrek osatu dute. Sari ematea martxoaren 21ean izan zen Fadurako Areto Nagusian. Saria, gure eskolako lehendakaria den Trino Azkoitiak jaso zuen, eta esker ona adierazteko, jarraian transkribatuta duzuen bertsoa bota zuen:

Eskerrik asko sariagatik

baina beste hau be entzun:

gu ez garela besterik gabe

sari honen bila jardun.

Bada sari bat nahi gendunkena:

Getxo herria euskaldun.

Denon saria degu hau eta

ea irabazten dugun.

Algortako Bertsolari Eskola (ALBE)

ALBE 1980an sortu zen bertsolaritza Getxo eta bere inguruetan zabaltzeko eta sustatzeko asmoz. Egun hiru esparrutan egiten dugu lan:

  • Hezkuntza ez arautuan: Bertso-eskola
  • Hezkuntza Arautuan: Getxo, Leioa eta inguruko ikastetxetan
  • Bertsolaritzaren sustapenean: Saioak eta jaialdiak.

Azkenengo urtetan bertso-eskolan lau-bost talde izan baditugu ere, aurten Bizkaiko Txapelketa jokatu den honetan, sei talde osatu ditugu 2010-11 kurtsoaren hasieran, haietako bi txapelketari begira. Kontuan izan behar da Bizkaian zehar izandako azken kanporaketetan Algorta eta inguruko zazpi lagun sailkatu zirela. Bestetik, 700 ikasle inguruk hartzen dute parte Getxo, Leioa eta inguruko ikastetxe eta institutoetan ALBEk abian jarri dituen proiektuetan.

Urtean zehar hogeitik gora saio antolatzen ditugu. Euskal Herri mailako bertsolariak, eskolako eta eskualdeko bertsolariekin uztartzen ditugu. Horrekin batera, Getxoko auzo guztietako jaietan saioak antolatzen ditugu hemengo eta kanpoko bertsolariekin. Herria bertsozaletzeko ezinbestekoa da non zaletua izatea, hau da, saioak, jaialdiak eta emanaldi bereziak antolatzea. Urtean zehar 6.000tik gora lagun izaten dira ALBEk antolatutako saioetan. 2009a urte garrantzitsua izan zen ALBEren bilakaeran. Gure 30. urteurrenari begira, gogoeta urtea izan zen. 2010eko abenduan bestetik, Algortako kasinoan AHOBI Galan izeneko ekitaldian, Trino Azkoitia eta Joseba Santxok ehundik gorako bertsozale eta lagunen esker ona jaso zuten, duela 30 urte ALBE sortu zutenean ekin zioten lanari merezi duen aitortza eginez.

Erantzun

Sartu