Teknologia albisteak

Gipuzkoako Foru Aldundiaren itzulpenen datu basea, libre

Erabiltzailearen aurpegia
Gipuzkoako Foru Aldundia
2011-03-22 : 11:03

Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki du bere itzulpenen datu basea askatu eta eskumen publikoan jartzea. Guztira 28.000 dokumentu inguru dira, 520.000 bat itzulpen segmentu edo esaldi. Gehienak, gaztelaniaren eta euskararen arteko itzulpenak dira. Datuak Creative Commons (Aitortu) baimen batez ipintzen ditugu.

Ezaugarriak

Ezaugarriak

Gure itzulpenen datu basea, 2006az geroztik elikatzen duguna, askatzea erabaki dugu. Ordenagailuz Lagundutako Itzulpeneko (OLI) tresnen bidez landutako itzulpenak direnez, segmentu lerrokatuz osatutako datu base bat da. Itzulpenen datu basea oinarri delarik, bi erabilera eskaintzen ditugu:

  • Bilaketa: terminoak aurkitu, itzulpen segmentuetan.
  • Itzulpen memoria fitxategiak eskuratu, itzulpen laguntzarako Wordfast, SDL Trados edo antzeko programekin lan egiteko.

Etengabe eguneratzen dugu itzulpenen datu basea; eduki bizi bat dauka, Aldundiak itzultzen dituen dokumentu esanguratsu guztiak datu basean sartzen baititugu.

Horregatik, ez ditugu itzulpen memoria fitxategi finko batzuk eskaintzen, baizik datu base dinamiko bat, une bakoitzeko edukiarekin kontsultak eta fitxategiak sortzeko ahalmena duena.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren itzulpenen datu basea helbide honetan dago: www.gipuzkoa.net/imemoriak

Eskumen publikoan

Datu publikoak eskumen publikoan jartzeko irizpideari jarraitu nahi dio Gipuzkoako Foru Aldundiak. Lehendik urrats garrantzitsuak eginak ditu bide horretan. Besteak beste, geolokalizazio datuak (Gipuzkoako Datu Espazialen Azpiegitura) libreak dira.

Creative Commons baimenaren babespean ipini dugu gure itzulpenen datu basearen erabilera; zehazki Creative Commons-en Aitortu 3.0 Espainia baimenaz babesturik dago.

Baimen horrek askatasuna ematen du:

  • webgunearen edukiak (testuak, irudiak edo dokumentuak) kopiatu, banatu eta jendaurrean hedatzeko;
  • eduki horietatik abiatuta lan edo eduki eratorriak egiteko.

Baldintza bakarra da, beti, edukien jatorria aitortzea. Baimen horren babesa aplikatzen zaie, bakar-bakarrik, itzulpen memoriako fitxategiei, baina ez memoriaren barruko itzulpen segmentuei.

Beraz, itzultzaile batek lasai asko erabili ahal izango ditu gure datu basetik ateratako itzulpen memoria fitxategiak, bere itzulpenak lantzeko.

Itzulpenen datu basea, itzultzaileen esku

Itzulpenen datu basean diren datuak itzultzaileen esku ipintzen ditugu. Lehenik, Gipuzkoako udaletako itzultzaileek izan dezakete onura handiena. Bigarrenik, beste herri erakundeetako itzultzaileentzat baliagarri izan daitezke. Eta hirugarrenik, itzulpen lanetan ari diren profesional gehienek tresna lagungarri bat gehiago izango dute.

Datu pribatuen babesa

Itzulpenen datu basea eskumen publikoan uzterakoan, zorrozki bete dugu 1999ko abenduaren 13ko 15/99ko Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa. Datu pribatuak (pertsonen izenak, telefono zenbakiak, posta helbideak, autoen matrikulak, kontu korronteak, helbide postalak, nortasun agirien zenbakiak…) ordezturik ageri dira.

Ordeztutako hitz bakoitzaren lekuan, A letra ageri da; zenbaki bakoitzaren lekuan, 0.

Lankidetza teknikoa

Gipuzkoako Foru Aldundiaren itzulpenen datu basean oinarritutako aplikazioa UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroaren laguntzaz prestatu dugu.

Bi erakundeen artean hizkuntza naturalaren prozesamendurako baliabideak eta tresnak lantzeko aspaldidanik dagoen lankidetza hitzarmenaren barruan egin dugu.

Erantzun

Sartu