Teknologia albisteak

Prostituzioa lehen planora

Erabiltzailearen aurpegia
GAZTEZULO aldizkaria
2011-03-09 : 11:03

Iheskorra da. badakigu hor dagoela, baina ikusezina da. Bere kontura aberasten dira asko, baina gutxik begiratzen diote aurrez aurre. Prostituzioaz aritu gara martxoko GAZTEZULOn. Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren hamaika heldulekuetako bat.

Prostituzioaren gaineko erradiografia zehatza egitea kasik ezinezkoa da, estalitako jarduera batez ari garelako, estalitako ekonomiaz, estalitako harreman sexual eta humanoez, estalitako baldintzez eta estalitako eskubideez. Lantzean behin elkarte eta erakundeek datuz jositako txosten eta memoriak argitaratzen dituzten arren, lehen pertsonako testigantzetatik abiatzea da zintzoena. Horregatik jo dugu Asier Lekuonarengana, hamar urte pasatxo daramatzalako sexu langileekin harreman zuzenean. Acasgi hiesaren aurkako gipuzkoako taldeko kide da eta, hain justu, transmisio sexualeko gaitzak saihestearen aldeko lanak eraman du oiartzuarra prostituzioan dihardutenen errealitatea gertutik ezagutzera; prebentziorako materiala ez ezik, hepatitisaren aurkako txertoak lortzeko edota HIESaren proba (Hartutako Immuno Eskasiaren Sindromearen proba) egin ahal izateko zita mediko anonimoak errazten baitizkie sexu langileei. Eurekin bakarrik ez, Euskal Herri osoan bera bezala aritzen diren gizarte langileekin eta elkarteekin ere badu hartueman estua. Urtetako esperientzia eta konfiantza bermea dira honetan.

Argazki orokorra

Gurean, bi estatutako arauek baldintzatzen dute prostituzioa, jarduna. Hego Euskal Herrian, Espainiako moldea aplikatzen da eta, beraz, egoera alegalean da. Alegia, proxenetismoa bakarrik zigortzen da; beste pertsona bat prostituitzera behartzearekin dirua irabaztea da penatuta dagoen ekintza bakarra. Bestela, librea da. Ipar Euskal Herrian, aldiz, honetan dabiltzanek jazarpen handiagoa jasaten dute. Edozein kasutan, 80.000 euro inguru mugitzen ditu egunero Euskal Herrian.

Honetan diharduten pertsona guztien egoerak ez dira, inondik inora, berberak. Dena dela, Lekuonak adierazi digunez, Euskal Herrian oraingoz ez da sexu trafikatzaile edo mafiarik identifikatu eta, beraz, gurean jarduten diren sexu langileak beren borondatez aritzen dira; baldintza hobeagotan edo kaxkarragotan, baina beren borondatez. Batzuek kalean egiten dute lan, euren kabuz, prezioak eurek finkatuta eta zerbitzu bakoitzeko %100a poltsikoratuta. Beste batzuk klubetan aritzen dira. Lokal hauek pentsio modura funtzionatzen dute zeinetan sexu langileek, batez beste, 60 eurotan ordaintzen duten gaua eta mantenu osoa. Normalean, hiru edo lau lagunen artean alokatzen dute logela bakoitza eta nor libre da eskaintzen duen zerbitzuari prezioa jartzeko. Pisuetan lan egitea da hirugarren aukera, baina honetan badira aldaera zenbait. Erabat bujabe izan nahi dutenek pisu bat alokatzen dute bezeroekin bertan elkartzeko; irabazien %100 eskuratzen dute baina alokairu kontratua euren izenean sinatu behar dute eta, gainera, pisuaren jabeak egia osoa jakinez gero, dezente garestitu daiteke alokairu kuota. Badira pisu osoa alokatu ordez nahiago dutenak logelaren truke bakarrik ordaindu, lan egin ahal izateko ohea ordaintzea, alegia: 150 edo 200 euro aste bakoitzeko, batez beste; hortik aurrerako irabaziak, eurentzat. Azkenik, badira, baita ere, %50eko sistema darabilten pisuak. Hauetan, partikular batek ordaintzen du alokairu osoa, baina bertan diharduten sexu langileek zerbitzu bakoitzeko irabazten dutenaren %50a eman behar diote. Prezioak, gainera, partikularrak berak finkatzen ditu.

Telebistan eta gainerako hedabideetan maiz entzuten dugu standing altuko prostituzioaz. Galdetuta, Lekuonak ezetz dio, Euskal Herrian ez dagoela halakorik. Nolanahi ere, egia da klub eta etxe batzuetan prezioak altuxeagoak izaten direla batez ere langileak neska gazteak badira. Scort da askotan entzuten dugun beste termino bat, konpainiako pertsonari erreferentzia egiten diona. Ba, antza denez, gurean diharduten sexu-langileen artean ez dago zerbitzu hori bakarrik eskaintzen duenik, baina aldiz, den-denak daude prest sexu hutsa eskaintzeaz haratago bezeroari afariren batera edo beste hitzorduren batera laguntzeko. Seguru aski jazarpena handiagoa delako, mugatik iparralderako euskal lurraldean aktibitatea oso urria da, are eskasagoa nekazal inguruetan. Hendaia aldean egin izan dute saiakerarik pisuren bat finkatzeko baina, oraingoz behintzat, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako bezero gehienek Behobia eta Irun aldera jotzen dute; edo Frantziako hiri handietara eta bidean topatzen dituzten klub argiztatuetara. Etxe gehienak Irun, Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñean pilatzen diren arren, klubak askoz sakabanatuago daude lurralde osoan, errepide nazionalen alboetan eta, bereziki, Madrilerako eta Logroñorako bidean. Kaleko prostituzioa –Bilbon, Gasteizen, Iruñan– oso urria da.

Bezeroak

Kalkulu orokorren arabera, egunero-egunero, klub eta pisu bakoitzera bost bat bezerok jotzen dute, eta, hortaz, batez beste, Euskal Herri osoan 1.600 bezero mugitzen dira egunero. Kalean zer dagoen neurtzea askoz zailagoa da. Hala ere, krisiak dezente murriztu du kopurua eta hauek prostituziora bideratzen duten diru kantitatea. Izan ere, bikotedun bezeroen kasuan bederen, aparteko orduengatik kobratutako dirua edo, nolabait esatearren, etxean aurkeztu beharreko nomina horretatik kanpoko sarrerak erabiltzen dira, normalean, halako zerbitzuak ordaintzeko. Ba, hain justu, diru sarrera horiek desagerrarazi ditu krisiak. Eta hori falta denean… Emakumeen zerbitzuak bilatzen dituzten bezeroak gizonezkoak izaten dira ia %100ean, nahiz eta adinari dagokionez aniztasuna erabatekoa izan: 18 urtetik hasita 80 urte arte. Ezkondutakoek pisuetara jo ohi dute diskrezio bila eta gainera egunez, ez omen delako hain susmagarria. Goizeko etenaldia edo bazkaltzeko tartea probesten dute lantokitik irten eta telefono deia egiteko. Hauetan eskaintzen den giroa lasaiagoa da, bezeroa pisura heldu eta ikusten duena gustuko badu, aurrera egingo du. Klubetan, ordea, gauez egiten dute lan gehiago, eta frogatua dago bezeroek bizilekutik urruneko lokaletara jotzen dutela beti. Hauetan, sexu langileek erakarri eta irabazi behar izaten dituzte bezeroak; badago lehia antzeko bat. Behin bere eginda, goiko logelara igoko dira.

Gizonezkoen eta transexualen zerbitzuak ordaintzen dituzten bezeroak ere gizonezkoak izaten dira neurri handi batean, baina askoz ere helduagoak. Orain arte euren sexualitatea askatasunez bizitzeko aukerarik izan ez eta gaur egun ere giro homosexualeko tabernetan eroso sentitzen ez direnak.

Gustuak gustu, hau ez da bizio merkea: 30 euro inguru 15 edo 20 minutuko gutxieneko zerbitzu baten truke. Batzuek sekulako dirutzak xahutzen dituzte, beste batzuek hilean 30 euro gordetzen dituzte kapritxorako. Enpresari aberatsak eta soldatapeko mileuristak.

Sexu langileak

Gutxi gora behera, 2.700 sexu langilek dihardute gaur egun Euskal Herrian. %95 emakumeak dira, %5 gizonezkoak eta beste %5 transexualak. Gizonek eta transexualek, gainera, kalean edo pisuetan soilik egiten dute lan, klubetan ez. Hona lanera etortzen diren gehien-gehienak, tradizioz, latinoamerikarrak izaten dira, nahiz eta azken bi urteetan nabari emendatu den Errumaniatik, Errusiatik eta, oro har, ekialdeko herrialdeetatik datozenen kopurua. Txinatar bakan batzuk jarduten dira pisutan eta afrikarrak ere –nigeriarrak gehienak– ez dira asko. Azken hauek, gainera, jamaikarrak direla esan ohi dute, afrikarra izatea ez omen delako oso ezaugarri preziatua bezeroen artean. Euskal herritarrak oso gutxi dira eta nahiago dute atzerrira jo. Adinari dagokionean, zaila da zenbakiak ematen ausartzea, denetarik baitago, 18 urtetik hasi eta 65 arte. Baina egia da batez ere klub handietan eskaintza gazte samarra mantentzeko saiakera egiten dutela eta, horregatik, hauetan 20 edo 30 urte izaten da batez besteko adina. Klub txikietan eta pisuetan, aldiz, helduagoak ere aritzen dira. Aipagarria da, bestalde, ekialdetik iristen ari diren neskak bereziki gazteak direla. Nolanahi ere, oro har, azken urteetan jaitsi egin da euskal lurraldean diharduten sexu langileen kopurua, askok kanpora jo baitute –Italiara, Suitzara…– bezero bila. Gutxitu egin da, aldi berean, hilero batez beste irabazten duten diru kopurua. Pentsa, orain dela urte batzuk 25.000 euro ere bildu zitzakeen bakar batek hilabete batean. Orain, asko jota, 8.000 edo 9.000 eurora hel daiteke. Hala ere, %96en hileroko irabaziek gainditzen dute 1.200 euroko soldata arrunt bat. Gizon, emakume eta transexual hauen profil sozialari erreparatuz gero, aldaerak aldaera, patroi edo eredu jakin bat nagusitzen dela ikusiko dugu. Gehien-gehienak ikasketa-maila baxukoak izaten dira –ezaugarri hau are markatuagoa da Errumania ingurutik datozenengan–, eta gainontzeko etorkin gehienak bezalaxe, egoera ekonomiko latz batetik atera nahian heltzen dira gurera. Ez dira gutxi seme-alabak jatorrizko herrietan uzten dituztenak, senitartekoen zaintzapean. Azken hauei hilero-hilero bidaltzen diete dirua lokutorio edo mintzategien bidez, nahiz eta haiek ez dakiten zein den honen benetako iturria. Edo ez dute jakin nahi.

Lan baldintzak

Oraingoz behintzat, gure lurraldean ez dute identifikatu proxenetismo kasurik, ezta ere lokal edo etxerik zeinetan sexu langileek pasaportea erretiratuta eta eskubide oro ukatuta diharduten. Hori bai, %50eko sistema darabilten pisu askok esplotazio kasuen antza handia hartzen dute. Batzuetan, ia-ia 24 orduz egiten dute lan, aisialdirako bi ordu eskaseko baimena besterik ez dute izaten eta, beraz, apenas ateratzen dira kalera haize hartzera. Ordutegiak zeharo nahasita ibiltzen dira langileak, atseden hartzeko ez baitute ganorazko baldintzarik edukitzen: literaz jositako logela bakar batean pilatzen dira denak, gainerako gelak lanerako gordetzen baitituzte. Zenbaitetan, hilabete oso bat igarotzen dute egoera honetan, beste etxe edo herri batera mugitu arte. Hala eta guztiz ere, bada boladaka hala lan egitea nahiago duenik; ardura guztiak gainetik kenduta partikularrari %50a ordaindu eta hura arduratuko baita alokairuaz, iragarkiak jartzeaz...

Osasunari dagokionez, batez ere Bilbo eta Iruñea aldeko kaleko prostituzioan ibiltzen direnen artean, bada droga menpekotasunari eta, oro har, bazterkeria sozialari loturiko kasurik. Baina bestela, datu estatistikoek adierazten dutenez, sexu bidezko transmisioko gaitzei dagokion kutsatze tasa baxu-baxua da, ia nulua. Horrek esan nahi du, bezero askok preserbatiborik gabeko harremanak eskatu arren, langileak honen erabilerarekin oso kontzientziatuta daudela eta guztiz barneratua dutela kondoirik gabe ez dagoela zerbitzurik. Jokabide hau, hargatik, ez dute hain barneratuta beren bizitza pribatuko harremanez ari bagara. Lan esparrutik kanpo, euren jatorrizko herrialdeetako ereduak errepikatzen dituzte eta hauetatik eratortzen dira gaitz eta ustekabeko haurdunaldi gehienak. Kutsatze kasuak pittin bat ugariagoak dira, ordea, gizon eta transexualengan. Batetik, haurdunaldiaren mamua ez dutelako, baina, batez ere, koito analean transmisio arriskua askoz handiagoa delako. Transexualek, bestalde, xiringa ugari erabili izan dituzte inolako kontrolik eta babesik gabe hormonak injektatu ahal izateko edo silikona inplanteak egiteko.

Aterabideak

Dirua. Horixe da Euskal Herrian prostituzioan dabiltzanek argudiatzen dutena; behar ekonomikoa. Galdetuz gero, ia denek diote hau utziko luketela beste lan baterako aukera edukiz gero. Finkatutako helburuak burutu eta gogoan duten diru kopurua bildu ostean lan merkatu normalizatura itzultzeko asmoarekin hasten dira, baina benetako abagunea aurkeztuta, ez dira hainbeste honetatik ateratzeko urratsa egiten dutenak. Acasgi moduko elkarteek egiaztatu ahal izan duten errealitatea da hau. Izan ere, lehenengo bi hilabetetako froga pasatuta, hasierako beldurraren, lotsaren, ahalkearen muga gurutzatuta, erraza sekula izango ez den arren, egokia eta naturala iruditu dakieke beren kabuz lan egin eta halako kopuruak poltsikoratu ahal izatea. Muga gurutzatuta, oso gutxik uzten dute eta, utzita ere, askok betirako izaten dute bada ezpadako lotura hori, garai zailak helduz gero, ustekabe ekonomikoren bat edukiz gero, agenda atera eta bat-batean dirua eskura eduki ahal izateko. Tentazio hori moztea oso zaila izaten da.

Diruak menpekotasun handiak sortzen baititu. Seme-alabei ikasketak ordaindu ahal izateko has daitezke, baina gero, zergatik ez diete ba etxebizitza duina erosiko? Eta autoa? Gainera, sexu langileek egunean egunekoa irabazi eta etxeko txokoren batean gordetzen dute, eta halaxe bizita, aurrezte kontzeptua barneratuta izan gabe, askoz erragazoa da gastatzea. Baina demagun batek ateratzeko konbentzimendua duela eta ez dagoela horretan atzera bueltarik. Zein litzateke, orduan, lan merkatu normalizatura bueltatzeko aukera? Ba, berdintasunean lehiatuko litzateke perfil beretsuko gainerako pertsonekin. Hau da, oso zaila edukiko luke paperik gabeko etorkina delako, emakume delako eta pobrea delako; ez hainbeste prostituzioan ibili izan delako, hau ez baita jardun publikoa. Prostituta bati eginiko elkarrizketarekin osatu dugu erreportajea. Martxoko GAZTEZULOn salgai dago zure kioskoan.

Erantzun

Sartu