Teknologia albisteak

Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen III. Topaketak aurkeztu dira

Erabiltzailearen aurpegia
Udaltop Topaketak
2011-02-26 : 09:02

Aurtengo jardunaldietan "Zer da euskara euskaraz ez dakitenentzat? Haiek euskarara hurbiltzeko, zer eta nola egin daiteke udaletatik?" gaia landuko da. Aurtengo berrikuntza nagusia erakusketa eta azoka izango dira.

Asteazenean, otsailaren 23a, goizeko 12:00etan, Koldo Mitxelena Kulturunean, Lasarte-Oriako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Eudelek eta Kutxak Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen III. Topaketak aurkeztu dituzte. Prentsaurrekoan Patxi Martinez de Marigorta Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria, Estibalitz Alkorta Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zuzendaria, Iñaki Arruti Lasarte-Oriako Udaleko euskara zerbitzuko arduraduna, Jokin Azkue Eudeleko ordezkaria eta Mikel Irizar Kutxako ordezkaria izan dira.

Udaltop topaketen hirugarren edizioa apirilaren 7an eta 8an izango da. Aurten landuko den gaia "Zer da euskara euskaraz ez dakitenentzat?" izango da eta "Haiek euskarara hurbiltzeko, zer eta nola egin daiteke udaletatik?" galderari erantzuna ematen ahaleginduko dira. Aurkezpen ekitaldian, besteak beste, aurtengo egitaraua aurkeztu eta bertan izango diren hizlarien berri eman da. Nabarmentzekoa da aurtengo topaketetan Euskal Herriko hizlariez gain, Katalunia eta Valentziako hizlariek ere hartuko dutela parte, adibidez Josep-Anton Fernàndez Montolík El catalán también es mío gidaren berri emango du. Bestalde, Estibaliz Amorrortuk eta Ane Ortegak euren ikerketaren emaitzen berri emango dute eta "Hizkuntza-politika, euskaraz ez dakitenei begira" izeneko mahai-inguruan Xabier Azanzak (Nafarroako Gobernua), Bernadette Soulek (Euskararen Erakunde Publikoa) eta Lurdes Auzmendik (Eusko Jaurlaritza) hartuko dute parte.

Aurtengo topaketetako berrikuntza nabarmenenak azoka eta erakusketa izango dira. Erakusketa ere Manuel Lekuona Kultur Etxean izango da. Udaltop Topaketek, lehenengo aldiz, hainbat udali beren esperientzien berri emateko aukera eskainiko diete erakusketaren bidez. Bederatzi esperientzia bilduko dira, panel banatan. Gainerako euskara zerbitzuentzat interesgarriak izan daitezkeen egitasmoen berri emango da. Azokan, berriz, sei enpresa, elkarte eta erakundek beren zerbitzuen berri emango dute. Udaletako euskara zerbitzuentzat interesgarriak izan daitezkeen zerbitzuak eskaintzen dituzte enpresa edo elkarte horiek.

Patxi Martinez de Marigorta Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariak, euskaraz ez dakitenen hurbiltze prozesu horretan HPSren ikuspegitik nabarmentzekoak diren bi puntu azpimarratu ditu: «Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen normalizazioa lortzeko ia erabateko adostasuna dago. Alderdi politiko gehienak daude ados, baita herritar gehienak ere. Azpimarratu behar da euskaraz ez dakitenek izan duten eta duten garrantzia prozesu horrekin jarraitzeko. Asko direlako euskaraz jakin gabe euskararen normalizazioa eta euskararen aldeko kanpainak bultzatzen dituztenak. Horien adostasunik gabe bidea askoz zailagoa izango zen. Eskertzekoa da, beraz, haien laguntza. Bestalde, elebitasun hartzailea ere azpimarragarria da. Euskal herritar askok ez dute euskaraz hitz egiten, baina badakite ulertzeko adina; gaztelaniaz egiten diren elkarrizketa asko, beraz, bi hizkuntzetan izan litezke, nor bere aukerako hizkuntzan mintzatuta. Hori Euskal Herrian ez da maiz gertatzen, bai ordea, Katalunian».

Estibalitz Alkorta Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zuzendariak adierazi duenez topaketen helburua Gipuzkoako eta Euskal Herriko udaletako euskara teknikariak urteroko hitzordu batean elkartzea da, herri erakundeetatik euskararen erabilera soziala sustatzeko aurrera eramaten ari diren politikaz hausnartu eta eztabaidatzeko.

Bestalde, nabarmendu nahi izan du 2011ko Udaltop Topaketaren gaia erabakitzeko eta programa prestatzeko prozesuan partaidetza bultzatzen saiatu direla. Alde batetik, udaletako euskara teknikarien iritzia bildu dute, gaia erabaki eta formulazio zehatz bat emate aldera, besteak beste, Gipuzkoako udal teknikarien UETS intranetaren bitartez. Bestetik, topaketen bi egunetan izango diren saio guztietan udal teknikari bat izango da hizlariaren laguntzaile, gidari eta aurkezle.

Iñaki Arrutik azaldu duenez aurtengo gaia interes bizikoa da: «Lasarte-Oria bertatik hasita, beti izan da jomuga bat nola erakarri erdaldunak euskarara. Askotan aritu gara ahalegin horretan eta aurrerantzean ere jarraitu beharko dugu».

Jokin Azkue Eudeleko ordezkariak herri-erakundeek euskararen erabilera soziala sustatzeko aurrera daramaten politikaz hausnartzea eta eztabaidatzea komenigarria dela nabarmendu du. Bestalde, euskararen normalizazioan eta berreskurapenean euskaraz ez dakitenak euskararen unibertsora erakartzea giltzarria dela azpimarratu du.

Kutxako ordezkaria den Mikel Irizarrek hizkuntzaren normalizazioan ere elkarlana behar dela nabarmendu du eta erakunde eta enpresen arteko elkarlana (Lan-Hitz) bereziki aberasgarria dela adierazi du. Gipuzkoan Kutxa-Aldundia-Udalak hirukoan elkarlan interesgarriak sortzen ari direla dio. Bide batez, hori abiatu dutenei eskerrak eman dizkie eta animoak aurrerantzean kudeatuko dutenei.

Aurtengo matrikularen prezioa iazko berdina izango da, 80 € (bi bazkariak barne). Matrikulazio epea otsailaren 24an zabaldu zen eta hilabeteko epean egin beharko dira www.udaltop.com webgunean. Topaketetan aurkeztuko diren ponentziak eta hizlarien curriculumak webgunean zintzilikatuko dira aurretiaz. Erakunde antolatzaile guztiek eskertu dute bereziki garai zail hauetan Kutxak proiektu hau babestu izana, eta zehazki, ohiko topaketen barruan azoka eta erakusketa egiteko aukera eman izana.

Erantzun

Sartu