Teknologia albisteak
2

Pseudo-printze eta printzesa arabiarren harropuzkeria

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo
2011-02-22 : 11:02

Protestek jotako herrialde arabiarretako batzuetan, dinastia errepublikar edo monarkikoak daude kolokan. Dinastia horietako batzuetako kimu gazteenen harrokeria harritzekoa ere izan daiteke. Libian edo Bahrainen ikus daitezke adibideak. Libian, Gaddafiren seme Saif al Islamen igande gaueko telebistako agerpena ikustekoa da, hori da estiloa hori.

Eta Bahrainen... zelako printzesak!

Eta Bahrainen... zelako printzesak!

Bahrainen, familia batek du agintea, azken 200 urteetan, Al Khalifatarrak dira. Oraingo erregea lehen emirra zen, baina erabaki zuen beren uhartea ez zela areago emirrerri izango, eta orain erresuma direnez, ba bera errege. Haren osaba bat da lehen ministroa, eta beste ministro batzuk ere Al Khalifatarrak dira. Horrez gain, jende hau sunitak dira, eta gutxiengoa izanik (%3o vs xiiten %70), erabat kontrolatzen dute beren estatua: xiitak ezin dira armadaren parte ere izan, New York Times-eko kazetari batek bertatik dioenagatik.

Bahraingo Al Khalifa familia zabala da, eta denetarik dago, baita mundu zabaleko bizitzara ohitutako printzesa gazteak: horietako batzuen Twitterreko jardun harroputz eta argigarriari erreparatu dio Ryan Oakley izeneko idazleak bere blogean, eta luze idatzi du horretaz, pantaila irudi eta guzti.

Ryan Oakleyk bi neskaren tuitak bildu ditu bereziki, Thajba Al-Khalifa certified princess edo printzesa zertifikatua, bere Twitterreko profilaren arabera, eta Juju al-Roumi. Azken honek tuit irekiak ditu, baina izena ezkutatu du, eta bere profil azalpena aldatu:

  • Lehen: Bondafied seniorita, Art fanatic, Fashionista...
  • Orain: God, The King, The Kingdom of Bahrain !!!

Aristokrata hauen zabarkeria ezagututa (beste hainbat adibide Twitterreko zerrenda honetan), eta Bahreinen manifestari baketsuak nola tratatzen dituzten ikusita... ez dut uste asko komentatzekorik geratzen denik.

Libiako egoerari dagokionez, Wikileaks-ek zabaldu ditu kableak duela urte pare batekoa non espekulazioak ageri diren, ea Gaddafiren zein semek hartuko ote zuen aitaren lekua. Azkenean, telebistako agerraldi horregatik esan daiteke Saif al Islam zela aukeratua, nahiz eta ikusteko dagoen noraino iritsiko den bere dinastiaren eta erregimenaren agintea. Diotenez, aberastasun ikaragarriko gizona da Saif al Islam, eta urtebetetze-jaiak halako jendilajearen egin ohi ditu.

Jarraipen politikorako, gauza bera zuen buruan, nonbait, Hosni Mubarak Egiptoko presidenteak, bere seme Gamal ematen baitzuten gehienek hurrengo agintaritzat, harik eta Tahrir plazako erreboltak behera ekarri duen dinastia hura. Orain Gamal Mubarak non dabilen ez dago argi.

Oinordekotza dinastikoak gertatzen dira, logikoki, erregimen monarkikoetan (Maroko, Saudi Arabia, Jordania eta Golkoko emirrerriak), baina errepubliketan ere izan dira. Sirian Hafez el Asad presidentea hil zenean, Bachir el Asad bilakatu zen agintari goren. Han dago oraindik.

Erantzunak

Sustatu
2011-02-22 : 12:06

Libiako egoera jarraitzeko, Al Jazeeraren ingelesezko webguneko live blog edo Libiako blog bizi hau irakurri daiteke.


Oro har, Al Jazeera izango da seguruenik protesta arabiar hauetan guztietan ondoen informatzen ari dena.


eli
2011-02-22 : 12:29

Bizitza parodia dela zioen filosofoak. Fernando Savaterrenaren ondoren, Saif Gaddafirena adibide ona da. Libiako herritarrak azken bala agortu arte hilko dituela dioen morroiak doktore-tesia egin zuen London School of Economics unibertsitatean. Adi tesiaren izenburuari: THE ROLE OF CIVIL SOCIETY IN THE DEMOCRATISATION OF GLOBAL GOVERNANCE INSTITUTIONS: From Soft Power to Collective Decision-Making?


Estekan duzue PDF-a, barre egin nahi baduzue.


Erantzun

Sartu