Teknologia albisteak

OEEk Agote Sariaren 11. edizioa, “Giza Fisiologia Farmazialarientzat” lanerako

Erabiltzailearen aurpegia
Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea
2011-02-12 : 10:02

OEE euskara osasun-arloan sustatu eta bultzatzen duen elkartea da, euskararen erabilerari eutsiz, irakaskuntzan, heziketan, eta lan-zentroetan, arloko profesionalen artean erabilera bultzatuz eta indartuz, osasunari buruz euskaraz idatzitako aldizkari eta argitalpenen sorrera lagunduz, helburu eta jarduera horiei dagozkien ekitaldiak (hitzaldiak, mahai-inguruak, etab.) antolatuz, eta era guztietako erakunde, elkarte, entitate edo partikularrekin lankidetzan arituz.

Helburu horien barruan, OEEk Agote Saria, osasunarekin lotutako ikasgai ezberdinen euskarazko testuen sormena eta argitalpena bultzatzeko sortu zuen.

Jose Antonio Agote Jemein gaztetatik kezkatu zuen euskarak. Osasun-arloan euskara bultzatzeko eta garatzeko ahaleginak egin zituen, bai pazienteekin erabiliz, bai zenbait dokumentu kliniko idatziz, etab. Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko bazkide izan zen bere sorreratik, ekintza guztietan parte hartu, beraien antolakuntzan lagundu eta inguruko profesionalak erakarriz. Gaixo egon arren, ez zuen oztoporik izan 1999an Donostian "Genetika eta Osasuna" izenburuarekin egin ziren jardunaldien antolatzaile-lanetan ibiltzeko. Horregatik OEEk bere omenez sortu zuen sariketa hau, bere ametsak lortzen saiatzeko lanean jarraitzeko.

Agote Sariaren azken edizioan, 11.ean, irabazleak EHUko Farmazia Fakultateko irakasleak izan dira: Jon Zarate Sesma, Monica Gallego Muñoz, Enrique Etxebarria Orella eta Oscar Casis Saenz 'Giza Fisiologia Farmazialarientzat' lanarekin.

Egileei dagokionez Enrique Etxebarria Orella eta Oscar Casis Saenz EHUtik medikuntzan doktoreak dira. Biak dira Fisiologia Departamentuko irakasleak. Monica Gallego Muñoz EHUtik biologian doktorea da eta Enrique eta Oscar bezala Fisiologia Departamentuko irakaslea ere. Jon Zarate Sesma EHUtik Farmazian doktorea da, Farmazia eta Teknologia Farmazeutikoa Departamentuko irakaslea izanik ere. Lauek Gasteizko Farmazia Fakultatean irakatsi eta ikertzen dute.

“Lana orokorrean medikuntzaz aparte osasun-zientzien arloko beste edozein gradu ikasten ari den orori zuzenduta dago (erizaintzako ikasleak, farmaziako ikasleak, psikologiakoak,...). Dena den, eskuliburu hau era espezifikoago batean farmazia ikasketak burutzen ari diren ikasleengan pentsatuz idatzi nahi izan dutela adierazi dute irabazleek. Kasu honetan, EHUko Giza Fisiologia Farmazia Fakultateko 2. mailako ikasleei zuzendua dago, 2. mailan ikasten baitute gai hau.

Egileen iritziz “lanaren helburua orain arte argitaratuta dauden Giza Fisiologiako testu-liburu gehienak oso sakonak eta luzeegiak direla deritzogu eta proiektu honekin farmazia fakultateko ikasleei egokitutako esku-liburua egin nahi dugu. Esku-liburu honetan, gure ikuspegitik farmazialari batek fisiologiaz jakin beharrekoa azaltzen dugu, erabilgarria izango ez zaion informazioa saihestuz. Era berean, euskaraz Giza Fisiologiaz testu oso gutxi egonik, euskarazko ikasmaterialen sustatzean parte hartu nahi dugu, horretarako Agote Sariak eskainitako aukera aprobetxatuz.”


Erantzun

Sartu