Teknologia albisteak

San Blas opila, Txino-dendetako panpinek eskumako eskuan daramaten zera hori

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2011-02-03 : 10:02

Txinatarren dendetan zorte ona ematen duten katuak saltzen dituzte, Maneki Neko izeneko katu ezagunak japoniar eskulturan. Ezkerreko eskua mugitzen duten bitartean, zerbait eusten dute eskumako eskuarekin, Eibarko San Blas opila dirudien zerbait. Gaur da, hain zuzen, San Blas eguna, Eibarren opilak bedeinkatu eta jateko eguna.

Txino-dendetako katuek Sanblasa daukatela Luistxo Fernandezen alabak deskubritu zuen:

Alabarena entzunda, pentsatu nuen, igual apaingarri jarri diote opiltxo bat altzoan eskaparateko katu horietako bati... Baina, ez, ez zen hori, esan zidan alabak. Ez nuen ulertzen, eta misterioa argitu aldera, proposatu nion: Goazen bada, katu sanblasduna ikusi duzun txino-denda horretara. Eta joan ginen batera, eta bai, eskaparateko katuak sanblasa zeukan.

Txino-dendetako katuek Sanblasa daramete esaldi horrek lagun batzuk bildu ditu Facebooken. Baina zale gehiago ditu San Blas opilak, 200etik gora. San Blas lovers taldea ere badago Facebooken.


Jatorrizkoa: Copyright, erakunde publikoena Egoibarra.com

Koban txanpona

Katuak eskumako hankan daukana ez da benetan Sanblasa, noski: antzinako txanpon japoniar bat da, Koban izenekoa (小判), arrautz formadun urrezko txanpon bat. Duela 400 urte inguru erabili zuten estreinakoz, eta 1868an utzi zioten erabiltzeari, Meiji berrezarpenarekin.

Koban txanponaren balioa ryō 1ekoa zen, baina Maneki Neko katuak daukanaren balioa 10 milioi ryō-koa da. Horregatik lotzen omen dute katu kutun hau zorte onarekin eta osasunarekin.

Pokémon-eko Meowth pertsonaiak ere koban bat darama kopetan, eta pertsonaia horren eraso ezagunena den Pay Day beste izen batez da ezaguna japonieraz: Neko ni Koban.

Neko ni koban (猫に小判) esaera japoniarrak "Katuari koban bat eman" esan nahi du, literalki, eta bere esanahia da ez duela merezi balio handia duen zerbait ematea zerbait hori baloratzen ez dakienari.

Katuaren izenaren esanahia

Eskua mugitzen dute panpin hauek, agurtuz egongo balira bezala, baina deika ari dira benetan: Mendebaldean ez bezala, Ekialdean goitik behera mugitzen dute eskua hurbiltzea eskatzeko. Horregatik esaten da katuak dendetara, tabernetara eta bestelako negozioetara sartzeko gonbitea luzatzen duela. Hortik datorkio, hain zuzen ere, katuaren izena: Maneki Neko.

Maneki (招き) maneku (招く) aditzetik dator: "sartzeko gonbitea egin" esan nahi du, Wikipediaren arabera. Neko (猫) hitzak, berriz, "katua" esan nahi du. Horretara, Maneki Neko da sartzeko gonbitea egiten dizun katua.

Horrez gain joarea ere izaten dute katuok, tradizionalki portzelanaz edo zeramikaz egindakoa. Gure dendetan saltzen dituzten katuek plastikozkoa izaten dute, panpinaren gainontzeko piezak ere plastikozkoak izaten diren bezala. Kaskabilo horren funtzioa ezpiritu txarrak uxatzea ei da.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago