Sustatu logoa Teknologia albisteak

Ikerketa Google-ren mapekin: jakin daiteke zein egunean aterata dauden argazkiak?

Barnetx
2011-02-03 09:02

Internetek azken urteotan makina bat aplikazio eta webgune interesgarri eskaini dizkigu. Batzuk besteak baino erabilgarriagoak dira. Eta egia aitortu aldera, niri gehien gustatzen zaizkidanetakoak Google Maps eta Google Earth dira. Harrigarria iruditzen zait munduko edozein txoko klik bakar batean muturren aurrean edukitzea. Eta ia eskuekin ukitu arterainoko zoom-a egin ahal izatea.

Bizitzako aurrerapen asko bezala, Google Maps eta Google Earth aplikazioak ere garapen militarrari ertsiki lotuak daude (GPS -a bezala, esaterako), irudiak lortzeko hasiera batean helburu militarrak zituzten sateliteez baliatzen baita Google. Akats bat du ordea, gaur mintzagai dugun aplikazioak: ez dela denbora errealean ikusten. Ez esan ez litzatekeela dotorea izango ordenagailura jo, Australian edo Argentinan bizi den lagunari email bat idatzi bere etxeko atarira irtetzeko esanez, Google Maps (edo Earth) abiatu eta bere etxe gainean zoom eginez, zure laguna bertan ikustea zuri agur-agur egiten eskuarekin.

Bada, momentuz behintzat, Google-k ez du aukera hori eskaintzen. Izan ere mapak argazkiak besterik ez dira, irudi estatikoak alegia. Eta nor ez da inoiz saiatu bere etxe ingurura zoom egin eta bere burua, edo bere autoa aurkitzen? Ni bai. Baina ez da bat ere xamurra hori egitea, ez baitakigu zein urtetan, egunetan edo ordutan aterata dagoen mapan ikusten dugun argazkia, beraz ezin jakin non geunden une horretan, eta ondorioz ezin jakin nondik hasi bilatzen.

Eta hari honetatik tira eginez, joko bat planteatu diot asteburuan neure buruari: saia zaitez Google Mapsen gune jakin baten argazkia noiz aterata dagoen deskubritzen, eta jakin ahal izango duzu non zeunden une edo egun horretan. Ba, tira, deskubritu dut, Donostiako mapa irudikatzen duen argazkia behintzat, nire kalkuluien arabera 2.008ko irailaren 27an aterata dagoela. Nola jakin dut hori?

Hasteko Kursaal jauregira enfokatu dut, eta ara zer aurkitu dudan.

Kanpoaldean jende mordoska bat eta alfonbra larrosa ikusi dut, beraz, Donostiako Zinemaldiaren egunen bat izan zitekeela pentsatu dut. Susmoa baieztatzeko Kursaalaren etxaurrean edo fatxadan eskegita dagoen kartelari erreparatu diot, eta urdin-larrosa kolorekoa dela ikusi dut. Interneten nabigatuz ez zait zaila egin zein urteko edizioa den jakitea, horretarako aurreko urteetako Zinemaldiko kartel ofizialak bilatu ditut, eta uste dut honakoa dela Kursaal kanpoaldean eskegita dagoena (antza behintzat badute, ezta?).

Kartel hau 2.008ko ediziokoa da. Argazkia beraz, 2.008ko irailean dago aterata. Baina posible al da jakitea zein egunetan? Saia gaitezen.

Urte hartako Zinemaldia, kartelean argi azaltzen denez, irailaren 18tik 27ra izan zen. Horrek 10 bat eguneko marjina ematen dit. Beste pista bat beharrezkoa da data zehatza jakiteko. Eta halako batean, Anoeta aldera egin dut kurtsorearekin, ea bertan zer aurkitzen nuen. Eta, ara! Zer da hau? Autobus ilara ederra dago Anoetako futbol zelaiaren kanpoaldean.

Besteak beste, hiru aukera daude hori azaltzeko:

  1. - Realak norgehiagoka dauka
  2. - Donostian manifestazio nazionala dago
  3. - Kilometroak Donostian ospatzen dira

Hirugarren puntua deskartatu egin dut alde batetik datak ez datozelako bat (argazkia irailean aterata dago, eta kilometroak urrian izan ohi dira), eta bestetik 2.008ko Kilometroak Iruran ospatu zirelako.

Hemeroteketan bestalde, ez dut informaziorik aurkitu Donostian 2.008ko iraileko egun horietan izandako manifestazio baten inguruan.

Bota diezaiogun begiradatxo bat beraz, 2.008/2.009 denboraldiko futbol ligako bigarren mailako egutegiari. Guri interesatzen zaizkigun daten artean Realak etxean partida bakarra jokatu zuen. Tira, egutegian hilak 28ko jardunaldia dela dio, baina jardunaldi hartan Realak larunbatean, hau da, irailaren 27an jokatu zuen Anoetan. Noren aurka? Alaves. Amaierako emaitza? 1-1, eta 24. segundotik galtzen hasita gainera, Mikel Erentxunek kronika labur honetan dioskunez.

Hortxe duzue azalpena. Google Mapsek erakusten digun Donostiako irudia 2.008ko irailaren 27tik ez dute eguneratu (Google Earthekin ez dut probarik egin oraindik ezta Google Earthek ere). Hori bai, ez daukat ezta ideiarik ere egun horretan non nengoen…

Pd.- Ez dakit emaitza erreala den, niri behintzat data hori eman dit, baina akatsik egonez gero, abixatu.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu