Teknologia albisteak

Eikenbank: Profesionalak ez direnen talentua erakartzeko ikus-entzunekoen alorrean

Erabiltzailearen aurpegia
Eiken - Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterra
2011-01-25 : 14:01

Eiken - Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak EikenBANK programa jarri du abian aurten ere, laugarren urtez. Programaren helburua, hain zuzen, profesionalak ez direnen talentua lortu eta enpresa mundura hurbiltzea da. Horrenbestez, apirilaren 30era bitarte www.eikenbank.com webgunea zabalik egongo da, gazte sortzaileek telebista saioetarako proiektuak eta ideiak bidal ditzaten.

Programaren helburu lehena, hain zuzen, sektoreko enpresen eta gazte sortzaileen arteko elkarreragina sustatzea da; eta xede hori erdiesteko, aurreko urtearekin alderatuta, hainbat berrikuntza dakartza. Batetik, ideia onenak 2.000 euro eta 4.000 euroko balioa duen prestakuntza beka jasoko ditu; hala, ideia horren arduradunak profesionalki garatu ahal izango du bere proiektua laguntzaileak diren ekoizpen etxeetakoren batean.

Bestetik, aurreko edizioetan aurkeztutako proiektuek erakutsitako geroz eta kalitate handiagoa dela tarteko, 2.000 euroko beste bi sari ere emango zaizkie bigarren eta hirugarren tokian geratzen diren proiektuei. EikenBANKek, gainera, estatuko ikus-entzunezkoen azoka garrantzitsu batean aurkeztuko ditu bi proiektu horiek; hartara, litekeena da ekoizpen etxeren baten interesekoa izatea, eta azkenean, profesionalki ekoitzi ahal izatea.

Hiru sari nagusi horiek, ordea, ez dira bakarrak. Gainerako parte-hartzaileek programan parte hartzen duten enpresekin zuzeneko “Face to Face” topaketak eduki ahal izango dituzte, eta bide horretatik, gazteen eta enpresen arteko elkarreragina sustatuko da. Ekimen honek arrakasta handia izan du aurreko edizioetan, eta hain justu, sariak banatzen diren egunean bertan egin ohi da (aurreikusita dagoenez, ekainaren lehenengo hamabostaldian izango da aurten).

Aurkezpenak eta funtzionamendua Nolanahi ere, programaren fase horretara iritsi aurretik, EikenBANKeko arduradunek aurkezpen kanpaina bikaina egingo dute prestakuntza zentroetan, zinema eskoletan eta unibertsitateetan; hain zuzen, programaren funtzionamenduaren berri eman, eta proiektu hau interesa dakiekeen kolektibo guztiei parte hartzeko gonbita egiteko. EikenBANKen webgunean bertan ikusi ahal izango da noiz eta non egingo diren aipatutako aurkezpen horiek.

Parte hartzeko sistema oso erraza da. Ikus-entzunezko proiektu original bat daukan zeinahi gazte sortzailek har dezake parte; betiere, baldin eta ez badabil lanean edo denbora luzean modu profesionalean lankidetzan sektoreko enpresaren batekin, edukien arloan. Web orri batean daude bilduta programaren oinarriak eta prozedura osoa (www.eikenbank.com), eta horren arabera dago egituratuta ekimen guztia.

Aurreko edizioetan izandako parte-hartzea urtetik urtera handiagoa eta handiagoa izan da, eta horrek dagoeneko bermatu du programaren arrakasta. 2008. urtean, esaterako, EikenBANKen lehenengo edizioan, 27 proiektu aurkeztu zituzten; 2009an, berriz, 55; eta 2010. urtean, azkenik, 67.

EikenBANKek ateak zabaltzen dizkie bai proiektuei, bai gidoiei eta baita ikus-entzunezko produktuen maketa edo lan pilotuei ere (telebistako saioak, lehiaketak, magazineak edo realityak, animazio produktuak, dokumentalak, multimedia edukiak...); baina ezinbestekoa izango da horiek guztiak EikenBANK programak xedatutako egituraren arabera aurkeztea. Era horretan, programako arduradunek proiektuen originaltasuna eta bideragarritasun komertziala hartuko dituzte aintzat, batez ere. Lanak aurkezteko azken eguna apirilaren 30a izango da.

Eikenen ekimen honetan Klusterreko hamaika enpresak hartuko dute parte: 3Koma, Baleuko, Canal Bizkaia, EiTB, Idem, Irusoin, Jarkatza, K 2000, Orio Produkzioak, Signo Digital eta Pausokak, alegia. Gainera, erakundeen babes handia ere badauka; izan ere, Eusko Jaurlaritzak (Kultura Sailaren bitartez), Bizkaiko Foru Aldundiak (Berrikuntza Arloaren bitartez), Bilboko Udalak eta BBK-k (Gazte Lanbidean Fundazioaren bitartez) babesten dute.

Erantzun

Sartu