Ferran Suay eta Gemma Sanginések Sortir de l'armari lingüístic liburua kaleratu berri dute. Katalanez bizi ahal izateko jarrera-gida bada ere, gure hizkuntzan ere erabil daitezke bertan proposatzen diren tresnak eta jarraibideak.
Berez, esan genezake autolaguntza-liburua dela, hizkuntza gutxiagotuetako hiztunoi eskainia, zenbait egoeratan hizkuntza-leialtasunak dakarren estresa arintzeari begirakoa. Jakineko kontua da hainbat komunikazio-egoera estresantea izaten dela hizkuntza gutxiagotuetako hiztunontzat, izan ere, gehienetan ez dakigu aurrean dugun solaskideak esango duguna ulertuko ote duen, eta ulertzekotan, elkarrizketa hizkuntza horretan mantendu nahiko duen. Bestalde, ulertu ezean, agian gure hizketakideak esperoko du desenkusatzea eta hizkuntza komunean aritzea, alegia, hizkuntza aldatzea; eta egin ezean, beharbada kritikatuko du tentsioa eta larritasuna sortzeraino Estresa. Hizkuntza-estresa. Honek nabarmen eragiten du komunikazioaren elkarrekintzan.
Zer egin, bada, egoera honetan? Normalizazioaren bidean, euskaraz bizi ahal izateko baldintza politiko, juridiko, sozial eta ekonomikoak ezinbestekoak dira eta ezagunak zaizkigu. Horiek garrantzitsuak izanik, agian gutxiegi aritu izan gara orain arte pertsonen arteko harremanei buruz (familia, lagunartea, harreman komertzialak, lan-eremua, etab). Gure portaerak, gure hizkuntzarekin leialak izateak, eragin nabarmena baitu hizkuntzaren normalizazioan. Beste zenbaitetan nabarmendu izan dut euskararen erabilera areagotzeko, euskaraz bizi nahi duten pertsona eleanitzen eredua beharrezkoa dela; hauekin batera, hizkuntzaren ezagutza txikiagoa dutenek lagungarriak izango diren urratsak eman behar dituzte, hala jarrerari nola erabilerari dagozkionak. Argi izan behar dugu ez gaudela bakarrik, helburua partekatzen duen pertsona-sare zabala baitugu inguruan.
Arazo sozial baten aurrean gaude eta gure jarrera esanguratsua eta eraginkorra izango da konponbidea adosteko. Honek guztiak aldaketa eskatzen du aldaketa sakona. Ezezagunen aurrean euskaraz egingo bagenu (establezimendu batera sartzen garenean, administrazioetan gestio bat egitera joaten garenean, telefono-konpainiaren zerbitzu teknikora deitzen dugunean, hornitzaile eta bezeroekiko harremanetan ), harrituta geldituko ginateke jasotako erantzun positiboekin, solaskideak agian euskaraz erantzungo ligukeelako edo, euskaraz erantzun gabe ere, ulertu eta jarrera positiboa adieraz lezakeelako. Honek, neurri erraz batekin, izugarri areagotuko luke euskararen presentzia soziala eta erdaldunen artean euskararen beharra izatearen sentsazioa. Zailagoa izaten da ezezagunei euskaraz egitea baino, beste euskaldun batzuekin erdaraz egiteko ohitura dugunean, euskaraz egiten hastea. Horretarako teknikak ere proposatzen dituzte Sortir de l'armari lingüístic liburuaten egileek.
Gure jarduna hizkuntza batean edo bestean egiteak bere ondorioak ditu. Liburuan ez dugu pertsona guztientzat eta egoera guztietarako errezeta magikorik aurkituko; bai, ordea, gure hizkuntza-asertibitatea hobetzeko gida bat. Liburuaren helburua hizkuntza-leialtasuna mantenduz zoriontsuago izaten laguntzea da, egoera horiek sortzen duten estresa ekiditeko tekniken bitartez. Onena izango da nork bere beharren arabera egokitzea eta baliatzea.
Liburu horretan eguneroko bizitzan euskaldunok aurkitzen ditugun egoerei aurre egiteko gida eskaintzen omen dute: Esaterako, euskaraz eskatzen diozunean dendariak aurpegi txarra jartzen dizunean nola jokatu azaltzen dizute.
Primeran dago hori, baina nire ustez, askoz pedagogikoa izango litzateke egoera horiek irakurri beharrean esketx bihurtzea eta hiru minutuko bideotxoak egitea, Interneten jartzeko. Hau da, hizkuntzaren Kung Fu hori irakatsi, era sinpatikoan, baina praktikoan.
ETBk Kerman horrekin inoiz erakutsiko ez diguna egingo genuke, eta, bide batez, txosten eta emendakinaren espiral antzutik aterako ginateke.
P. D. Horrez gain, kamera ezkutuarekin egoera horien bila joan gintezke, eta jokaera gida horiek praktikan jarri, errealitatean zer gertatzen den jakiteko eta erakusteko. Interneten indarra gurekin dago.
Ahaztu zait hau aipatzea:
BERRIAk elkarrizketak egin dizkie hizkuntzaren Kung Fu-aren bi adituoi:
Espainiarrekin pedagogia egin beharrak egin digu kalte gehien
Semaforoa berdean badago, euskaraz egin
Esketxa ikusiko dut eta barre egingo dut seguru. Eskerrik asko sustatu.com eta wazemank.
Wazemankek ez du egingo, Censuriok ez die utziko, ez bada lan ordutik kanpo. Agian Ez Dok Armairu Bikoteatrokoek egin zezaketen (Euskarazetamol, eta Larru Haizetara lanetan ondo erakutsi dute trebeak direla halako esketxetan). Haiek antzerki aldea jorratzen badute hori da lanik handiena beste norbaitek filma dezake. Norbaitek komentatuko al die?
Katalnunian pasa dituzte jada egoera horietako batzuk esketxetara. Plataforma per la llenguak egin ditu: http://www.youtube.com/watch?v=MKyxK8g1t5Q
Liburua salgai daukate Donostiako Hontza Liburudendan (behintzat), Okendo, 4 / 943428289 / tati@hontza.net
Ez horregatik
Bittor