Teknologia albisteak

Sakoneta (37): Berehalako erasorik behintzat ez datorrela ikusita, gaua bertan emateko prestakizunetan hasi dira

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-01-25 : 17:01

uzt. 2 21:15

Berehalako erasorik behintzat ez datorrela ikusita, gaua bertan emateko prestakizunetan hasi dira, baita afari-legea gertatzeko lanetan ere.

–Guk txorixoa daukagu, Gorkaren amonak egindakoa –esan du Ainhoak.

–Salamancakoa –erantsi du Gorkak.

–Eta beganoentzako nahikoa berdura, entsalada egiteko.

–Guk ogia, txokolatea, jamonyor... –Uxunek.

Denek atera dituzte beren hornimenduak, eta mahai faltan baten batek motxila barrenetik erreskataturiko zamau loredun bat zabaldu dute belar gainean, antisistemen konfabulazioa baino gehiago hippyen piknik xarmagarri baten itxura emanez beren artekoari.

–Ura behar dugu –esan du Markelek, antolakuntza beti buruan.

–Guk ardoa eta zerbeza ekarri ditugu –bota du Julianek.

–Edateko ez, edo ez bakarrik. Ura sukalderako behar dugu, ontziak garbitzeko, geure garbitasunerako...

–Jakina.

Kanila irekitzea gure gizarteko keinu automatikoa bihurtu zen aspaldi, ia-ia kode genetikoan irarrita bageneuka bezain barneratua, baina mendian eta alboan iturririk gabe, ez da horren erraza ura lortzea.

–Dauzkagun ontziak hartu eta errekara joan gaitezke –proposatu du baten batek.

–Ezin gara denok joan eta kanpamentua zipaioen esku utzi. Hobe lagun pare batek egiten badu garraioa.

–Joango naiz ni –bota du Andrék.

–Ni ere bai –Uxunek.

–Baina errekako ur hori... fidatzekoa da? –galdetu du Martinak.

Inork ez dio jaramonik egin alemaniarrari, eta topatu dituzten plastikozko ontzi guztiak gainean hartuta urketan abiatu dira Uxune eta André.

–Jo, tia, esan nahi nizun deputamadre egon zarela, gurekin elkartu nahi duzula esan duzunean.

–Ez da ezer. Zuek borrokan egonda, ni ikusle hutsa izatea, ba... ez nintzen ondo sentitzen.

–Hori da zuen lana, ez? Objektiboak izatea, gauzak diren bezala kontatzea...

–Bai. Baina batzuetan kaka bat da lan hori.

–Ya. Imajinatzen dut. Presioak eta.

–Ez bakarrik hori. Badirudi azkenean dena berdin zaizula, jendearen historiak ez doazela zurekin, labain egiten dizutela; momentu batean inplikatu-itxurak egin, baina biharamunean beste istorio batzuetan zabiltzalako.

–Ya. Egia.

Eransteko ezer hoberik bururatzen ez zaionez, adeitasunezko irribarre bat oparitu dio Uxunek Andréri, eta gauza bera egin dio Andrék Uxuneri.

–Eta zu, nondik nora iritsi zara hona? –galdetu du Uxunek, alai.

Eta Bartolo eta Maritxu balira bezala, solas gozoan segitu dute errekara bidean.

Erantzun

Sartu