Teknologia albisteak

Sakoneta (34): Platoan, aurkezleak agurtu ditu ikus-entzuleak, egin die ongietorria partehartzaileei, eta eztabaidarako gaia azaldu die

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-01-22 : 10:01

uzt. 2 22:30

Platoan, aurkezleak agurtu ditu ikus-entzuleak, egin die ongietorria partehartzaileei, eta eztabaidarako gaia azaldu die:

–Gaur bertan izandako gertakaria: Sasiondon, Gipuzkoako Goierrin, AHTren obrengatik desjabeturiko baserri bat hustera zihoazela, aurre egin die ertzainei, agian tiroka, bertako bizilagun Joxe Garmendia Marmittek, ETAko preso izandakoak. Hainbat gai jartzen dizkigu honek mahai gainean, gure gonbidatuei garatzeko proposatuko dizkiegunak: bakarrik eta urrundurik bizitzeak zoraturiko norbaiten aurrean ote gaude? Beren zigorra bete duten terroristek nolabaiteko zaintzapean jarraitu behar ote lukete kaleratu eta gero? Zilegi al da helburu baketsuak omen dituen ekologismoak halako ekintza gutxi-asko bortitzak erabiltzea? Eta azkenik: ETAren berragerpen baten aurrean ote gaude? Eta baiezkoan, zer ondorio izango lituzke horrek? Zuena da hitza, nahi duzuena hasita.



–Azken galderatik hasiko naiz ni, baimena ematen badidazu. ETAren berragerpena ote den galdetu duzu, eta egia esan, oraintxe bertan esku artean dauzkagun datuekin ez dakigu, ez daukagu esaterik baden ala ez den. Baina beste zerbait esan nahi nuke, horren inguruan. Alegia, ETA izan edo ez izan, berdintsu dela, eta berdintsu jokatu behar genukeela: hau da, ez errukirik terroristekin, ez bigunkeriarik terroristen lagunekin. Terrorismoak zer nahi duen ondo asko dakigu: denok belauniko nahi gaitu, bere ameskeria totalitaristak ezartzeko, gizartearen aurrerapena eragotzi eta denok miseriara eramateko. Horren aurrean, demokrata guztien batasuna eta gizarte osoaren babesa behar dugu, poliziak eta epaileek beren lekura eraman ditzaten terroristak eta terroristen lagunak: kartzelara.

–Ni ere guztiz bat nator lagunak esan duenarekin, baina pixka bat harago eraman nahi nuke gogoeta. Hau da, zer dago terrorismoaren atzean, hondoan, azpian? Herriaren kontzepzio esentzialista bat, etniaren goraipamen itsu bat, tribuaren atabismo guztien itzulera. Guztiz garbi ikus liteke kasu honetan. Ez dezagun ahaztu non gertatu den: Goierrin, Euskadi sakonean, ETAren sehaska izandako lekuan. Sasiondokoa zen Jon Arantzegi ere, gaupasa eta parranda egin ondoren bi ertzain akabatu zituen terrorista deszerebratu hura. Errepara diezaiogun baserriaren izenari ere: Sakoneta. Sakon-ETA. Izenak berak esaten digu, ETArik sakonena edo ETArik jatorrena aurkitzen dugula bertan. Berdin da erakunde terroristak honekin zerikusirik ez daukala esaten badu ere: terrorismoa elikatu duen abertzaletasun erradikal eta nazionalismo baztertzailearen humus berberak sortu du gaurko gertakari hau, eta Zuzenbidezko Estatuaren errezeta berberekin erantzun beharko zaie biei.



Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago