Hiru Errege Magoak, Hiru Papa Noelak, Hiru Olentzeroak...
Kontu zaila bihurtu da umeei Olentzeroren berri ematea. Gure denboran, hiru bakarrik Errege Magoak ziren; egun, aldiz, bazar txinatarrek hirukote bilakatu dituzte Olentzero eta Papa Noel. Izan ere, aurten, sakoneko aldaketa ekarri du panpinak balkoietatik zintzilikatzeko modak: trinitate bilakatu ditu Olentzero eta Papa Noel!

Argazkiak.org | Opari ekarle koadrila osoa © cc-by-sa: goioarana
Nola azaldu egoera berria txikiei? Guk, sikiera, izan genuen Errege Magoak desberdintzeko aukera: maiestate bakoitzaren izena, azalaren edo ilearen kolorea, bizarra... ederki ezagutu ere, bakoitzak geure Errege Mago faboritoa geneukan-eta! Baina, zein azalpen eman nonahi hirunaka zintzilikatuta jartzen dituzten Olentzeroren klon txiki horiei? Gure Olentzero ez zen ba, bakarra eta, gainera, handia?
Duda barik, panpin triplikatuen festak irudi bitxiak utziko dizkigu. Guk bi argazki apartatu ditugu Gasteizen egindakoak. Goikoan ikus daiteke azken modak sortu duen gremlins koadrila berria: Hiru Olentzeroak, Hiru Papa Noelak eta Hiru Errege Magoak, denak elkarrekin, etxe batera sartu nahian. Bigarrenean, ostera, hartu du protagonismoa Ipar polotik etorritako txano gorridunak: antza, Papa Noelek hiru semeak ekarri ditu lanera EAEko hiriburura!

Argazkiak.org | Papa Noel-en semeak © cc-by-sa: goioarana
Tradizioa eguneratu, eta afal osteko kantuetako hitzak egokitu beharko ditugu: "Horra, horra, gure hiru Olentzeroak...".
Erantzunak kargatzen...