Teknologia albisteak

Sakoneta (14): "Ta mobida honek AHTrekin du zerikusia?"

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-01-02 : 10:01

uzt. 2 11:55
–Ta mobida honek AHTrekin du zerikusia? –galdetu du emakume gazteak.
Gizon betaurrekoduna urduri mugitzen da, gorputz ataletan dardarizoa balu bezalako ezinegon batean. Une batez pentsatzen egon eta gero, hitz egitea erabaki du.
–Zure periodikoan ere jakingo dute honezkero, oseake, esan egingo dizut. AHT egiten ari diren herri batean, baserritar bat, indarrez etxetik bota nahi zuten ertzainek, eta badirudi aurre egin diela, etxean itxita.
–Aurre, nola? Sardearekin? Aitzurrarekin?

–Ez dakigu. Komunikabideetan tiroak aipatu dituzte, baina ez dugu uste. Ehiza-eskopeta akaso.

–Jo, ba, orain kristorena montatuko da, ezta?

–Txakurrez inguratuta omen daukate etxea, erasoa noiz egingo zain, eta... Eta guk ere hara joatea erabaki dugu. Ez dakit zenbateraino utziko diguten hurbiltzen, baina gure elkartasuna adierazi nahi diogu baserritar horri. AHTren kontrako mugimendu osoaren atxikimendua.

–Baina zuena borroka baketsua da, ezta? Gizon horrena, aldiz, esan didazunez...

–Gu ez gara inor juzgatzen hasiko. Eta are gutxiago toxikatuta iristen den informazioan oinarrituta. AHTren kontrako taldeak erresistentzia zibilaren aldekoak gara. Ekintza baketsuak egiten ditugu, pertsonei inongo kalterik egingo ez dietenak, baina kapitalismoa sistema ustela iruditzen zaigunez, ez dugu uste lapurretaren bidez lorturiko ondasunak errespetatu beharrik daukagunik. Eta, bestalde, AHTren kontu honetan, estatua bera da bortxakeria behin eta berriro erabiltzen ari dena; estatua, eta berarekin eskuz esku ari diren korporazio kapitalista erraldoiak. Batzuek poliziak jartzen dituzte eta besteek guardia pribatuak, baina den-denak doaz armatuta. Horiek dira benetako biolentzia aplikatzen dutenak, eta horren berri ondo dakite manifestazioetan egurtu dituzten herritarrek, edo atxilotutakoan ostiaka erabili dituzten militante ekologistek. Baserritar hau ere, zer da ba? Biktima bat. Gaur arte bere lurrean bizi zen norbait, naturarekin bat eginda, bere arbasoak bizi izan diren moduan, mendez mende. Eta orain estatuak, ez dakit nongo aurrerapen, ongizate edo progresoren izenean, bota egiten du bere etxetik, kendu egiten dio bere lurra, bost sos pagatuta, lurrarekiko harremana ere tratugaia balitz bezala, eta ez zerbait sakonagoa.

Hitz egin ahala gero eta beroago, gero eta sutsuago dihardu gizon betaurrekodunak, aurrean giza aldra oihulari bat balu bezala, eta ez emakume gazte eta txiki bat, boligrafoaren tapoiari kosk egiten diona. Hitzaldia amaitu arte egon da zain berba egiteko:

–Nik ere ba al daukat joaterik baserri alde horretara?

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago