Teknologia albisteak
2

Kapela buruan eta ibili munduan!

Erabiltzailearen aurpegia
leire narbaiza
2010-12-22 : 09:12

Gure aitita-amama denboretan kapela janzten zuena dotorea zen, ez zuelako baserritarren burukorik eroaten (zapi zein txapela). Beraz, kalekoa eta aberatsa izatea adierazten zuen. Honen adibide dugu “Baionako suprefeta” Pantxoa eta Peioren kanta ezaguna. Prestigio sozialaren ikurra zen; izan ere, denek burua estalita eramaten zuten, hori baitzen ohitura.

Denbora aurrera joan ahala, sonbreiruaren erabilera ia desagertu egin zen. Buruko guztiak joan ziren: zapiak, txapelak, kapelerak, pamelak,... Kaskoa estali barik izatea askatasun eta ohitura berri malguagoen erakusgarri bihurtu zen. Txanoak-eta hotz handietan edo hondartzan baino ez ziren ageri.

Pena handia eman dit moda horrek, ni ginbailen (zelako berba polita!) zale itzela naiz-eta. Hori dela eta, beti ahalegindu izan naiz bat edo beste janzten, lotsa handia ematen bazidan ere. Ez dakizue zelan begiratzen duen jendeak kapelu bat jarriz gero! Baita barre egin ere! Barre, alajaina!

Beraz, nire ametsa izan da beti ezkontza ingeles (Cuatro bodas y un funeral-en moduan) edo nobleziaren ezkontza batera joatea. Ascoteko zaldi-lasterketetan ere disfrutatuko nuke, horratik! Badakizue zelako kapela jantziko nukeen?...Itzela, ikusgarria, polita...Txanpinoi bat emango nuke, baina, zer demontre? Zelako gozatua!


Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu © cc-by: Zenera

Horregatik nabil oso pozik negu honetan. Erakusleiho guztiak ginbailez (zelan gustatu zaidan hitz hau!) beteta daude, moda-modan, horretara! Iaz hasi zen txapelen eta gorroen moda, eta hotz handiak egin zituenez, ikaragarri aprobetxatu nuen, baita pare bat erosi ere. Hori dela eta, aurten ondo hornituta nago; eta lastima da, kapela izugarri gustagarriak baitaude. Beharbada, merkealdian...

Hemengo argazkiak (bat izan ezik) neure kaleko denda batzuei ateratakoak dira. Ia guztiak errenkadan, eta parez pare. Erretratuak ez dira oso onak, baina arretaz begiratuz gero, oso buruko originalak eta ederrak ikusten dira.

Nik irakurle guztiak animatu nahiko nituzke txapela/kapela/txanoa/ginbaila janztera, modan ibiltzeaz gain, epel-epel izango dituztelako ideiak eta burua, eta datorkigun neguan biziki garrantzitsua izango delako: Kapela buruan, eta ibili munduan!

Erantzunak

Gotzon
2010-12-22 : 10:48

Kapela janzten ohitu nintzen, orain dela hamar bat urte, eta geroztik kapeladuna naiz, neguan hotzetik eta udan eguzkitatik babestuta. Lehengoan, lagun bati esaten nion, txantxetan, egun hotz batean errazago aterako nintzatekeela etxetik galtzerdirik gabe, kapela jantzi gabe baino.


Klasikoak maite ditut, eleberri beltzetako detektibeen kapela hegal zabalekoak.


Gomendio batzuk, sarean:


  • Stetson amerikarra, klasikoen artean klasikoa.

  • Borsalino italiarra; gaur gazteek janzten dituzte kapela nanoak egiten hasi aurretik, oso kapela klasikoak egiten zituen, eta oraindik baditu batzuk, ederrak.

  • Fernandez y Roche sevillarra, kapela andaluzekin batera, klasiko eder batzuk ere baditu.

Joseba E.
2010-12-23 : 02:37

Bada garaia, ezta?, sonbreiru, txapel eta abarren inguruan aurreritzi, konplexu, muga zein ezjakintasun guztiak baztertzeko. Adibidez, konturatzea euskal txapela aspalditik bihurtu zela unisex edo ikustea zein naturaltasunez eramaten zuen Groucho Marx-ek txapela.



Tira, niri dagokidanez, erosia dut estreinekoz nirea. Ez da txapela, ez. Akaso hurrengo batean. ;-)


Erantzun

Sartu