Teknologia albisteak
3

Jaiotza ala Parke Jurasikoa ote?

Erabiltzailearen aurpegia
Amatiño
2010-12-10 : 12:12

(Jarraian datorren testua iazkoa da, 2009ko abendukoa, baina egilearen baimenarekin, idatzia eta argazkia aurtengo gabonetan ere komentagai izan daitekeela uste dugu. Gaur egungo jaiotzetan ez bakarrik estalpea, idia eta behia agertzen direla, baizik eta baita Olentzero eta, tokatuz gero, dinosaurioak ere ugari.)

Gure ama zenak, Auroritak, sekulako Jaiotzak egin ohi zituen urtero. Bai Margolaneko eskaparateetan (hainbat aldiz irabazi zuen lehen saria) eta baita etxean ere. Eskaparate aurrean jendea gainezka bildu izaten zen ikusteko; etxean, ostera, lau neba-arreba baino ez ginen. Dena guretzat. Gabonak baino astebete lehenago jarri, Errege egun ostean kendu eta hurrengo urterarte. Baina, hori bai, hurrengo urtean guztiz ezberdina, sekula ez gero aurreko urteko kopiarik.

Hilabete lehenago edo ekiten zion amak. Aurrenik kartoi berezia egiten zuen etxean bertan --hainbat egunkari-orrialde elkarrekin arrain-kolaz pegatuz--, eta berak egindako kartoi aproposaz moldatzen zituen gero mendiak, haitzak, errekak, putzuak, leizeak, basamortuak... Oinarrizko orografia osatu ostean komeni bezala margotzen zuen dena (ura urdinez, larreak berdez, harkaitzak arrez...) eta, ondoren, tokian tokiko, eranskinak: hemen errekatxoetatik ekarritako harri koskorrak, hor mendian jasotako goroldio eta landare-hostoak eta han, aldiz, hondartzan bildutako harea.

Hainbat metro karratutako jaiotza demasa egiten zuen, perspektiba eta guztikoa. Horrela ikasi nuen nik zergatik urruneko irudiek hurrekoek baino handiagoak izan behar zuten. Inoiz hainbat ispilu errenkadan parez pare jarriz lortu zuen Belengo portalearen sekulako barne-sakontasuna. Ematen zuen irudiak barren-barrenean zeudela, baina efektu optikoa besterik ez zen. Noiz eta nola ikasi ote zituen trikimailu haiek ez dugu sekula jakingo. Artista zen gero gure amatxo.

Benetako arte-obrak ziren eta, horretara, ikusteko, gozatzeko eta harrotzeko balio zuten baina ez, ordea, jolasteko. Gutako inor ez zen ukitzen ausartu ere egiten. Segurutik gaur egun ez lukete, ordea, pare bat ordu osorik iraungo.

Gure ama zenak ez luke gaur egungo Jaiotzarik ulertuko. Batetik, Haurtxo txikia, Ama Birjina eta San Joseren ordez Olentzaro dagoelako; bestetik perspektika ez delako inondik ere baliorik zainduena, ezta Belengo giroa gehien jagon beharrekoa ere; hirugarrenik bete-betean jolasteko erabiltzen delako eta, jolasteko denez gero, ardiekin, txerriekin eta behiekin batera, Haginzorrotz, Buztanoker eta bestelako dino-senideak tarteko direlako. Auskalo Jaiotza ala Parke Jurasikoa den, baina ez gure txikiei kontrakorik esan. Sinkretismo berria ote?

Jatorrizkoa: Baimenarekin, ©: Amatiño

Erantzunak

Luistxo
2010-12-10 : 14:04

Ni, ateoa izanda, jaiotza sinkretiko hauen aldekoa naiz.



Argazkiak.org | Jaiotza 2010 © cc-by-sa: Luistxo.F


Etxean jarritakoan, ukitu eibartarra ere bai: Sanblasa eskuetan daraman katu txinatarra (bai, bai, japoniarra da izatez, baina bazar txinatarretan aurkitzen da hemen).


Saretik jaitsi dudan The Bing Bang Theory-ko kapitulu batean, Sheldonek proposatzen du Gabonetako zuhaitzean Isaac Newton-en iruditxoa jartzea, goi-goian. Bai, Isaac Newton abenduaren 25 batean jaio zen (Jesukristo, halakorik jaio bazen, ez dakigu ze egunetan), eta ateo batzuek halako Eguberri alternatibo batzuk antolatu izan dituzte horren inguruan, zientzia, jakintza eta natura ospatzeko egun batzuk (umeei azalduz, adibidez, zer den grabitatea).


Markos
2010-12-10 : 14:19

Ermuko Eskilarapeko Ateneoan iaz jarritako "Belen belikoa"



Usoa Agirre
2010-12-10 : 14:27

Aste honetan ikusi dut Bartzelonako taberna baten kanpoan hamsterrendako kaiola bat jaiotza bihurtuta. Bertan zeuden bi hamster, hilaren 25ean Jesukristoren ordez beste hamster txiki batzuk mundura ekartzeko lanetan. Baina hamsterrendako noria eta pipen ondoan, han zeuden belarra, Jesukristo txikia, Maria, Jose eta beste hainbat.


Ez daukat argazkirik, baina baten bat Bartzelonan baldin badago eta jaiotza bizidun hori ikusi nahi izanez gero...: Bar El Bocata


Ez dut etxean jaiotzarik jartzen, beti nahiago izan dut zuhaitza apaindu. Baina Luistxorena gustatu zait. Ideiaren bat hartuko dizut


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago